Arrese ta Beitia
Au dugu euskaldun poetarik bizkorrena: erritarra, erritik ateria. Irakurtzen ere ez dakiten ardandegiko bertsolariek baino ikasiagoa, ta alaere ez landua. Nork ez daki buruz eta nork irakurri ez du biozminarekin Ama Euskerriari azken-agurrak? «Xamurtasun goxoa, negar-min barea, iduripen aundikorrak, Jeremias'en eiagorak eta Shakespeare'n aienak berekin ditu, Euskalerria'n berdinik ez duen eresi onek» (Campión).
Nun dira bada zure semiak,
Foru ta euskerazaliak?...
[...]
Umezurtz batzuk gelditu gara
bilosik Foru-gabiak.
[...]
Zorioneko arkaitzak eta
zorioneko mendiak,
orain artian zuek izan zare
Foruen gordelariak.
[...]
Geiegi da ta, ausi arkaitzak,
onegi ez izan, mendiak,
lurpetuteko, Euskera il ta,
bere ondasun biziak.
Bera tontorrak, bete arruak,
erdu Gaztel-lau igarrrak,
agortu errekak, lurtu itxasuak,
agur, euskaldun ibarrak!
«Euskerak adina iraunen dute Arrese'ren euskal-kantak», C. Etxegarai'k zionez, eta bere onen aburuz, «euskaldunago ta poeta bioztunago da Arrese». Landu-itxura artu nai duenero, ordea, ez du lurraren azal-gainetik aldegiten.