Elizamburu
Nere etxea edo laboraria (1860-65). Etxe-jaun eta nekazari, aiten aitek aukeratutako lurra lantzen ari dena, deusen ments ez dena, mintzalari goxoa ta garbia, «eskualdun fededun»... poeta-gai dela igarri dikioke. Etxea ta etxekoak maite, ta Jainkoaren itzalean bizi, zer zoriona! Zorion ori argi nabari da Nere etxea edo laboraria deritzon poesian. Ardandegietan ere entzun izan ditugu ahapaldi batzuk, euskaldunak poesia'rako axolkabe ez direla ilargiarazteko. Ain ezaguna ta luzexkoa delako ez ditugu osotara aldatuko; bai orde ahapaldi batzuk, baliteke guzi-guziak ez ezagutzea-ta.
Ikusten duzu goizean
argia hasten denean,
menditto baten gainean
etxe ttipitto aitzintxuri bat [10]
lau haitz handiren artean,
iturriño bat aldean,
xakur xuri bat atean?
Han bizi naiz ni bakean.
Naiz ez den gaztelua,
maite dut nik sorlekhua,
aiten aitek hautatua.
Etxetik kanpo zait iduritzen
nonbait naizela galdua;
nola han bainaiz sortua,
han utziko dut mundua
galtzen ez badut zentzua.
[...]
Etxean ditut nereak
akhilo, aitzur, goldeak,
uztarri eta hedeak.
Yazko bihiaz ditut oraino [11]
zoko guziak beteak;
nola iragan urtheak
ematen badu bertzeak
ez gaitu hilen goseak.
Landako hiru behiak
esnez hanpatu dithiak
aratze eta ergiak;
bi idi handi kopetazuri
bizkarbeltz adar-handiak,
zikhiro, bildots guriak,
ahuntzak eta ardiak,
nereak dire guziak.
Bere onek ba ditu beste poesi onesgarri zenbait; nik dakizkidanetan Aingeru bati ederrentsuna, begirapenaz eta maitez ihiztatua.
[10] Aurre-aldea txuria duena.
[11] Igazko alez ditut oraino.