literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Poesiaz bestalde, azpimarratzekoa da narrazio arloan burutu zuen Piarres Adame irakurgaia, gaiagatik nola ereduagatik arreta gehiago jasoko duena hurrengo orrialdeetan. Momentuz, balia bekigu azken liburuxka honen titulua haren adiskide handia izan zen Gratien Adema, «Zaldubi»-z (1828-1907) gogoratzeko, batek baino gehiagok —arrazoi gutxiz, antza denez— ikusi nahi izan baitu Elizanbururen lanaren izenburuan apaiz adiskidearen deiturarekin egindako jolasa eta oroitzapena.

        Senperekoa jaiotzez eta Larresoroko apaizgaitegian egona, azken honetan egingo zen Adema Elizanburu ikaskidearen lagun. Apaiztu ondoren, bertako irakaslea ere izan zen urtebetez. 1890ean Baionako kalonje izendatuko zuten.

        Lore Jokoetan inoiz irabazle suertatu zen arren, Adema ironiazaleak, Duvoisinek irudikatu bezala, gehiago du «souriant malicieusement dans la lointain» geratzen denaren estiloa, eta nekez jakin ahal izango da zenbat poema eta izenorde gehiagorekin aurkeztu zen haietara.

        Edonola ere, apaiz lanak bideratu zion euskarazko obraren atal mardul bat, hala poesian nola prosan (Lourdesen eta Betharramen Escual herritik pelegrin cirenen orhoitzapena, 1875, eta Escualdun pelegrinaren bidaltzailea, 1877). Bi liburuxka ere utzi zituen frantsesez argitaraturik (erreboteko jokoaz bata, eta Aldudeko herriaz, bestea).

        Halaber, euskal poesiaz kezkaturik, artikulu sorta interesgarria idatzi zuen mendearen amaieran (1899an) Eskualduna aldizkarian, «Art Poétique basque» delakoaren ingurukoak hain zuzen. Prezeptiboa izatea bilatzen duen euskal poesiaren arte-sistemaren deskribapen gisa aurkezturik (izan ere, «il se manifeste une fâcheuse tendance vers un modernisme exotique»), euskal herri-poesiaren arloko arau-ez gain, hain tradiziokoak ez bide zirenak ere eskaintzen dira bertan, nonbait Zaldubik berak asmatuak edota sistematizaturikoak. Azpimarragarriak dira, edonola ere, poesiaz dituen hainbat kontzeptu.

        Nekez urrun daiteke esparru erromantikotik, esaterako, honelako definizio bat: «La poésie est une des choses qui tiennet le plus aux fibres intimes d'une nation. Chaque race a la sienne, chaque idiome surtout y accuse sa distinction. Le Basque trouve dans ses chants un des éléments de son patriotisme; pourquoi en modifierait-il les lois pour imiter l'étranger? N'a-t-il pas déjà par ailleurs assez fusionné avec les ravisseurs de son originalité, de ses droits et de ses libertés?» (apud Altzibar 1998, 79).

        Eta a posteriori teorizatutakoaren ildotik bada ere, egia da gaztetatik Kamusarriren eta azken urteetan Otsalderen poesiaren miresle agertuko zen Ademaren poesia herri tradizioan sustraitua eta doinuen laguntzaz ikasteko egina dela. Horrek, noski, ñabardura berezia eskainiko zien poemen izaerari eta baita haien musikaltasunari berari ere.

        Hizkera zalu eta oparokoa, poesia genero sakona bezain ironikoa izan daitekeela erakusten du.

        Formaren aldetik, Ademak, Elizanburuk bezalatsu, lau puntuko txikia du molde gogokoenetakoa, batez ere alegietarako; tradiziozaletasun honek, ordea, ez du ukatzen berrikuntza metrikorik nahiz jolas erritmikorik.

        Bestalde, poema erlijiosoak edo kantikek haren ekoizpenaren kopuru handia osatzen duten arren, ezagunagoak eta interesgarriagoak dira bestelakoak, batez ere alegiak (18 alegia, La Fontaineren antzera eginak; haietako bik 1873ko saria eraman zuten Sarako Lore Jokoetan), poema satirikoak Errepublikaren aurkakoak («Errepublika», «Betiri Sants») eta euskal aberriaren aldekoak. Jakina, sorta horretan ez ditu falta pilotariei eskainitako bertsoak edota «Mattin eta Kattalin» (1851), «Amatxo» (1879) bezalakoak. Guztiekin liburu bat argitaratzekotan zegoenean harrapatu zuen herioak.

        Ohar bat, azkenik, gaiaren ikuspuntuagatik eta sortu zeneko une egokiagatik herri tradiziokotzat geratu den «Gauden gu Eskualdun», «Agur eta ohore Eskual Herriari» edo «Zazpi Eskual Herriek» (1893) izen anitzeko poemari buruz. Lauko txikian moldatua (7-/6a/7-/6a), poema hau garaiko literaturak eta pentsamenduak funtsezko izango zituzten elementu nagusiekin ehundua da. Euskal Herriaren batasunerako deiak, euskara bertako hizkuntza bakartzat aldarrikatzeak, erlijioa berezko osagarri gisa aurkezteak... Hegoaldean politikoki artikulatzen ari zen sentsibilitatearekiko kidetasun-elementuak lirudikete; edo, grafikoago esateko, mende hondarrean egingo zen literaturaren leit-motifa.

        Sinboloen aldetik ere, Euskal Herria irudikatzen zuen zazpi adarreko haritzaz baliatuz, bateraturik eta aurpegi berriz aurkeztu zituen iturri desberdinetako sentsibilitateak, erreka berean urtu baitzituen urte berekoak ziren Hiribarren ipartarraren ahotsa («Nola duzke zuhaitzac zazpi adar eder/ [...] Hala da Eskal herri zazpi alde yartzen») eta antonomasiaz euskal zuhaitzaren kantu hegotarra zena («Gernikako Arbola»).

        Kanta hura kaleratu baino hamalau urte lehenago iritsiko ziren Hegoaldera Abadiaren babesean antolatu poesia-lehiaketen oihartzuna eta eragina, 1879an hain zuzen. Baina ordurako aski maiseatuak egongo ziren sariketok Iparraldean euskaldun errepublikazaleen aldetik; eta kontrakarrak, besteak beste, Hegoaldeko egoeraren pertzepzio-ezberdintasunetik etorri ziren.

        Ildo horretan, ezaguna da 1874ko Lore Jokoetan agerian geratu zirela sentsibilitate diferentziak eta, haietan oinarrituta, Saran saritutako lehen poemek (Bizkaitar batek aurkeztu «Jaungoicoa eta Erriya» izenekoak eta Ademaren «Betirisantz» ironikoak) kritikarako bidea ireki zietela hainbati.

        Horrela, lehen poemaren «erdipurdiko prosa errimatuaz» hitz egin bazen ere, garbi zegoen hura arbuiatzeko sakoneko arrazoia ideologikoa zela zeharo, kritikarien esparruan ez baitzen inondik ere Iparraldeko egoera egonkorra Hegoaldeko errebindikazio gatazkatsuekin kutsatu nahi. Anonimo batek (Guilbeauk berak, antza denez) L'Avenir des Pyrénées et des Landes aldizkarian idatziko zuen bezala, «nous préférons la tranquilité des champs au cliquetis des armes et au sang fratricide qui se verse de l'autre côté des Pyrénées. Nous préférons la paix de nos montagnes au cri sauvage de guerre qui est, à notre point de vue, une insulte à la divinité et à la patrie» (1874/09/19).

        Baina hasiera baino ez zen izan orduko hura. 1876an Ademaren «Biba Errepublika» poemak lehen saria eramateko gaiena zirudienean, Errepublikako gobernuarekin sor zitzakeen arazoak aitzakiatzat harturik, ez zen saridunik izendatu.

        Erabakiak, halere, ezin konpon zezakeen irekita zegoen sentsibilitate-bikoizketa, eta gero eta nabarmenago bilakatu zen diskordantzia, batez ere 1879tik aurrera, Jokoak Elizondon ospatu eta Arrese Beitiaren «Ama euskeriari azken agurrak» poema konprometitua sariztatu zenetik. Datu-faltak ez du ezkutatzen, adibidez, ondoko urteetan eta mendearen amaiera arte, aniztu egin zela Vinson eta Guilbeau gorrien babespeko sariketen mapa. Jakina, tematikan kanporatzen ziren ongienik antolamendu bien arteko diferentziak: batzuenetan Errepublikaren baloreak eta pertsonaiak kantatzen ziren bitartean, besteenetan euskara, foruak, askatasuna, emigrazioa edota Maddalen Larralde bezalako euskal martiriak izan zituzten gai. Guztiarekin ere, Abadiarenak izan ziren antonomasiazko Lore Jokotzat geratu zirenak eta, gehiago edo gutxiago, bietara aurkeztu ohi ziren bertso-jartzaileak, bertsolariak eta poetak.

        Eredu metrikoetan tradizioari tinko atxikirik, lehiaketa haietako bertsoek gaiaren garapenean eta sinboloen eta iruditeriaren erabileran eskainiko zituzten alderdirik baloratuenak. Eta horretan datza hainbat bertso sarituren gako nagusia.

 

Bilaketa