Jean Duvoisin (1810-1891) bezalako itzultzaile zintzo bati, esaterako, nekez izan zekiokeen gogoko prosa ugaritasun hura, eta horrela utzi zuen bere paper eta zirriborroetan idatzirik. Eta berariaz azpimarratzekoa da hizkuntzaren erabiltzaile ospetsu honen iritzia, hizkuntz estilo moderno baten moldaketarako duen garrantziagatik, izan ere, hizkuntzazale eta hizkuntza-gurle huts zirenen iritziaren aurka, gehiegizkoa baitzitzaion Axularren estilo argumentatzaile haren zama erretorikoa; eta berak, Duvoisinek alegia, ezaguna da literaturarako baliagarria izan zitekeen hizkera malgu, trinko eta arina bilatzeko ahaleginetan ziharduela.
Eta ez dirudi gutxiestekoa kapitainaren iritziak, besteak beste Bonaparteren laguntzailerik fidagarri eta emankorrenetakoa izan zelako, baina, batik bat, enkarguzko moldatze eta itzultze-ariketetatik haratago, literatur arloa ere ikusmiran zuelako.
Beste hainbat garaikide bezalatsu, Larresoroko apaizgaitegian izan zuen kultur erreferentzia nagusia eta esan daiteke gazterik ekin ziola ikertu eta idazteari. Ez da harritzekoa, beraz, hizkuntzaz, historiaz eta literaturaz diharduten milaka eta milaka orri idatzirik utzi izana.
Xaho eta Abadiaren ezaguna, azken honen bitartez hasi zen harremanetan Bonaparte printzearekin 1856an. Handik bi urtera mugazain lana (kapitaina izan baitzen) utzi eta printzearen zerbitzupean jarri zen, hark hizkuntz ikerketetarako behar zituen lapurterazko itzulpenak prestatzen batez ere. Haren enkarguz itzuli zuen lapurterara Biblia osoa (Bible edo Testament zahar eta berria, 1859-1865 bitartean argitaratua Londresen). Eta, diogun bidenabar, lantegi hartan osatu zirela hein handi batez haren prosa-sena eta idaztankera zehatza eta ez hanpatua; izan ere, aparteko erretorikei lekurik ez ematera behartu baitzuen Vulgataren euskaratze hertsiak.
Aurretik ongi erakutsia zuen Duvoisinek ezin hobeto zekiela lapurtera eta, horrezaz gainera, itzultzaile bikaina zela. Eta Kardaberazen obra ignaziar baten bertsioa (Liburu ederra, 1856) eta Iturriagaren Jolasak (1857) delakoarena erakusgarri aski ez baziren, aspaldidanik (1833an hasita) aritua zen frantses literaturako Fénelon idazlearen Telemake nobelaren zortzi kapitulu euskaratzen. Beranduago aitortuko zuen bezala (1864an), euskararen malgutasuna eta ahalmenak itzulpen hertsietan baino askozaz hobeto atzeman ahal ziren Telemake nobela pedagogikoan. Baina Fenelonek 1699an aurkeztu zuen gaia ere ez bide zen neutroa XIX. mendeko Euskal Herri tradizionalistan: monarkiaren kritika egitean, errepublikaren aldeko hautua ondoriozta zezakeen irakurleak. Halere, ez zen bukatu eta ez zen argitara eman (1988an kaleratu zen lehenbizikoz).
Itzulpengintza arlotik at, nabarmentzekoak dira Laborantzako liburua (Baiona, 1858) izeneko autu edo solas sorta, aita eta seme baten artekoa, eta, bigarrenik, 1832an bildu bide zituen ipuinekin prestatu Baigorriko zazpi liliak lana (aldizkari batean atalka argitaratua, 1884-85). Lehenengoari dagokionez, baserriaren berrikuntzarako ezinbesteko ikusten zituen hainbat ideia jarri zituen Duvoisinek semearekin mintzatzen ari zen aitaren ezpainetan. Garaiko literatur obretan atzematen ez den freskotasuna erakusten badu ere (eta autu-taxuketaren ezaugarriek askitxo laguntzen dute horretan), bistan da liburua asmo praktiko hutsak bideratua dela, Baigorriko zazpi liliak delakoan ez bezala. Honetan narrazio-ehunaren egiturak etengabe erakusten du literatur eredu errenazentistaren oihartzuna (Decameron, Heptameron, etab.). Arto-zuriketetara biltzen ziren gazteen solas-giro alaiak erakarririk, Baigorriko herjaunak «kondera xahar» bana kontarazten die herriko zazpi neskatxa gazteri, ipuin ederrena kontatzen duenari sari bat aginduz, hots, «hainari dote on bat emanen diot ene alabarekin batean ezkontzeko bere hautuko gizon gazte batekin» (J. San Martinen edizioa, 1987, 17 or.). Herjaunaren alabaren ipuinarekin eta ezkontza ingurukoekin amaitzen da oraindik ezezagunegia den liburuxka atsegin-gozo hau.
Tamalez, Ezpeletan hazitako ainhoar honek bukatu gabe utzi zituen Demostenesen testuak, Cervantesen Don Kixote, hiztegi bat (benetako ametsa!), gramatikako apunteak, etab.
Idazten emandakoaz gainera, azken urteetan nabarmena izango zen haren presentzia Abadiak antolatutako Lore Jokoetako epaimahaietan. Iritzi literario zorrotzekoa, bat baino gehiago izan ziren mahaikideekin izandako desadostasunak.