PROSA NARRATIBOAN MURGILTZEN
Nekez uler liteke euskal prosak mendearen azken urteetan egin zuen aurrerapena aldizkari eta kazetek eskainitako euskarria gabe. Eta ez gara kultur agerkaritzat har litezkeen Euskal-Erria bezalakoez bakarrik ari, aldizka albisteak bezala ipuinak, kontakizunak eta bestelakoak euskaraz argitaratzen zituzten haiezaz baizik, jende ikasiarengana bezala jende arruntarengana, eta hirikoetara bezala herrietakoetara, iritsi zitezkeen aldizkari haiezaz.
Kaleratu aldizkariok, gutxi eta iraupen laburrekoak izan arren, idazle mordoskaren antze-lekua suertatu ziren. Haien orrialdeetan hasi ziren gero ospetsu bihurtuko ziren idazle asko eta asko lehendabiziko lerroak idazten; normalean ipuin edo kontakizunen formatupean, gainera.
Oro har, informatzeaz gainera, alfabetatze linguistiko-ideologikoa erdiesteko xedea zuen kazetaritza hark, literatura motari zegokionez, gizaki arruntaren hizkuntz maila ez gainditzeko ezaugarri formalak erakutsiko zituen oro har. Baina idaztankera arina, ulerterraza, irudiz betea erabiliko zuen arren, inolaz ere ez zien uko egingo proposamen berriak (egitasmo garbizaleak, besteak beste) sartzeari eta nolabaiteko literatur jolasak aurkezteari.
Mintzatu gara dagoeneko urte haietan Iparraldean prosa arloan izango zen esperientziaz eta hartan agerkariek eta autore zenbaitek izan zuten eraginaz. Alabaina, berariaz utzi dugu atal honetarako prosa narratiboaren «zinezko» aurretikotzat hartu izan den J. B. Elizanbururen Piarres Adame liburua.
Ikusia dugu dagoeneko euskal narratibaren aitzindaritzat ezin har bide daitekeen Daskonagerreren Atheka gaitzeko oihartzunak obrak nobelaren ezaugarri guztiak dituela, bat izan ezik: euskal literaturaren historian sartzea eragozten diona, hots, frantsesez idatzitako obra baten itzulpena izatea. Guztiarekin ere, eta itzulpena izan arren, egia da euskaraz argitara eman den lehen nobela dela eta behar baino gehiago izan dela gutxietsia eta baztertua. Gizartean gailendurik zegoen izpiritu erromantiko eta originaltasunaren zaleak ezarritako trabak zokoratzera bulkatu zuen berez duina eta euskaldunek oraindik irakurri beharrekoa den obra hau. Tamalez, «faltsukeria» demostraturik geratu ondoren, beste hizkuntzetatik euskaratutako liburu erlijioso kaskarrenak baino estigmatizazio handiago eta arrakasta gutxiago izan du Daskonagerrerenak...
Eredu arinagokoa den Piarres Adame-ri dagokionez, maiz galdetu izan da ea noraino bideratu zituen haren egituraketa eta idaztankera atalka argitaratzeko asmoak, eta noraino geratu zen bukatu gabe. Izan ere, edozein unetan buka zitekeen istorio-ehuna eskaini zuen Elizanburuk harako hartan.
Aldizkarien iragazkitik igaroa (1886an Donibane Lohizuneko La Nivelle aldizkari gorrian argitaratu zen atalka bosgarren kapituluraino, eta geroago Le Reveil Basque-n), 1888an kaleratuko zen azkenik liburu gisa Pauen. Atalka ateratze hark irakurleen interesa pizturik utz zezakeen eta, era berean, istorioak eta kontakizunak nahi beste luzatzeko aukera eskaintzen zuen. Azken lerroetan dioen bezala, jarraipena emateko asmotan zegoen Elizanburu, gaztaroa eta zahartzaroa tratatzeko, hain zuzen. Egileak berak aitortzen duenez, beraz, bukatugabea da narrazioa, Piarres Adame protagonistaren «haurreko» (haurtzaroko) istorioak baino ez baitira eskainitakoak.
Eta horrela, narrazio-ehundura honen idazlea entzule duelarik, Piarresek Saratik Oletarainoko ibilaldian kontatzen dizkion pasadizoek osatuko dute liburua. Baina harantzago ere iristen da obratxo honen ebokazio-ahalmena. Izan ere, ibilaldi emankor hura Frantziako bigarren Errepublika baino lehentxeago (1845ean, hain zuzen) gertatua bailitzen aurkeztua, bi pertsonaion arteko adin-desberdintasunak islatzen dituen errealitateek eta ikuskerek garai eta bizimodu zaharrarekiko etenketa ekartzen dute gogora: Pello gaztea (Elizanburu bera bezalatsu) 1830eko iraultzaren semea den bitartean, Piarres protagonista gutxienez 1789ko Iraultzatik aurrerako gertaera historiko garrantzitsuenak bizitzea egokitu zaion gizona da. Areago: obra guztia Piarresek Pellorengan sortu duen harriduraren inguruan harilkatzen da, ez-ohikoa baitzen Piarres, bukatzen ari zen garai bateko pertsonaia, Pellok ezagutzen zituen garai eta gizasemeekin gero eta zerikusi gutxiago zeukana. Eta kontraste hori Piarresen izaeran eta deskribapenean bezala («galtzak moda zaharrean eginak»...) haren kobla edo bertsoak egiteko moduan ere aurkitu ahal izango da («hamahiruko pontuko aire zahar batean» emandakoak, etab.).
Baina Piarresen eta mutikoaren errealitateen arteko etenketa ez zatekeen interes gehiagokoa ez balitz lerro berberetan «iragarriko» ordurako Cerquandek 1874/1885 eta Websterrek 1877, 1879 beren ipuin-bilketekin eta beste batzuk bilketa lexikografikoekin erakusten hasiak zirena, hots, gizarte zaharraren eta, bereziki, ezaugarritzat zuen ahozko transmisio sistemaren hil-hurreko egoera. Ildo horretan, Elizanbururen liburuak ezin ageriago utziko luke garai modernoek garai zaharrei bezala, idatzizko formula narratiboek ere lekua kendua ziotela ahozko tradizioari. Elizanbururen trasuntoa zen gazteari hitza eman izan balitzaio aitzinsolasean, honela mintzo zatekeen ziurrenik: «Nik, Pello, gizarte berriaren seme naizen honek, zuei garaikide zaituztedan irakurleoi idatziz emango dizkizuet gizarte zaharraren ordezkaria zen Piarresek niri ahoz kontatuak».
Adierazia dugu dagoeneko aurpegi hitsagoa eta tragikoagoa erakusten zuela etenaren eta agoniaren kontzientzia hark inguruabar bortitzagoetan murgilduta zegoen Hegoaldean. Horretan esanguratsua da oso Arrese-Beitiak «Ill da Euskera! ill da Euskera!» garrasi jeremiakoaren bidez islatu zuena.
Ez zen, halere, lantu-negarretan hustu gainbeheraren kontzientzia hura, bizitza-pizgarri kartsu bihurtu baitzuten isuritako malkoek.
Hari horretan, Azkue lekeitiarrarengan gorpuzten dira ongienik etenaren kontzientzia eta, orobat, erantzun zabalaren premiarena, azken hau literatur esparrua lantzen bainoago berau sustatzeko ezinbesteko ziren hizkuntza eta kultura berreskuratzeko ahaleginetan (hala zientzi ikerketak burutzen nola agerkariak sortzen eta zuzentzen) gauzatuko zuelarik.