Iparraldeko literatur dinamika gehiena, beraz, gorri eta xurien arteko tirabira-giro horretan gauzatuko zen, prosa arloko erreferentziarik garrantzitsuena Eskualduna aldizkaria bilakatu zelarik. Eta aldizkariarekin batera Jean Hiriart-Urruti kalonjea (1859-1915), bera izan baitzen haren arima bizkorrenetakoa.
Hazparnen jaioa, oinarrizko ikasketak hango fraideen ikastetxean egin zituen, zuzendaria Michel Elizanburu zelarik. Larresoroko apaizgaitegian ibili zen bai ikasle eta bai irakasle gisa. 1891tik 1915era bitartean Eskualduna astekariko idazle eta, gero, zuzendaria izango zen.
Lehen kazetari aldrakoa, bi izan zituen lan-arlo nagusiak: laborarien eguneroko interesei erantzutea, bizibidea, laborantza, berrikuntza, etxe eta diru gorabeherak bezalako gaiak jorratuz, eta polemika-kazetaritza, politikan eta erlijio arloan batik bat. Hizkuntza landua eta bizia, ez zuen eztabaida-artikulu bat bera ere amaitzen ironia zorrotz eta sarkorrez estali gabe.
Haren eredua euskara garbia eta ulerterraza bazen ere, ez zuen haatik maileguen erabilera baztertu. Guztiarekin ere, gehiago kezkatzen zuen joskerak horretan ikusten baitzuen hizkuntzaren sena eta, zaindu ezean, arriskurik latzena lexikoak baino.
Artikulugile gisa erakutsi zuen trebetasunak arrakasta ekarri eta jende asko bulkatu zuen idaztera: J. Moulier «Otsobi», Elizalde «Zerbitzari», J. Etxepare, P. F. Irigarai «Larreko»... Hazpandarra bezala, beste hauek guztiak ere prosa eta literatura mota berri batez azaltzen dira, mende hondarreko kazeten agertze-ugaltzeak hizkuntza, estilo eta, hein batean bederen, tematika modernoagoak eskatuko baititu, malguagoak, zehatzagoak eta erretorikatik urrutiagokoak.
Haiek baino lehenago, dena den, ez zen faltatu urratsak prosa narratiborantz zuzendu zituenik.