Hagiografiaren arlokoa da, halaber, Michel Elizanburuk argitaratu zuen Joannes Batista dohatsuaren bizia (1891) liburua, hiru urte lehenago dohatsu egindako La Salletarren fundatzailearen inguruan harilkatua, eta XVII-XVIII. mendeetan haur behartsuen heziketa lanetan aritu zena irudikatzen zuena.
Guztiarekin ere, jite polemikoagokoak izango ziren Michel Elizanburu (1826-1895) literatura arlora proiektatu zuten obra xuriak.
Heletan jaioa eta Sarako Elizanburutarren lehengusua, «Frère Innocentius» izengoitia hartu zuen lasalletar hau Hazparneko ikastetxeko zuzendaria izango zen berrogeita lau urtez. Era berean, Eskualduna aldizkariko kidea ere izan zen luzaroan.
Haren lan idatzia esparru ideologikoan garatu zen nagusiki, batez ere tradizionalisten artean Errepublikaren eta liberaltasunaren aurka eraman ohi zen diskurtsoaren ildoan, eta betiere estilo gordina eta etsaiarekiko urrikalkizunik gabeko sarkasmoa erabiliz.
Garai berrien eta modernotasunaren aurkako kritika izateaz gainera («gu bizi garen denbora hits eta triste huntako» dio berak), Lehenagoko eskualdunak zer ziren izeneko liburua (1889), idazleak ezagutu zuen bizitza tradizionalaren laudorio gisa aurkeztuko da(nekazaritza, erlijioa, dantzak...). Are gehiago, ezaguna da behin goresten dena eredugarri gertatzea ere nahi izaten dela gehienetan, eta hori besterik ez da autoreak «prefazioa»-n aitortzen duena: «Lehenagoko Eskualdunak ezagut araziz, ez dut bertzerik xerkhatzen baizik ene denborakoak izan diten heien aitzinekoak bezala».
«Karakoetxeko supazterrean» izenburua izan zezakeen liburu honek badu kontaketa-ehundura azpimarragarri bat, eleberriaren formatora nekez hurbilaraziko lukeena, baina ezaugarri berezi zenbait erakusten dituena.
Inoizka lehen pertsonan diharduen narratzaile orojakilearen ahotsak gidatuta, «Baxe-Nabarreko herri ederrenetarik batean», «funtsera» egia omen diren istorioak uztartzen dira hamabost kapitulutan barrena (nahiz «izenak khanbiatu edo [...] gizon bakhar baten bizkarraren gainean eman bertze askori gerthatu gauzak» eta «zenbait aldiz ere [...] gerthakari heiek pixka bat antholatu»). Horrela, Karakoetxeko supazterrean, hilabete eta urte desberdinetako arratsetan, behar bezalako familia batek sortutako giro eredugarria jaso nahi du Elizanburuk, eta hartan, errealitatearen isla izan nahi duten harreman-egoerak eta kontaketak birsortu, eguneroko hizkera arrunta eta elkarrizketa arin-biziak eraikiz eta istorioak atal bakoitzeko gaiaren arabera harilkatuz. Solasaldiak, jakina, ohera joateko orduan amaitzen dira beti. Bestalde, liburuaren egitura irekiari (pilatzaileari?) begiratuz gero, ez da dudarik handiagoa ere izan zitekeela kapitulu-kopurua, printzipioz ez baitago amaiera eska dezakeen estrukturarik.
Primarioa bezain narratsa da elementu kronologikoen trataera eta eskuarki ez dute gaiarekiko espero daitekeen lotura. Bitxikerien artean, eta begi bistako arrazoirik gabe bederen, azken kapituluaren kokapen-denbora nabarmendu daiteke, sorginez diharduen supazterreko istorio hau egilearen jaioturtean berean garatzen baita. Halaber, arratseko solasaldi hura 1826an gertatzen bada ere, idazleak ez du arazorik 1848ko gertaerak solaskideen ezpainetan jartzeko.
Baina obra horren gorespen eta erreibindikazio xedeetatik urrunxko, bestelakoak dira Zer izan diren eta zer diren oraino framazonak munduan (1889) eta Framazonak (bigarren edizionea) eta Frantziako hirur Errepubliken ixtorioa laburzki (1890) liburuak. Lehenengoak Eskualduna agerkarian aldez aurretik argitaratutako hainbat artikulu itsu biltzen ditu. Bigarren obrak, berriz, lehen zatian aurreko liburua jasotzeaz gainera, Frantziako Erreboluzioaz, hiru errepublikez eta, oro har, egilearen ustetan XIX. mendeko gizarte europarrak zituen gaitz guztien errudun zirenez dihardu, hots, judutarrez eta masoiez berriro ere.
Kezka estetiko berezirik gabeko autorea, pentsamenduarenean bezain zabar jokatuko du lexiko eta sintaxi arloetan ere. Hizkuntza ereduari dagokionez, hainbatetan behenafarrerara hurbilduko da oinarri bila.
Arlo erlijioso hutsean, bestalde, Sakelako liburuchka edo giristino guzientzat on den esku liburu ttipia (Baiona, 1892) eman zuen argitara.