R. M. Azkue (1864-1951) gaztetatik bilakatu zen erreferentzia garrantzitsua euskal kultur munduan. Alabaina, haren ekarpenik behinenak hastear zegoen mendearekin batera etorriko ziren.
Apaiz lekeitiarrak, oro har, pasionamendu erorik gabeko herrikoitasun mina ekarri zuen hizkuntzaren jokalekura, zientziaren ustezko hoztasunarekin ezin hobeto uztartzen zena. Horrela, balio etniko-kulturala ezin uka zekiokeen euskararen eguneratzeko eta hiritartzeko premiak gidatzen zuela, «erabatekoa» izan zen Azkueren izaera langileak eta sen praktikoak utzi zuten obra. Ez da, beraz, zail ulertzen nola bilakatu zen laster asko euskal kultur munduaren katalizatzaile nagusi eta haren idazlanak ere oihartzun handiko.
Nolanahi ere, arestian aipatu amaieraren kontzientzia hura gertatu zen Azkueren eragilerik indartsuena, izan ere, errotik aldatzen eta galtzen hasia atzematen zuen herri kulturaren ildoetan barna bideratu baitzituen bere lanik behinenak. Horregatik, hain zuzen, esan ohi da «bildu» aditza izan zela Azkueren hitz gakoa. Horren adibide ditugu haren Diccionario Vasco-Español-Francés (1905-1906), Morfologia Vasca (1923), Cancionero popular vasco (1922) eta Euskalerriaren Yakintza (4 tomo) (1935-42-45-47) obra erraldoiak, guztiak lexikoa, hizkuntz formak, herri kantak, literatura, ohiturak, etab. biltzeko ahaleginaren erakusgarri. Etorkizunerako proiekzioa eta iraupena bilatzen zituen «biltze-lana» zen Azkuerena, halaz ere, eta ez lan etnografiko huts.
Xede berdintsuak erakutsiko zituen XIX. mendeko mugak pasatuxe zeudenean ere, egoera dialektologikoak euskararen iraupenari ekar ziezaiokeen galeraz ohartzean eta ezinbesteko zuen batasun-lanetan jarduteari ekitean. Euskaltzaindiaren sortzaile eta eragile handienetakoa izateaz batera, Akademiaren sorrera-urtean berean (1918an) hizkuntzaren batasunerako benetako eredua izan zitekeen proposamen literarioa argitaratu zuen Azkuek. Esan gabe doa Ardi galdua eleberriaren helburu nagusia eredu berriztatu haren ahalmenak erakustea izan zela.
Motibazio bertsuak izanik ere, bestelako asmo didaktikoak erakutsi zituen Azkuek narrazio-prosaren esparruan atondu zituen kontakizun labur eta ipuinekin. Helduaroko Ardi galdua eta Latsibi argitaragabea ez bezala, 1889ko Peru Matraka ta Pedr'Anton bukatugabea, Bein da betiko (1893), Batxi Guzur (1897), etab. euskaldunak irakurle bihur zitezen egindako ahaleginen fruitu izan ziren.
Asmo berarekin sortu zituen Azkuek, halaber, ikuspuntu sozioliterariotik askoz eragin handiagoa izango zuten Euskalzale (1897-99) eta Ibaizabal (1902-1903) aldizkariak. Izatez, literaturaren eta, bereziki, prosa narratiboaren garapenerako euskarria jartzera etorri ziren agerkari hauek. Euskal idazleen frogaleku bikainak, bertan argitaratutako irakurgaietan izango zuten jatorria Agirreren Auñemendiko Lorea (1898) eta Azkueren Txirristadak (1898) kontakizun-bilduma bezalako liburuek.
Ia hiru urtetan euskara hutsez argitaratzea lortuko zuen Euskalzale aldizkariaren lehen zenbakian aitortzen zenez, «euskerea zabaldutea izango da gure arazorik (= eginkizunik) berarizkoena ta arduratsuena. Baita arimarako egi egokiak bere aleginez erakutsiko doguz. Ganera ipuinak, asmoak, ikusimakusiak, euskalerriko ta erdalerrietako albistak eta iazoerak» (1897ko urtarrilaren 3an). Guztiarekin ere, 1899ko irailaren 21eko asteari zegokion alea ez zen 27ra arte banatuko eta aldizkariari garai hartako 100 pezetako isuna ezarri zitzaion, Inprenta legearen 11. artikulua ez betetzeagatik. Horrekin batera, agintari espainiarren eskuak hasierako xedeak motelaraztera eta aldizkaria elebidun bihurtzera behartuko zuen aldi berean. Eta ordura arte erakutsitako sentsibilitate irekiaren tokia moral eta erlijio gaiek hartuko zuten ezinbestean.
Aldizkariaren ustezko eraginaren anekdota gisa, gogora bedi euskara hedatzeko asmo horiek bideratuta eta «gure liburuteri urri banakatua ugaldutearren, eta euskereak, beste berbeta edo izkeraak daukezan lako irakurtekoak euki daizan», Euskalzale-ren lehen alean lehiaketa bat iragarri zuela Azkuek antzerki lan bat eta «erderaz novela edo roman deritson lako liburu bat» sariztatzeko. Baina orotara ez dirudi Azkueren Eguzkia nora... eta Agirreren Auñemendiko Lorea baino askoz gehiago burutzea lortu zenik.
Ibaizabal aldizkarian ere garbi atzemango zen argitaratzeko arrazoia: «gure euskera maitea gueroago ta zapalduago ta ostikopetuago ikusiaz biotza minduta daukeen euskaldun batzuk erabagui dabe arguitaratutea» (Ibaizabal, 1902, lehen zenbakiko lehen artikulua).