literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

...LORE JOKOETAKO LITERATURATIK BARRENA

 

        Ingurune ideologiko hartara iritsi baino lehenago, eta 1879ko Lore Jokoen hegotartzearen ondotik, gero eta nabarmenagoa izango zen Abadiak aurreko mende laurdenean Iparraldean antolatu ohi zituen Festekiko desberdintasuna: biziki politizatuagoak izango ziren Hegoaldekoak, hala Jokoei emandako esanahian eta haien inguruan eratutako jai eta giroan, nola sariztatutako lanen mezuetan ere. Argi geratu zen Lore Jokoen gertakaria ezin bizi zitekeela errealitate sozio-politikotik at, eta horrela, aurrerantzean poesi gaiak aldez aurretik mugatuak izango ziren, gizartearen sentimendu eta gogoen ildotik bultzaturik gehienetan (hizkuntzaren egoera, askatasuna eta haren sinboloa, etab.).

        Halaber, gune geografikoen aldaketa eta izaera berriarekin batera, aparteko berrikuntzarik ere izango zen tradizional bilakatzen ari ziren ekitaldi haietan. Aipatzekoak dira, esaterako, Manterolaren ekimenez Donostian antolatu lehiaketetan prosari eskainitako tokia eta garrantzia. Izan ere, kontaketa, leienda edo ipuinen formatupean, indar-neurtze haiek narrazioaren balioa nabarmenarazten hasi ziren. Era berean, hitz lauzko zein hitz neurtuzko idazlanez gainera, jostaldi haiek antzerkigintzaren frogalekua ere izango ziren, eta horrela, 1882tik aurrera, sariztatuak izateaz bestalde, antzerki-lanek jokatuak izateko aukera izango zuten giro hartan.

        Hurrengo urteetan, Euskal Festak izenekoen barruan ospatu ziren lehiaketa haietako gehienak, eta Urruñakoen ildotik antolatu, folklorearen esparru zabalean txertaturik hain zuzen: pilota txapelketak, dantzariak... eta bertan ez zen faltako bertsolarien arteko saiorik ez eta txistu-soinularien lehiarik ere.

        Baina, esan bezala, poesiari eskainitako atala gertatuko zen Festa eta Jokoen protagonista nagusia. Halakoetarako idatziko zen poesia, autore alfabetatu eta gutxi-asko ikasitakoen eskutik atera arren, formalki bertsolaritzaren ohiko parametroetara makurtuta azalduko zen, mezua herrikoi bilakatu nahi izateak ez baitzizkion berrikuntzen aukerari ateak irekitzen. Bertsolaritzak, bestalde, bere bideari atxikiturik jarraitu zuen, nahiz eta —aitor bedi— ez zen oso bestelakoa «bere bide» hura. Are gehiago, zenbaitetan bat-batekotasunak baino ez zitzakeen bereiz bertsolariaren eginkizuna eta idazlumaz baliatzen zen poetaren igalia.

        Ezbairik gabe, bertsolaritzaren eta poesiaren arteko esparru hartan murgildutako bertsogilerik enblematikoena Felipe Arrese Beitia (1841-1906) izan zen. Otxandioko seme hau santugile lanbideagatik bihurtuko zen ezagun hainbat lekutan. Baina haren zinezko ospea Elizondon etorri zitzaion, 1879an, Hegoaldeko lehen Lore Jokoetan «Ama euskeriari azken agurrak» izeneko poemarekin garaile suertatzean. Harrezkero ohiko egin zen haren izena poesia lehiaketa nagusietan eta, haren estilo indartsu bezain aldagaitzak sortutako modagatik nonbait, sariak ere eurrez irabazi zituen gehienetan.

        Ospe klandestinoa izan zuen lehendabiziko hartan, halere, eta bere izena geroago zabalduko zen euskaltzale zenbaiten girotik at. Duvoisinek zioen bezala, latza zen orduko egoera: «Comme le Pays Basque-espagnol est sous le régime de l'état de siège, nous n'avons pas jugé à propos de publier que M. de Arrese est premier lauréat au concours d'Elizondo, (de peur de faire interdire ces concours à l'avenir) [...]» (RIEV, 1930, 358-359 or.).

        Lehenengo poema hark garaiko sentsibilitatea, nahiak eta egoera hitsa jasotzea lortu zuen eta, era berean, jendea krozka larriaz ohartuago bilakatzea. Eta izan zituen ospea eta arrakasta ere handik etorri zitzaizkion, gizataldearen sentimenduei forma poetikoa ematen jakitetik.

        Euskal Herriaren aterabidea hizkuntzaren berreskurapenean zetzala sinetsiz eta aldarrikatuz, nolabaiteko eskola «eresigilea» sortzea eta garai hartako sentsibilitate desberdinak erakartzea erdietsi zuen Arrese Beitiak hizkuntzaren eta hizkuntzak sinbolizatzen zuenaren inguruan.

        Erlijioaren arlokoetatik lirikoagoak edo zirenetaraino, Otxandioarraren bertsoen artean ez da bestelakorik ere falta (alegiak, laudatzaileak...). Baina sona ekarri ziotenak beste batzuk izan ziren, lege zaharrak (foruak) eta euskara gaitzat zituztenak hain zuzen. «Ama Euskeriari azken agurrak» izenekoan agertu ezaugarriei jarraikiz, Arrese Beitiaren diskurtsoa gaztelarkuntzaren arbuioan, foru askatasunaren galeran eta gizarte idiliko baten deskribapenean eta defentsan oinarritu zen oro har, betiere ohiko kontrasteez eta irudiez baliaturik.

        Formalki, eta salbuespenen bat edo besterekin (hamalaukoak...), bertsolaritza arloko ereduez baliatu zen Arrese Beitia, molde nagusiez normalean. Kantu herrikoietan, esaterako, zortziko handiak zituen gogokoen.

        Bestalde, hain gustukoa zuen hitz jarioa eragozpen gertatu zitzaion zenbaitetan, bertsoek maiz asko zapore erretorikoegia, arintasunik gabea, lehorra... uzten baitzuten. Bibliazaletasunak ere nekez lagun ziezaiokeen bere poesiari erantsi zion estilo apokaliptikoa leuntzen.

        Aurretik aldizkarietan sakabanatutako bertsoak Ama Euskeriaren liburu Kantaria izenekoan eman zituen argitara 1900ean, A. Kanpionen hitzaurreak garai hartako euskal munduaren poeta gorengoaren izendapena berresten ziolarik. 1902an beste bertso bilduma bat kaleratu zuen Asti orduetako bertsozko lanak izenburupean.

        Guztiarekin ere, ez da zalantzarik, poema haien bitartez, orduko euskal gizartearekin lortua zuen sintonia erakustera iritsi zela eta euskaldungoak une izugarri haietan sentitzen zuena kantatzera. Eta horregatik aitortu zitzaion bertsogile honi, azken batean, poetaren kategoria, parametro erromantikoenetatik ere herri baten sentimenduen islatzaile ezin hobea izan zelako. Eta ia-ia bakarra. Zeren eta bertsogile gehiago eta, agian, «poetago» ziren idazleak ere aurki litezke Hegoaldeko poesia lehiaketen giroan (Pello M. Otaño zizurkildarra, J. Artola...), baina haien ekarpen interesgarrienak, maizki, lirikotasunerako bidean geratu ziren herriaren ahots bihurtzea bilatzen zuen poesia mota gailentzean.

        Zer nahi gisan, poesiaz bestalde, badira Donostiako Lore Jokoetan bultzatzen eta lantzen hasiko diren beste literatur genero batzuk ere: batetik, prosa arloko narrazio motzak eta leiendak —naski narratiba luzearen oinarri—, eta, bestetik, antzerkigintza.

 

Bilaketa