Joannes Etxeberri
Eskuararen hatsapenak (1712). Julio Urkijo jaunaren esku zabalari esker, irakur dezazkegu batean Joannes Etxeberri'ren idaz-lanak. Au dugu Axulartarrik gartsuena. Sara'n jaioa bera, Gipuzkoa'ko Azkoitia'n sendalari izana, Dotor edo Irakasle, euskera, frantses-erdera, gaztel-erdera, latina, gisaz erabili oi zituena. Axular'ek Jainkozko gauzetara bezala Etxeberri'k jakingaietara egoki zuen euskera. Latin ikhasteko hatsapenak eskaini zizkion Euskal-erriari. Aurretik dakartzi Eskuararen hatsapenak. Larramendi'k bere Iztegi'ko itz-aurrean bezalatsu, Gramatica orren aurretik emaiten ditu «euskeraren zuhurtziaren frogak, eskuara garbia dela, noblea dela, bertze izkuntzetarik ethorkirik gabekoa dela, zenbat gisetakoa den eta nondik heldu den euskaldunen mintzaira differentea dela, eta eskuara guztietan bat dela». Mariana'ren eta beste gaizkiesaleen buruzki goraki adiarazten du, euskera gai dala ikhulurako ez ezen jakingaietan ere iardukitzeko. Larramendi'k erderaz ari izan zituen gairik geientsunak, euskeraz ari izar zituen Etxeberri'k, Julio Urkijo jaunak oarrarazten duenaz. Esanik dago onezkero, Etxeberri'ren lana kanorezkoa (importantea) dela. Karmelo Etxegarai zenak esan izan zuen, euskal-idazleak beren buruz edo beren gisa joan oi zirela, bakarturik, bata besteren berririk gabe, ta kutsurik gabe. Laphurtarretan beintzat ez dirudi ala denik, esanen dut Urkijo jaunarekin. Etxeberri'k, beste asko laphurtarrek bezala, Axular artu zuen bere buruzagitzat eta gogotik ospatu ere. «Axular, Sarako Errotora, eskuarazko autoretarik hautuena, eta famatuena». «Egiazki Eskualherrian hau da bakharra, hanbat autoren liburuetan zauntzan gauzek arantzepetik atherarik bezala eta Theologiaren mami hautua bildurik, eskuaraz ederkienik argitara eman darokuna. Halatan beraz baderraket, eskuarazko autoretarik hau dela Aitzindaria, Buruzagia eta lehena» (pág. 61). Sara'ko euskera zekien, «Euskal-herri guzian ospe handitakoa», eta Axular irakurri eta Etxeberri irakurri, ezin uka diteke antza badutela. Oldartu zen arloa edo larda zabaltzen. Arteraino Eliz-gauzetan bakarretan erabil zuten izkuntza, yalgiarazi zuen jakingaietara ere. Filosofoen esanak eta poeta'enak eta abar egoki euskeraratzen ditu. Laphurdi'ko literaturan ezin-utzia da Etxeberri.