Gaien monolitismo hura hausteko lehen saioetako bat Lardizabalek herrikide zuen J.I. Iztuetaren (1767-1845) eskutik etorria zen ordurako. Kultur arloa nolabaiteko arrazionalismo-isuriz tindatu nahi izan zuen laiko foruzale (baina ez karlista) hau etnografia eta historia bezalako gai profanoez arduratu zen. Larramendiren tesien ildokoa euskarari eta euskaldunen jatorriari zegokienez, nabaria da halaber haren pisua hizkuntz jokamolde nagusietan (lexikoan, batik bat).
Justiziarekin istilutan ibilia eta kartzelatik igaroa, jakintsu gisara agertuko zen jaioterritik at.
Zenbait olerki ospetsuren egilea bada ere («Kontzeziri», etab.), haren obra garrantzitsuenak honako hauek dira: Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia (1824; dantzen deskribapen zehatza eta arrakastatsua), haren zati izan behar zen Euscaldun anziña anziñako [...] soñu gogoangarriak, beren itz neurtu edo bertsoakin (1827), eta, azkenik, Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia (1847), Gipuzkoako historia antzeko bat, batik bat lurraldearen apologia egiten duena, eta garaikoa eta iragana era zeharo desberdinez tratatzen dituena, alderdi historikoa idazlearen garaiko errealitatearen zutabe eta arrazoi bezala ulertzen delarik.