Hegoaldean garai hartako literatur ekarpen interesgarrienak bertsogintzaren arloan erabakiko ziren. Eta Iparraldean bezalatsu, bertsogileak bat-bateko bertsolaritzaren eta idatzizko bertsogintzaren artean aurkituko ziren jokatzen maiz asko. Ondorioz, ez zen ezohiko suertatuko poesia lanetan zor handiak izatea bertsolaritza-moldeekin edota parametro haietan bakarrik ziharduten Xenpelar bezalako bertsolariekin.
Ezin argiago ikus daiteke hori guztia bertsolaritza garbiaren arlotik kanpo garatu ziren jokamolde nagusietan, eta hemen hiru autoreren inguruan harilkatuak aurkeztuko direnak. Iparragirre koblakariaren ekarpen berezia genuke lehendabizi, eta Bilintxek eta E. M. Azkuek, zeinek bere ezaugarriekin (lirikoagoak eta erromantikoagoak lehenarenak, klasikoagoak bigarrenarenak), utzi zutena, gero.
Jose Maria Iparragirre urretxuarrari dagokionez (1820-1881), ezaguna da izpiritu erromantikoak sortarazi askatasun nahiak izan zituela kantagai nagusi eta inork ez bezala lortu zuela garai hartako herri xehearen gogoarekin uztartzea eta haren bizipenak islatzea.
Haren bizitza gorabeheratsuak ere ez zuen gutxi lagundu. Hamahiru urterekin, hasi berria zen gerrako karlisten lerroetan ibili zen, haien bizimodu latza jasanez baina, aldi berean, gitarra jotzen eta beldurrik gabe kantatzen ikasiz. Hiru aldiz izandako zauriek konfiantzazko bihurtu zuten nonbait eta, ondorioz, Zumalakarregik sortutako alabardero gorputzerako aukeratu zuten lehenik eta Karlos erregegaiaren bizkartzaintzarako geroago.
Hemeretzi urte zituela, eta beste hainbat galtzaileri bezalatsu, erbesteratzea egokitu zitzaion. Italian eta azken urteetan Ingalaterran ibili bazen ere, Frantzian izan zuen kezka erromantikoa ezagutzeko paradarik hoberena eta, betiere, giro desberdinetan sartzekoa. Horrela, ospetsu bihurtu zen Parisen «Marsellesa» kantatzeagatik kartzelaratua izan zenean. Baina, ahots ederrekoa izanik, nekez utz ziezaioken kantatzeari. Eta Parisek kantua lantzeko aukera aparta opatu zion bezala, Londresek konpainia liriko batean aritzekoa eskaini zion. Edonola ere, kalean zein tabernetan, inoiz ez zitzaion euskaraz kantatzeko gogoa itzali.
Kantariaren anakdota adierazgarri gisa, ezaguna da nola, hogeita bost bat urte zituela, Baionatik Larresoroko apaizgaitegira eraman zuten ikasleen aurrean kanta zezan. Adema, Elizanburu eta beste hainbat bertan izan zituen entzule.
1852an erbestetik itzultzean (1858an berriro abiatuko zen atzerrira: Argentinara eta Uruguayra), Euskal Herriaren subiranotasunaren ikurtzat zituzten foruak kantatzeari heldu zion nagusiki, haren obrarik arrakastatsuena Gernikako Arbola izango zelarik (1853). Horrexek markatuko zuen Iparragirreren irudia gobernari liberalentzat politikoki arriskutsu bihurtuz, eta horren ondorioz etengabekoa izango zen urretxuarraren mitifikazioaren areagotzea: kartzelaratua, euskal lurraldeetan bizitzeko baimenik eza, beti urruti bizi izana... Bigarren karlistaldiaren ondoko etsipen giroak zuen sinbolismo beharrak eskainiko zion gero Iparragirreri mito bihurtzeko falta zitzaiona, haren «Gernikako Arbola» aberriaren himno bilakatu baitzen. Baina besterik egin bazuen ere, kezka politikoarekin lotutako kantek markatuko zuten haren ospea.
Haren bertsoak kantatuak izateko asmatu ziren, betiere bertsolaritzaren parametroen barnean, eta zortziko txikiak berebiziko presentzia zuelarik. Edonola ere, hori guztia baino biziki aberatsagoa eta nabarmentzekoagoa izango zen bertsoei erantsi zien hornidura musikala, egunotara iritsi dena eta kantok bizirik iraunarazi dituena.
Tematikoki ere bertsolari hoberenen tradizioari helduz ondo baino hobeto jakin zuen orduko euskaldunak sentitzen zuena bertsotan jartzen. Zinez esan liteke Iparragirrek orduko euskaldunaren arazo eta bizinahiak jasotzen eta kantatzen jakin zuela. Harenean ez da faltako gizakiaren premia afektiboen inguruko kantarik («Ume eder bat» ), ez eta bertso irrigarririk ere. Baina benetan dimentsio eskerga eskainiko ziona euskal gizataldearen kezkak kantatzen jakitea izango zen, batik bat haren integrazio nahia eta nortasunaren bilaketa. Kanporako proiekzio premiak ere aski aseturik utzi zituen, arazo politiko anitzeko baina nortasun politikorik gabeko herri baten enbaxadoretzat hartua izan zen heinean.
Horrekin guztiarekin, beraz, ez da harritzekoa herritarrekin erdietsi zuen lotura estua, eta ez bakarrik bere garaiko komunitatearekin, haren obrak ohi ez bezalako arrakasta lortu baitzuen ondoko urteetan. Gaur egun ere koblakariaren zenbait kantu orduko edozein bertsolarirenak baino ezagunagoak eta hedatuagoak dira herri oroimenean, eta euskal kanten tradizio-enborraren zutarririk garrantzitsuentzat hartu ohi dira.