Mugimendu eta lehiaketetan donostiarrena baino gibelalde politiko sendoagokoa, Arturo Kanpion (1854-1937) izan zen ziurrenik alderdi teorikoa ongien garatu, formulatu eta ezagutarazi zuena. Herri baten nortasunaren funtsa hizkuntzan zegoela defendatuz, iruindar euskaldun berriak euskararen baitan ikusi zuen etsipen egoeraren irtenbidea. Eta haren obra idatzizkoa zein ekintzazkoa ildo hartatik abiatu zen oro har, nafarren hizkuntza, historiarekin eta politikarekin batera, etengabe landuz.
Horrela, euskararen eta euskarak bere inguruan zuen munduaren defentsa xede izanik, Asociación Euskara izenekoa eta Revista Euskara sortzen lagundu zuen, lehenago esan dugun moduan. Eta hizkuntza elementu etniko huts baino zerbait garrantzitsuagotzat ulertzean, aldizkari eta elkarte hauen eginkizuna ere haratago joango zen, arlo literarioan eta sozio-politikoan eragitera bideratu baitziren.
Politikan iberiar federalismoaren tradizioan txerta zitezkeen jarrerekin, nagusiki ildo kulturalistakoak izan ziren nafar esparru haietatik isuritako jokamoldeak, aranismoak proposatuko zuenarekin kontrastatuz. Izan ere, Aranak jarduera politikoari emango zion lehentasuna, hizkuntza eta kultura beste osagai bat bezala (garrantzitsua, baina osagaia) harturik. Eta, jakina, ezin nabarmenago atzemango zen ikuspegi dibergentzia hori hizkuntzaren tratamenduan: Aranak erabateko logika etimologikoa eta euskararen garbitasuna defendatuko zituen bitartean, Kanpionek hizkuntz altxor guztiaren alde jokatu zuen, garbizalekerien aurka agertuz eta irudipenezko irizpide linguistikoak gaitzetsiz. Ondoko urteetan euskaraz idatziko zen literatura larrienak (berez politikoegi agertu nahi izaten ez zuten elizgizonen eskuetan segitzen zuenak, hain zuzen) nafarraren irizpidea onetsiko zuen, oro har, zentzuzkoagoa eta errealistagoa baitzen.
Hasiera-hasieratik (1918) euskaltzain izendatuko zuten abokatu iruindar honek gaztelaniaz idatzi zituen bere lanik inportanteenak (euskaraz ere badu leienden arlokorik, horietako bat edo beste Donostiako Euskal Festetan lehen sariarekin golardatuak gainera: «Denbora Antxiñakoen Ondo-Esanak» 1881ean eta «Okendoren Eriotza» 1883an). Eta haren idazlan guztiak sona handikoak izan baziren ere, bereziki azpimarratzekoak dira hizkuntzaren ingurukoak (besteak beste, 1884ko Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara, zeina hizkuntz abertzaletasunaren aitzindaritzat hartua izango baitzen) eta narratiba arlokoak. Hauen artean, ospetsu bilakatu ziren Blancos y Negros eleberri historikoa (1898; karlista eta liberalen arteko giro liskartsuan, Martiniko mutikoa hil egiten da bera bezala nafarra den maisu batek emandako astinaldiagatik; jipoiaren arrazoia euskaraz mintzatzea da), «El último tamborilero de Erraondo» kontakizun laburra (1918; mende erdia Ameriketan artzain igaro ondoren, jaioterrira bueltatzean aurkitzen duen errotikako aldakuntzaz eta ondoko etsipenaz), etab.
Historiari eta narrazioaren ildoari dagokien balioa emanez, zinez baiezta daiteke Kanpion eta haren ingurukoak izan zirela Historiaren berezko balio testimonialari gainbalio berezi bat eransteari ekin ziotenak. Aurrerantzean, gero eta nabarmenagoa gertatuko zen Historia kolektiboari eskainitako garrantzia, agerian utzi nahi izango baitzuten euskal gizataldeak, gertakari historiko berriek zapuzturik utzia zuten arren, funtzionamendu bateratu eta kolektiboa izan zuela mendeetan zehar.
Urteak aurrera joan ahala, garbi atzemango zen erabateko zilegitasuna eskaintzen zitzaiola horrela, historia komun bat izanik, geografi esparru mugatuan bizi eta hizkuntza propioa eta besteetatik bereizia zuen (euskal) Herriaren aldeko diskurtsoari. Ez halabeharrez ekin zitzaion Historiaren berreskurapenari; berreskurapenari eta, aldi berean, herriaren protagonismo historikoaren laudorioari.
Egiteko hartan, alabaina, zilegizko joko da dokumentu-gabeziagatik eta bestelako hutsuneengatik euskal historiografiak ezin osa zezakeena literaturak burutu dezan, berdintsu eta biziroago asebete baitzezakeen azken honen irudimenak harako hark objektiboki ezin eskaini zuena. XX. mendearen hasierarekin atzerriratu eta euskal letren lanketari betirako utziko zion J.P. Harispe ahaztuak egoki marraztu zuen bere Karmela-ren hitzaurrean (1884) fikzioak historiari ostutako funtzio premiatsu horren zuriketa: «Liburuek [...] gauza andirik erraten ez dute. Beaz [...] egiaren araberako gauzak beartziren asmatu».
Ez da kasualitatea, bada, urte haietako literatur ekoizpena, euskaraz zein erdaraz (gaztelaniaz nahiz frantsesez), historia, epika eta fikzio literarioaren esparruko obrekin hanpaturik agertzea, leiendekin bereziki. Eta Kanpionen obrak, beste askorenak bezalatsu (Arakistain, Trueba, etab.) horren adibide xumea baino ez dira.
Historiaren esparrura etengabe jotzeko ahalegin hedatu hura zeharo uztarturik zegoen gizarte-sentsibilitatetik proiektatzen ari ziren inpresio, sentimendu eta egiaztapen garrantzitsuenak onesteko premiarekin. Horrela, gehiago edo gutxiago, estaliago edo ageriago, hainbat gai eta argumentu zehatzen trataera gero eta artikulatuagoa erakutsiko zuten aurrerantzean garatuko ziren genero eta idazlan gehienek, eta batez ere aranismoaren zabaltze urteetatik aitzinera.
Esan gabe doa antzinatasunaren idealizazioa gertatu zela ezaugarri nagusienetako bat. Izan ere, iragan katartiko hura, behialako askatasunaz, independentziaz, etsaien aurkako garaipenez, euskal endaren garbitasunaz, ohituren moraltasunaz, euskaldunen kristautasunaz, berdintasunaz eta gizarte-klaserik ezaz, zoriontasun bukolikoaz... mintzo zena hain zuzen, gertatzen ari zen erabateko hondamena (subiranotasunaren galera, etorkinen ordezkatze kulturala eta deseuskalduntzea, ustelkeria eta korrupzioa, erlijiorik eza eta euskaldunen endekatzea...) gainditu ahal izateko erreferentzia gisa aldarrika zitekeen, bai politikoki eta bai literarioki.
Iraganaren idealizazio hari foruzaletasunak eskainiko dio behar zuen proiekzio eta forma politikoa. Demokraziaren hazitzat eta sistema liberalaren erremediotzat harturik, argumentuaren antzinatasunak berak (1838tik aurrera erabiltzen hasia baitzen, hau da, espainiar estatutuaren eta euskal antolamendu tradizionalaren arteko gatazkaren ondorioz) eta zentralismo espainiarra foruzaletasunaren etsai itsu agertzeak areagotu egin zituzten kontzeptuaren balioa, erabilgarritasuna eta gizarte-onarpena. Horrela, foruen galera-unetik aitzina, planteamendu liberal guztien aurkako sinbolo bilakatu zen foruzaletasunarena, nekazari, apaiz eta burgesia txikiarekin erabateko sintonia lortuz, espainiar egiturak eta indar politikoek ez baitzioten gizarte tradizionalari inolako itxaropen zantzurik eskaintzen. Gai gisa, foruzaletasuna etengabe agertuko zen garaiko literaturan, Arrese Beitiaren bertsoetan bezainbeste erdaraz zein euskaraz argitaratu kontakizunetan.
Baina aipatu argumentuak baino grafikotasun gehiago eta gai-adarreztaketa anitzago erakusten dute beste batzuek garaiko literaturan (edo hobe, 1895etik aurrerako literaturan). Horrela, Espainia nazio-zapaltzaile eta herri-nortasunaren ukatzailetzat hautematen zen heinean, handik etorritako langileria ere etsai gisa hautemango zen. Tokian tokiko behartsuenez eta deserrotuenez osaturiko etorkin-uholdeen ezaugarriek eta gustuek areagotu baino ez zuten egin espainolaren estereotipotzat hartzen zirenekiko distantzia. Bizkaiko industriaren garapenak erakarria, txabolismoan bizitzera behartua, erlijio-kezkarik gabea... eta egun osoa lanean lan bortitzenetan ziharduela, hizkuntza arrotzeko proletalgo hura arerioak bidalitako izurritearen pertsonifikaziorik «didaktikoen»-tzat hartuko zen laster asko.
Euskaldunen eta espainolen interesak, beraz, kontrakarrean azaltzen ziren eta interes-bikoiztasun hori modu ezberdinetan gorpuztuko zen literaturan: kultur eta hizkuntz mailan eskola eta maisua erdarakuntzaren tresna garrantzitsu gisa irudikatuz (hori baino ez da Azkueren Vizcaytik Bizkaira zartzuelaren gaia), arlo moral eta erlijiosoan akatsen monopolioa etorkinei egotziz (biraoak erdaraz beti, etab.), etab.
Bestalde, ezin ahaz daiteke baserriak hartuko zuen protagonismoa, gai emankor suertatu baitzen haren estereotipoa hala poesian nola prosan. Hiritik bide zetorren degenerazioaren babesleku gisa, gizarte-mota baten ikur nagusitzat agertuko ziren baserria eta haren inguruko guztia (industria aurreko baserri-ekonomia, oro har). Sinbologiaren ikuspuntutik, bada, euskal baserri tradizionalaren irudikapenak ezin hobeto bilduko zituen hiri modernoaren ehunari egozten zitzaizkion akats, eragozpen eta gabezien aurkako «bertuteak». Horren ildotik, konstante bat izango zen orduko literaturan goiaren laudorioa eta beheak ispilatzen zuen ororen arbuioa. Izan ere, J. A. Mogelek mende hasieran irudikatu bezala, baserriaren inguruko munduak (euskararen eta euskaltzaletasunaren gordailua, arrazaren garbitasunaren gordagia, erlijio eta moralaren gotorlekua; baserritarra horren guztiaren motorra eta euskarria) kontraste nabarmena erakutsiko zuen hirian biltzen zen gizarte industrializatuarekin. Horrela, oligarkia espainolistaren kritika (herrizaletasunik eza, diruzaletasuna...), euskal izaera eta ezaugarrien galera, kutsadura fisikoa (keak) eta morala (bekatuak)... orduko literaturak maiz testuratu zituen motiboak dira.
Eta ohitura-literatura europarrean azaldu estereotipoak bezalakoxea bazen ere, euskal literaturak berebiziko balioa eskainiko zion baserri irudikatze haren garapenari. Ez da harritzekoa, beraz, Elizanburu bezalako autoreek olerkietan eskaini zuten ohiturazko ereduaren arrakasta. Haren «Nere etxea» poema, esate baterako, berehala bilakatu zen «herrikoi», osagarri guztiak baitzituen egiazko topos arrakastatsu bilakatzeko: baserri ametsezkoa, naturarekin bat zegiena, ederra, toki garai hautatuan ezarria, behekoen arazorik sortzen ez zuena (ez inmigrazioarenik, ez bestelakorik), Euskal Herri guztiarentzat jarraibide izan zitekeen ekonomia familiar propioa (behiak, artaldeak, landak, etab.) eskaintzen zuena, garbia eta orban gabekoa, baketsu eta zoriontsua, erlijiosoa, karitatiboa eta euskalduna, gizonaren eta emakumearen paperak ondo bereiztuta zituena... Eta aurreratu beharrik ez dago: ondoko urteetako literatura interesgarriena hari nagusi horiekin ehunduko da. Garoa eleberria lekuko.