Dechepare (1545)
Linguae vasconum primitiae. Euskeraren leen-zituak. Arriturik zegoen Dechepare euskaldun artean «izan baita eta baita scientia guzietan lettratu handirik..., nola batere ezten assayatu bere lengoage propriaren favoretan heuskaraz zerbait obra egitera eta skributan imeitera, zeren ladin publika mundu guzietara, bertze lengoagiak bezala hain skribatzeko hon dela». «Bertze nazione orok uste dute ezin deusere skriba daiteiela lengoage hartan».
Dechepare'k erakutsi digu baietz argi ta garbi. Ez da biotzaldi aundiekiko poeta, baino bai leguna, itz utsik eztuna, jasoa (correcto), lenbizikoa ez ezik, gaurkoa ere izateko; idaztankera lasterra ta muinduna du, ebakia ta adi-erraza. Neurria erderaren cuaderna via maizenik, eta neurtitza amasei silabaduna, kantatu gabe mingatzeko nonbait-orkoa. Joale-antzo miin-bakarra (monotono) dena: orixe. Gaiari dagokiola, idaztankera ere erakustezkoa (didacticoa) du: Doctrina Christiana, Amar manamenduiak, eta a. Eutsi erakusburutako:
Anhitz gendez miraz nago neure buruiaz lehenik
nola gauden mundu hunekin hain bortizki josirik
hanbat gende dakusula hunek enganaturik,
oranokoak igorri tu oro buluzkorririk,
eta eztute gerokoek hantik eskapatzerik.
Person ori hil denian hirur zaiti egiten,
gorputz ori usteltzera lur otzian egoizten,
unharzuna ahaidiek bertan dute partitzen,
arima gaixoa dabilela norat ahal dagien,
hain viage bortitzean compañia faltatzen.
Bekaldetu bedi Vuela el tren atravesando la monótona llanura.
Noizbait ere oitu du zortziko nagusia poesi'ren baten asieran. Maite leloen aurreneko neurtitzetan bi oek dakartzi:
Bertzek bertzerik gogoan eta
nik Andre dona Maria.
Bestenaz maite-leloetan ba du baten bat gordin-antza. Gai onetan biotzak ere zerbait lagunegiten dio: asko ikusia bide zen. Bere Kantuia'n ere asceta-usai apurra dario, ta liriko baino moral-erakuslego ageri da. Edozein erritako leen poetak ikusiaz, Dechepare'k eluke izen ori oso-oso ostua. Aren neurtitzetatik gaurkoetara eztago Villasandino'rengandik Herrera'renganaño bide. Neurtitzerdiko utsartea edo ebakia ez du beti-beti bereizten.