literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

ANTZE-POESIAREN ESPERIENTZIA:

OIHENARTEN NEURTITZAK

 

        Kontrarreformaren izpiritu estuak ezin biziago zirauen bitartean, eta haren premiek euskaldun (elizgizon) idazleen indar oro arlo erlijiosora bideratuta bazuten ere, ez zen hargatik jorratu gabe geratu esparru laikoa-edo izan zitekeena. Ahozko literaturak aztergai dituen jenero edo azpijeneroez gainera, eta hutsik —lekukotasunik gabe— iritsi zaigun antzerki idatziarena alboratuz, egia da poesiarena izan zela urte haietan argi-izpi distiratsu batez nabarmendu zena. Argi-izpi bat eta bakarra, tamalez, baina garai hartan esparru frantziarrean arnasten zen giro estetikoarekin eta «lantzen» zen poesiarekin bat zetorrena, edo, beste modu batez nahi bada, egokiro uztartzen zena.

        Topiko bilakatu den arren, ezin uka daiteke berebiziko aipamena behar duela Arnaut Oihenartek poesia arloan.

        Batetik poesia parametro estetikoetan planteatu zuelako eta, bestetik, poesia erlijiosoarekin zerikusirik ez duelako, Oihenarten irudia poeta isolatu baten antzera iritsi da literaturaren esparrura. Baina horrezaz gainera, azpimarratzekoa da euskal literaturaren historian lehenengo aldiz aurkitzen den kontzientzia artistiko garbia ekarri zuela zuberotarrak. Eta nahiz eta, batzuen ustez, fruitu poetikoetan asmoetako mailaren parera ez iritsi, argi dagoena da Oihenartena berebiziko ahalegina izan zela poesia ahozkotasunaren arlotik ateratzeko eta norabide berriak irekitzeko. Berebizikoa bezain jarraitzailerik gabekoa, tamalez.

        Oharkizun bat, dena den: Oihenartek Bertran Zalgizen gorazarretan idatzitako hamalaurkun-etik isuri bezala, bai bide zen euskarazko poesia laikoa, Parnasokoa izateko modukoa, lantzen aritu zenik. Zalgizi, esaterako, aitzindaritza eta betegintzarrerainoko lana aitortzen dizkio Oihenarten irizpide zorrotzak poesia arloan. Are gehiago, pentsatzekoa da Zalgizeko semeari luzatzen dion «Eskaldun Poeta» kalifikatiboa ere ez dela gorazarretan hutsalkiro erein ohi diren horietakoa. Tertzetoetako hitzek ez bide dute zalantza izpirik uzten:

 

                Halakotz hik, Zalgiz, Eskaldun Poeta,

                burura behar duk erramu-boneta,

                zeren, nola baihaiz Parnason gainean,

 

                bederatzi ahizpez maiteki hazia,

                heiek erakatsiz hik, gur'adinean,

                burutar'eman duk bertzek doi-hasia.

 

        Guztiarekin ere, ez da Zalgiz protestante zuberotarraren poesia lanik gorde; bai, ordea, betiko desagertzear izan zen haren «erran zaharren» bilduma, Jaurgainek aurkitua eta Urkixok argitaratua.

        A. Oihenarten lanaz denaz bezainbatean, aurrera bedi obra gehiena erdaraz burutu zuela, latinez hain zuzen. Orobat, eta izatez zuberotarra bada ere, nabarmen bedi euskaraz idatzi zituen neurtitzak ez daudela zubereraz, koiné gisako bat izan nahi zuen nafarrera-lapurteran baizik.

        Oihenart (1592-1667) mauletarrak familiakoen tradizioari jarraitu zion lege-ikasketak hautatzean (aita eta aitaordea legegizonak izan ziren). Horretarako Bordelen ikasi zuen (1612-1617).

         Euskal literaturan agertzen den lehen idazle seglarra izan arren, katoliko militantea suertatu zen bizitzan. Eta ez kasualitatez, 1618tik aurrera praktika protestanteekin bukatzeko aukeratu zuten mauletarra

        1627an Donapaleura ezkondurik, hainbat kargu publikotan ibili zen lanean. Azkenik, eta Zuberoako sindiko eta erregearen ordezkari lanetan aritu ondoren, Nafarroako Parlamentuko partaidea eta abokatua izan zen.

        Ezaguna den bezala, euskal historia izan zen haren arreta jaso zuen jakintza arloa. Hark latinez idatzitako Notitia utriusque Vasconiae, tum ibericae tum aquitanicae (Paris, 1638) izeneko liburua bere ekarpen nagusia izateaz gainera, euskal historiografiaren zutarrietako bat izan da arrazoi askorengatik, baina batik bat lehen aldiz mahairatzen delako bertan Euskal Herriaren historia bere osotasunean eta barneko perspektibatik aztertua.

        Literaturari dagokionez, Oihenart lehen kritikari bezala agertuko da euskal letren esparruan. Sakona eta zorrotza, kritika lanak bere poetika propioa idatziz garatzeko aukera ere eskaini zion. Eta nahiz eta kronologikoki aurrekoa izan, poetika haren irizpide nagusiekin bat zetorren obra poetiko estimagarria ere utzi zuen argitaraturik.

        Haren ikusmolde eta praktika poetikoa ezagutarazten dituzten obrak honakoak dira: aipatu Notitia bera, Atsotizac edo refrauak eta O.ten gastaroa neurthizetan (1657; zubereraren eragina erakusten duen lapurtera-nafarreran idatzia) eta L'art poétique basque (1665ean Lapurdiko apaiz bati frantsesez zuzendutako gutuna; 1967ra arte argitaratu gabea).

        Poesiagintzaren ikuspegi teorikoaren lehen berri laburra Notitia liburuaren bigarren edizioan (1656) eskaini zuen Oihenartek, bertan, euskararen lehen gramatikatxo analitikoaren lerro nagusiak marraztu ondoren, bere poesigintzarako oso garrantzitsua zen silaben kantitateari eskainitako atal bat aurkeztu zuelarik. Haren arabera, euskara ez zen egokiegia grekerazko eta latinezko poesia eredugarrian ohi ziren bertso mota zenbait (hexametroak, pentametroak) taxutzeko. Maila konkretura jaitsiz, bertso ezagun bi agertu zituen kritikatzeko, egilearen izena (Etxepare, alegia) aipatu gabe; eta haietaz baliatuz, poesian ezin onartuzkoa omen zen zerbait egin izana leporatu zien orduko «vulgares versificatores» direlakoei: bertso amaierako silaba, berez laburra omen zena, luzatu egiten bide zuten bertso arrak lortzeko. Era berean, neurkera finkatzeko helburuarekin, italieraz eta gazteleraz egin ohi zena proposatu zuen euskal poesiarako, hots, elisioa eta sineresia (sinalefa) salbuespenik gabeko arautzat hartzea.

        Labur izan bazen ere, zinez esan daiteke ezin garbikiago iragarri zuela puntu xume horietan herri bertsogileekiko hausketa eta, orobat, marra lodiz zirriborraturik utzi zuela ondu behar omen zen poesigintzaren norabidea, neurkeraren finkotasuna eta hoskidetasun landu-aberatsa zutarri gisa aldarrikatzen zituena.

        Teorizazio horren garapen modukoa, dena den, ez zen 1665era arte burutuko, eta, edonola ere, argitaratu gabe geratuko zen hiru mendez.

        Gutun gisako L'art poetique basque edo Euskal Arte Poetikoa-n ikus daitekeenez, zuberotarrak sakonki ezagutzen zuen bai bere garaiko poesia europarra eta bai euskaraz argitaratzen zena. Baina besterik ukatu gabe ere, guztiz baliagarria izango zen gutuna Oihenarten teoria hura urte batzuk lehenago burututako praktika poetikoarekin kontrastatzen hasteko eta, bide batez, legegizonak bereizten bide zituen azentu eta kantitate silabikoen egiantzekotasuna ere frogatzeko. Izan ere, euskal azentuari buruz dakiguna gogoan harturik, a priori behintzat ez lirudike haren gainean teorizazio poetiko sendoegirik finka litekeenik (eta egia da Oihenarten jaiotzezko euskalkia dela, baten bat izatekotan, azentu tonikoa arauek agindu tokian gordetzen duen bakarra).

        Baina, horrela izanda ere, 1657ean argitaratua zuen Atsotitzak eta Neurtitzak liburuan ez da beti zintzoki gordetzen sistematikoki aplikatu behar omen zen erregela, hitzen azentuaren arabera bertsoaren kabuan puntua egiteko eman zuena alegia. Antza denez, Oihenarten azentu-pertzepzioa ere ez zen berak uste bezain garbia, eta gutunean ematen zuen aholkuak ere ez zirudien fidagarriegia («ezagutu nahi badituzu zeure belarriari galdeiozu, dudarik gabe beraxek erakutsiko baitizu...»).

        Nolanahi ere den, mauletarraren praktika poetikoa jasotzen duen azken liburu honek, gaztarokoak omen diren neurtitzez gainera, baditu bere baitan —harrigarriro egungo irakurleontzat— neurtitzen printzipioekin kontrakarrean edo leudekeen atsotitzak (706 hain zuzen, frantseseko itzulpenarekin; 892 errefrau, 1665eko edizioko berriak gehituz gero [1]).

        Izan ere, liburuaren lehenengo partean, ahozko tradizioaren bitartez iritsitako herri jakituria biltzen duten errefrauak eskaintzen badira (betiere landu gabeko distiko hetereoformeen eredupean, nolabaiteko hoskidetasunarekin —hurbileko kidetasun fonikoarekin esan nahi baita—, eta hizkuntza zaharkituaren moldeetan), bigarrenean, aldiz, eta kontraste nabarmenean, ahozko tradizioarekin loturarik ez duen jakituria eskaintzen da, eredu berriz ondutako poesia eskaintzen da: zehazkiro neurtua, hoskidetasun aberatsekoa, «kontzeptualki» tinkoa, linguistikoki ere arretaz atondua eta neologismoz betea. Zeharo kontrajarriak, beraz, zati biak.

        Neurtitzak jasotzen dituen bigarren parteari dagokionez, eta Etxepareren obrarekin ikusi nahi izan diren antzak gorabehera, hiru poema-multzo bereiz daitezke bertan: gaztaroko maitasun-poemek eta alargundu ondoko «Ezkontidearen hil-kexua» izenekoak osatua, kanta erlijiosoena, eta, azkenik, saski-naski bezalako bat osatzen dutenena. Azken honen barnean aurkitzen dira «Laur karbarien eresia» ospetsua eta «Zalgiz [...] zenaren gorazarretan» egindako hamalauduna, dakigunagatik, euskal literaturan agerturiko lehena.

        Oro har, ereduen aberastasuna da Oihenarten poemek islatzen duten lehen ezaugarria, estrofa, metro eta hoskidetasun anitz erabiltzen baititu bere eginkizun poetikoan.

        Neurkera dela eta, lau silabako bertsoak dira baliatutako motzenak eta hamar silabakoak luzeenak. Muturreko horien artean luzera eta konbinazio desberdinetakoak aurkitzen dira, betiere Oihenartek poesiaren kontzepzio ludikoaz duen pertzepzioa begi bistan.

        Ildo horretatik, bitxia bezain esanguratsua da lau silabaz osatutako bertsoekin burutu jolasa. Egilearen gogoko zen emakume baten izenaren luzeraren arabera moldatuta («Margarita / bai daidita...»), eta Etxepareren hamabost silabako distikoen eskemaren gainean eraikita, Oihenartek biziki agerian uzten du darabilen teknika zorrotza 4a/4a/7b/4c/4c/7b estrofekin eraturiko poema honetan. Izatez, lau silabotatik silaba eta erdi (hori baita bere aholkuetako bat) hoskidetasunerako erreserbatu behar duenez, ez zaio tarte gehiegirik geratzen adizki sintetiko gutxi, perifrastiko lar eta kasu marka luze eta nabarmenak dituen hizkuntza batekin aritzeko.

        Eskuarki, Oihenartek oso era zorrotzean bete zituen bere poemetan teorikoki lege gisara aginduko zituenak (sinalefak eta elisioak hertsiki zainduz, hoskidetasunak silaba eta erdikoak eginez, etab.).

        Baina formari legozkiokeen kontuetatik at, Oihenarten ekarpenaren eta estiloaren balorazioa gertatu da eztabaidaren benetako gakoa. Izan ere, mauletarraren poesia azaleko eta purista samar ikusi dutenengandik betegintzarre formala eta aberastasun metrikoa eta estrofikoa azpimarratu dutenenganaino, nekez uka lezake inork orduko frantziar gortearen baranoko poesia gorenaren ezaugarri nagusi direnak agertzen direla Neurtitzak izenekoan. Tematika, poesiaren artifizioa, hoztasun gisako ukitua, neurkeraren gailentzea... Oihenarti garaiagatik eta prestakuntzagatik zegokion adskribapen poetikoaz mintzatuko liratekeen hainbat faktore baino ez dira.

        Darabiltzan iruditeria eta edergarriak, esaterako, ez dirudi eremu klasikotik at daudenik, alderantziz baizik. Oihenartek berak aitortu bezala, Italia eta Espainia hurbil zeuden bere iturrietatik, Petrarca bera ere hurbil zegoen bezala. Jakina, mundu klasikoaren berreskuratze-ikuspegitik izanik ere, nekez erabaki liteke ea garai zaharren ezaugarri zen ahozkotasunean oinarritutako ereduen aurkako joera hutsa izan zen berea ala barrokotzat hartutakoaren formen askatasunaren aurkakoa. Edonola ere, euskal letren urritasuna gainditu nahi izan balu ere (eta nahi izan zuen, zinez!), zilegizkoa litzateke pentsatzea frantses esparruan esnatzen ari ziren barrokoaren aurkako jarrera klasizistak ere barneratuak zituela.

        Zeren eta, bada motiborik aski haren proposamen eta lan poetikoak frantses klasizismoaren hasierako ildoetan kokatzeko; eta, areago, korronte hari «leporatu» izan zitzaiona, neurri batean zein bestean, Oihenarten obran ere ispilaturik ikusteko. Euskal poetaren lanari egotzi izan zaizkion artifizialtasuna eta «buru-ariketa» ezaugarriak, esaterako, ikuspegi estetiko haren ondorio garbiak baino ez lirateke.

        Eta horretan, eta urrutiegi joan gabe, Malherbe-ren poesiak baluke zuberotarrenarekin kidetasunik. Edo alderantziz, nahi bada, kronologikoki lehenagokoa baita frantsesa (1555-1628 bitartekoa).

        Ordena, harmonia, edertasuna... xede zituzten heinean, poesigintza ere hura guztia erdiesteko ariketa bilakatzen zen. Eta arau eta neurkera estuen bidea, estrofa trinkoena, errima zorrotzena... poetaren pentsamendua eta irudimen eroa diziplinatzeko eta sormen-lana arrazionalki bideratzeko baino ez zen hautatuko. Hautu kontzientea, bestalde, eta ongixko zekiena, ariketa hutsaren bidetik abiatuz gero, behiala goraipatutako naturaltasunak ez zuela tokirik izango poesian.

        Klasizismo hasberriaren magalean, Oihenartengan ere poesigintza harmonikoa eta orekatua lortzeko bide bilakatuko da metroa, neurria, silaba kontaketa (hortik, besteak beste, bere poemei ezarritako izena: neurt-hitzak). Beste hainbat eta hainbat garaikidek bezala, silaba-konbinatzaile izaten bilatuko du mauletarrak artea eta edertasunaren muina. Hizkuntza ere bereziki zaindu beharreko lehengai, ekai eta baliabidetzat hartuko du bere jarduera poetikoan.

        Esan gabe doa Oihenartek erakutsi historia-zaletasuna eta legegizon lanbidea guztiz bat zetozela arreta, tentsio intelektuala eta lan berezia eskatzen zituen planteamendu klasizistarekin, hori guztia baitzen mauletarrak sorkuntza-lanetarako errazen eskain zezakeena.

        Horren aurrean, «etorri itsua» bigarren mailara igaroko zen, egindako hautu poetikoak ez baitzuen apetetarako betarik uzten. Hizkuntzaren diziplina zen bidea, beraz. Diziplina, azaldu nahi zena albait zehatzen eta egokien adierazteko, eta diziplina, halaber, hori guztia poetikak eskatzen zituen metro eta estrofa meharretan «sartzeko» («ahalik eta gehien, albait ongien, zuzenen eta trinkoen, eta, silabikoki ere, albait motzen» izan zitekeen leloa).

        Oihenartek hizkuntz arloan erakutsi jokamolde berritzailea frantses klasizismoak lehen etapan (1600-1660) lexikoa garbitzen eta hitzen zehaztasuna bilatzen aurkeztu zuen ildo beretsukoa gertatuko zen. Kontzeptu-trinkotasuna, adizki sintetikoen erabilera naroa eta sortzailea (neroske = erosiko nuke...), etab. aldare poetikoaren mende jarriak zeuden ezaugarriak dira. Joera neologista ere ideia berriak azaltzeko premiarekin loturik joango zen: aipaturiko neurtitz hitzak, esaterako, kontzeptu berri bat ekarri nahi izan zuen euskal literaturara, koplaren aurkakoa eta forma poetiko landua eta artistikoa adierazteko egokia.

        Bestalde, Oihenartek landutako tematika nagusia ere, poesia galantearen tratamendua, lehen etapako klasizismoaren ubideetara hurbilduko litzateke oro har. Garaiko dibertsiotzat ulertzen zen poesia mota hura gizon oro maiteminduta egoteko premia sozialetan oinarritua zen eta, maiteminduta zeuden heinean, poeta bihurtzeko «beharretatik» sortua.

        Oihenarten gaztaroko neurtitz gisa geratu direnak, beraz, eredu horren arabera eginak eta, orobat, hizkuntza nagusietan baliatu eredu eta estrofa berriak euskaraz ere erabiltzeko premiatik sortuak lirateke. Mauletarrak berak alosiei edo musei zuzenduz aitortzen zuen bezala,

 

                Andreak, luzez zerbitzatu

                Zaituztet, eta nik hospatu

                Dut herri hautan zuen izena,

                Lehen guti ezagutu zena

                Nik zuen azturak et' atunak,

                Gu baitan orano ez enzunak,

                argiratu tut ilhunbeti,

                et' atherarik herratzeti

                Guretu, et' eman hek euskara

                Kopla onzale eskuetara.

                        («Ezkontidearen hil-kexua. Muzeen kontra»;

                        gurea da letrakera etzana).

 

        Guztiarekin ere, Oihenarten poesigintza berri eta txairo honek ia ez zuen ondokoen artean ez arrakastarik ez eraginik izan; eta haren proposamenak urrunean bakarturik geratuko ziren laster euskal literaturaren itsaso txikian.

        Eta horrela —inork ez bide du-eta besteren buruarekin ikasten—, Oihenartek eginak ziren bide-zatiak ere berriro egin beharrean aurkituko zen handik bi mende eta erdira esnatzen hasiko zen poesigintza berria.

 

[1] Ordurako arlo paremiologikoan bazen bestelakorik ere: Garibairen bilketa lana, RS ospetsua, Zalgiz-ena (205 atsotitz), Isastirena (86 atsotitz) eta Bela-rena (45 errefrau).

 

Bilaketa