literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Mende berriarekin Barbier eta beste antzerkigile batzuk plazaratuko ziren arren, gizaldiaren hondarrean, esan bezala, Gipuzkoa (Donostia, batez ere) izango zen antzerkigintzaren inguruko mugimendu larriena bereganatuko zuena. Eta bertan Altzaga gipuzkoarra izango zen hurrengo urteetako benetako protagonista eta arima.

        Zernahi gisan, giro hartan euskaraz agertutako lehen antzezlantzat Marcelino Soroa donostiarraren (1848-1902) Antton Kaiku (1882) jo ohi da, egile berak sei urte lehenago Ziburun (Amadeo Saboiakoaren kontra paratutako bertsoengatik baitzen hara ihes egina) eta 1878an Donostian taularatutako Iriyarena (Cuadro de costumbres iruchulas) izenekoa gaztelaniaz idatzirik baitzegoen nagusiki.

        Nekez jakin liteke noraino ulertu zituzten Victor Hugok eta Mistralek Soroak XV. mendeko frantses lan batean oinarrituta moldatu zuen Anton Kaiku antzezlanean erabili hizkuntza eta erregistroen balioa, baina, edonola ere, zoriondu, hizkuntza zapalduarekiko xera azaldu eta etorkizun oparoa opatu zioten idazlanaren ale bana igorri zien donostiar legegizonari. Harez gero, eta batez ere ondoko Hitz Jostaldietan sariztatutako Au ostatuba! (1884) eta Alkate berriya (1885) izeneko lanekin, Soroak ofiziorako behar zuen oinarrizko antzea erakutsi zuen. Hurrengo urteetan hainbat titulurekin areagotuko zuen uzta: Barrenen arra (1886), Urrutiko intxaurrak (1887), Abek istillubak (1894), Ezer ez ta festa (1899), etab.

        Oro har, hizkera hurbila eta gehiegi zaindu gabea darabil Soroak gogokoa duen antzerki laua, komikoa eta arazorik gabekoa ehuntzeko. Baina harena ohitura-korrontearen barrenean kokatu beharreko antzerki xumea bada ere, ezin da ahaztu funtzio katartikoa ere ekarri ziola gerra bat galdu berria zeukan gizataldeari. Erreferentzia bikoitzak, keinu herabetiak, adiera desberdineko hizkerak... guztiek balio izan zuten orduko euskaldunek barre egitea zer zen gogora zezaten eta, aldi berean, euren hizkuntzari kultur esparru berrietan barneratzeko balioa eta gaitasuna ikus ziezazkioten.

        Haren omenez, erantsi behar da antzerkirako bokazio kartsuak, lantokitzat zuen gimnasioari antzerki eskola moduko funtzionamendu ez-formala ematera eraman zuela.

 

Bilaketa