literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Iraupena eta lekukotasuna»
Patxi Salaberri

Elkar, 2002

 

        Azkueren adiskidea eta garaikidea, Txomin Agirrek (1864-1920) orduko euskal idazle tipoaren ezaugarri gehienak biltzen zituen bere baitan. Lore Jokoen itzalpekoa (Buruazurra leiendaren eta Euskal Erria aldizkarian agertutako poema zenbaiten egilea), esparru erlijiosotik inoiz urrunduko ez zen apaiz «biografoa» (A. Larramendiren bicitzaren berri labur liburuxka argitaratu zuen Donostian 1890ean) eta Azkueren eta besteren aldizkarietan idazlea (hausnarketak, ipuinak, artikulu motzak eta beste), esan daiteke erdi kondenaturik zegoela ondarrutarra «leienda» erlijiosoekin muga egiten zuen eleberri historiko bat idaztera eta atalka (agerkariek behartutako formatupean, alegia) argitaratzera. Eta ezaguna da tasun horiek dituela 1898an Euskalzale-n argitaratu zuen Auñemendiko Lorea eleberriak.

        Esan gabe doa ordurako ezagunak zituela Agirrek Arakistainen Tradiciones vasco-cantabras delakoa (1866) eta, batez ere, Villosladaren Amaya y los vascos en el siglo VIII ospetsua (1879). 1868ko Iraultzaren ondoren Karlos VII.aren jarraitzaile bihurturik, idazle nafarrak (1818-1895) gogoz heldu zion nobela paradigmatiko hartan Euskal Herriaren irudi mitifikatuaren eta topiko bilakatuko ziren beste hainbaten azaltzeari (euskaldunen jatorrizko independentzia, betidaniko monoteismoa, fedearen erabateko lehentasuna...), betiere tradizio-alderdia nabarmenduz eta goraipatuz.

        Agirreren literatur erreferentzien arloan, halaber, ezin da ahaztu 1881ean argitaratu zela lehenengo aldiz Mogelen Peru Abarka autu-liburua. Eta nekez jakin badaiteke ere norainoko eragina izan zuen idazle ondarrutarrarengan, aski garbi dago tradizio postromantikoaren bidean eta baserriaren idealizazioan bete-betean txertaturik hauteman zutela liburua orduko irakurleek.

        Baina, nolanahi ere dela, badirudi euskal nobelaren filiazio-lanek behar baino arreta gehiago jarri izan dutela Agirreren eleberriaren ibilbidea erakutsi uste zezaketen idazlan horietan, eta ez dela behar bezalako arretarik jarri lehen nobelatzat jo izan den obraren jatorri formaletan.

        Agirreren Auñemendiko Lorea liburua nobela historikotzat hartua izan bada ere, zor handia du hagiografia klasikoarekin, azken buruan tematikoki lehen santa euskaldunaren bizitza interesatu bat —elementu eta lekukotasun historikoen faltak berak erraztua— eskaintzen baita bertan. Obraren asmoa ere, Agirreren nobelaren azken hitzei erreparatuz gero, ez dirudi ohiko hagiografia liburu batenetik urrunxko zegoenik: «Euskaldun guztiok an (zeruan, alegia) gertau gaitezala. Baiña ez daigun aztu euskaldunak garala esanda beste barik ez garala zeruetan sartuko». Nobelaren benetako amaiera (XX. kapitulua) osatzen duten azken hiru ahapaldiak ere (santa Riktrudisen eredugarritasunaren ispilu direnak) horretaz baino ez dira mintzo.

        Egia esan, hagiografia arloko gai zehatz hori tratatzeko aholkua urte batzuk lehenago mahairatu zen, Duvoisinek Joanategiri galdetu zionean (errieta moduko galdera, dena den) ea zergatik ez zuen liburuan toki bat egin euskal sainduentzat. Gabezia haren kariaz, hurrengo argitalpenean saindu sorta bat sartzea gomendatu zion, besteak beste «Ste. Rictrude, fille d'un chef basque». Joanategik beharrean, Agirrek heldu zion erronkari; baina ez Duvoisinen aholkuaren berri zuelako, P. Haristoyk bere Recherches historiques delakoan (1884) luzaz jardun zuelako baizik (gogora bedi Xahok ere bere Voyage à la Navarre... liburuan tartetxo bat eskaini ziola istorioari).

        Horrela, eta VII. mendeko euskaldun emakume sainduaren irudiaz baliatuz, Agirrek kristautasunaren apologia aratz bat nobelatzeari ekin zion, kristau fedea gizakiaren lehendabiziko osagarri gisa jarriz eta goratuz.

        Eleberriak, grosso modo, Riktrudis euskalduna frankotarren buruzagia den Adalbaldo dukearekin ezkontzean eta neskaz maiteminduta dagoen Portun euskaldunak franko inbaditzaileen aurkako gorrotoa abian jartzean zabalduko diren laino beltzetan du ardatz argumentala. Idazlearen aldetik espero zitekeen legez, kristau fedearen eskutik etorriko da tragediaren ondoko irtenbidea. Liburuaren mamia laburtuko lukeen esaldi batean baieztatzen den bezala, «Euskaldun ona baiño kristiñau benetakoa izatea askozaz obea da».       

        Oro har, beraz, «onak» (Riktrudis eta kristauak) eta «gaiztoak» (Portun bezalako fedegabeak) bitasunaren inguruan artikulatu nahi izan zuen Agirrek euskal lehen eleberritzat hartu izan den hau. Alabaina —eta tesi-lan horretara behartzean datza eleberriaren ahulezietako bat—, berariaz ahaztu bide zuen autoreak bestelakoak zirela irudikatu zuen errealitate hartako pertsonaiak mugiarazten zituzten mekanismoak. Baina, hagiografietan bezalatsu, honetan ere protagonista sainduaren bilakaerak bideratua zen narrazioa.

        Ildo horretan, askatasun —eta esperientzia— gehiagoz jokatuko zuen ondarrutarrak ohiturazkotzat hartzen diren Kresala eta Garoa eleberriak idaztean.

        Gainerakoan, euskal nobela jaio berriak perfilatuak zituen bere baitan hurrengo urteetako nobelagintzaren ezaugarri gehienak: hala ekintzaren planteamendua (euskal giroko gai ez konfliktiboen aldekoa; bigarren mailako oihartzun gisa izan ezean gizarte problematizazioa eta modernizazioa onartzen ez dituena), sorrera eta garapen hariak (teknika orojakilea, estilo zuzena, kronologikoa, korapilorik gabea) eta gertalekuak (euskal giroa ezagutzen duten euskal, amerikar zein frantziar esparruetan baino ez da gertatuko), nola pertsonaien irudikapena eta tratamendua (azaleko karakterizazioa, laua, garapenik gabekoa), ahaztu gabe narrazioei isuriko zaien osagai ideologiko-morala (gehiago edo gutxiago, baina katolikotasuna beti agerian) eta, nola ez, didaktikoa, nolabaiteko irakurketa-translazioa bilatzen duena ustez behialako ziren balore eta ezaugarriak egungo gizarterako egokitzat aldarrikatzean eta proiektatzean.

Bilaketa