literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

Sentsibilitate berriaren aitzindari

 

        Euskarazko produkzioari dagokionez, eta Erromantizismoa literaturan ez ideologikoki, ez kronologikoki ez eta estetikoki ere ez dela era bateratsuan azaltzen kontuan hartu arren, esan liteke urte haietako euskal idazlanen multzo esanguratsu bat eragin erromantikoen barnean kokaturik dagoela, batez ere poesia arlokoa. Esan gabe doa giza subjektibitatearen garrantziaz ohartzen den poesiaz eta gizataldearen askatasun izpiritua nabarmentzen duenaz mintzo garela.

        J. B. Kamusarri ziburutarra (1815-1842) da ziurrenik esanguratsuenetako bat, nahiz eta ekoizpen urriak eta tematika nagusiki erlijiosoak marguldu egin dezaketen haren sentsibilitate erromantikoaren pertzepzioa.

        Edonola ere, esan liteke haren adskribapen erromantikoa areagoturik suertatu zela poetaren bizitza laburrarekin, amarenganako maitasun huts bilakatu zuen pasioarekin eta pairatu zuen gaixotasun mota berarekin ere (hetikagatik hil baitzen).

        Idatzita utzi zituen hamar poemetan (eta ez ditugu horien artean kontatzen zazpi eliz kanta, besteak beste «Adeste fideles»-en moldaketa), egia da ez dela erraz bereizten noraino den gazterik hilko zen poetaren heriotza hurbilaren kezka eta oinaze garrasia nabarmentzen dena («Hil baino lehenago/ Hila naiz jadanik») eta noraino «darabilen» sentimendu latz hori elizgizonaren eginkizunetarako. Halere, perspektiba subjektiboa eta barne-proiekzioa etengabe uztartzen dira zenbait poematako gako diren «tonba», «hobia» eta «herioa» hitzekin («Ene gogoetak», 1839; «Ene liraren auhenak», 1841).

        Bestalde, Xahoren ildoko agertuko da lehen Karlistaldiaren erdian euskaldun herria kantatzeko beharra iristen zaionean («Non dire bada, orai, koplari eskualdunak,/ Herritarren loriak hunkitzen tuenak?/ Zer ari dire bada? Non da heien karra?/ Orai dute eskualdunek, orai, heien beharra!»). Kamusarri ziburutarraren poemarik ezagunena euskaldunen nortasunaren defentsaren sinbolo bilakatu zen Zumalakarregiren heriotzan egindako kanta izan da luzaroan.

        Metroari dagokionez, eta eredu desberdinak darabiltzan arren, gogokoa du Kamusarrik garai hartan gehien erabiltzen bide zena, hots, zortziko txikia (normalean lau lerroko estrofatan emana —binaka errimatzen duten hamahiru [7/6] silabako bertsoak—, eta inoiz zortziko txikiaren eredu arruntean).

 

Bilaketa