Beste muturrean kokaturik, ez zuen inolaz ere izan Bilintxek Iparragirrek izan zuen transzendentzia publiko eta politikoa, ez baitziren urrunegira iristeko gertatu donostiarraren bizitza laburra eta izaera.
Ideologikoki liberala, Indalezio Bizkarrondo, «Bilintx» (1831-1876), zoritxarreko gizontzat geratu da historiaren orrietan, eta ez bakarrik hiru urterekin aurpegia desitxuratu zion istripuagatik, zezenaren adarkada larriagatik edota pairatu behar izan zuen lapurretagatik.
Zoriontasun eza antzezpen baten ondorioa izan ala ez, sakoneko zoritxarra beste nonbaitetik etorri zitzaion donostiarrari, bere bertsoez zuen iritzi txirotik hain zuzen. Izan ere, Campoamor, Villegas eta gaztelaniazko beste poeta batzuen irakurle honek ez bide zuen bere lana gehiegi baloratu. Eta egia da zenbaitetan «zu gabetanic eciñ bici naiz» bezalako arrunkeriek adierazpide poetikoaren indar guztia izozten ziotela, baina haren benetako kezkak lotuago dirudi erdaraz ezagutu eta hobetsi zituen ereduen mailara ezin iritsirik egoteari. Epigramek, itzulpen zatiek eta bestelako ereduetan egindako saioek hori baino ez bide dute adierazten.
Umorezkoa zein maitasunezko poesia landu zuen Bilintxek batik bat, pasarterik lirikoenak azken honetan lortu zituelarik. Maitasungaia den «dama» era aberatsean erretratatuz, irudi eskuraezin bezala agertuko du betiere. Nonbait sentimentalismo eta malenkonia gehiegiz tindatua, haren poesian ohiko bihurtuko den ezintasunaren toposa biziagoturik azalduko da emakumearen idealizazioa areagotu ahala.
Teknikoki, bertsolaritzaren esparruko eredua erakusten dute iritsi zaizkigun hiru dozena poemek.
Bestalde, poesien zabalkundea bertsopaperen bitartez egin ohi bazuen ere, hil ondoren, Manterolaren Cancionero Vasco-k eskainiko zion literaturaren historiarako behar zuen euskarri idatzia. Bertan ez da falta hitz lauz prestatu zuen orri sortatxoa ere.
1876ko urtarrilean granada batek haren etxean eztanda egitean sortutako zaurien ondorioz hil zen handik sei hilabetera, karlistaldia amaitzear zegoenean, eta zoritxarreko gizonaren irudia eta sentimendua azken uneraino mantenduz. Eta, orobat, azaleko sailkapenetarako hainbestetan erabili den gizakiaren irudikapen erromantikoa ere areagotuz.