literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Kamusarri baino atxikiago korronte klasiko eta ilustratuei, ez zuen hargatik galdu J. Martin Hiribarrenek (1810-1866) ez haren obrak izpiritu erromantikoa islatzeko aukera. Tematikoki, gainera, ziburutarraren gonbiteari jarraituko zitzaion liburuaren planteamendu gisa, haren «Utz atzik koplaria, utz, sujet ergelak,/ Kant' orai eskaldunak eta heien gerlak» bertso pareari hain zuzen («Zumalakarregi»).

        Bertso erraz, zorrotz eta, maiz asko, satiriko samarrekoa, bost bat mila lerroko poema epiko-didaktikoa argitaratu zuen (Eskaldunac, 1853) bere herriaren historiaz euskaldunak zuen ezagutza falta asetu ahal zezan eta asetze hori bere mintzairan (euskaraz) idatzitako liburuen bidez egiten has zedin. «Eskaldun bertuteak nihon aipatuak» erakusteko eta ondorengoentzat lekuko gisa uzteko helburuarekin idazten eta kantatzen du, bada, Hiribarrenek «herria, lana, bertutea».

        Ohiko bertsogintzaren jarraitzaile irmoa (hamahiru silabako —7/6— bertso lerroak, lau lerroko estrofatan, binakako hoskidetasuna eginez), azkaindarra eredu bakarreko bertsogiletzat hartu izan da sarritan. Ildo horretan, esaterako, berdintsu jokatzen du Eskaldunac poeman zein urte berean euskaldunen emigrazioaren aurkako jarrera azaltzeko argitaratu zuen Montebideoco berriac (1853) liburuxkan («Zoratu ahal dire Eskaldun gazteak,/ Utziz bere herritan buraso maiteak;/ Itsasoz urruntzeko diru nahiz bildu:/ Eskaldun izateak oraitik egin du!») zein besteetan.

        Dena den, maiz asko, poesia ereduari eta azaleratzen duenari baino gehiago, altxor etnografiko hutsari eman izan zaio garrantzia (eskaintzen dituen garaiko ohitura eta jolasen erreferentziak, pertsonaia ospetsuen irudikapenak, etab.).

        Xahoren adiskidetasunak eta eraginak suposatu zutenagatik eta, batik bat, bere obran islatzen duen kostunbrismoagatik, erromantizismoaren parametroen barnean kokatu izan du kritikak; halere, egia da ez dituela azkaindarrak ahazten Ilustrazioaren baloreak eta euskaldunen artean eragiteko eskaintzen duten erabilgarritasuna. Dena den, kutsu erromantiko handiago luke, nonbait, duela gutxi arte argitaratua izan ez den 891an Eskaldunen guerla izeneko dramak. Aipatu metroa erabiliz eta hamabost agerralditan banatuz, Eskaldunac-en kantatu nahi zuen euskal historiari heltzen dio bederatziehun bat bertso-lerroko lan honetan.

        Bestalde, haren prosa-lanek ezin ezkuta dezakete predikari gisa erakutsi zuen etorri handia. Escaraz eguia (1858) izenekoak, esate baterako, erlijio desberdinetako sortzaileak ditu mintzagai (Buda, Brahma, Kalbin...) eta estilo naturalago batean emana da. Damurik, argitaratugabeko lan asko utzi zituen Hiribarrenek: poesia arlokoak (Laborariak, Napoleon Lehena...), sermoiak, gero Lhandek erabiliko zuen hiztegia (Larramendiren eragina erakusten duena), etab.

 

Bilaketa