14. Manuel Antonio Antia
(1830-1894)
Urretxu'ko semea dugu Antia apaiza, an bait zan munduratu 1830-5-6'an. Ele-ederra ta jakintza Oñati'n ikasi zizkigun; Iruña'n, berriz, Teolojia. Apaiztu ondoren, Leitza'n egon zan lendabizi kapellau ta organu-jotzaille bezela, ta gero Urnieta'ko apaizburu izan zan 36 urtetan. Antxe il zitzaigun azkenez, 64 zitula, 1894-1-5an, au da, Urte berriz. Karmel Etxegarai'k egin zuen «Euskal-Erria» aldizkarian aren il-berri ematea, ta Migel A. Iñarra oiartzuar olerkariak il-arri batean poema bat eskeiñi zion.
Donostia'ko Lore-Jokuak, beste batzuen artean, berak sortu ta indar-azi zituen; baita 1886'an, batez ere, Abbadie jaunaren babespean, Urnieta'n, bere jaioterritzakoan, ospatu ziran euskal jaiak antolatzen gogotsu lan egin ere.
IDAZLANAK. Lau liburu laga zizkigun: 1) Ceruraco bide zucena eta segurua, don Antonio Maria Claret, Trajanopolis-co Arzobispo Jaunac gaztelaniaz ipiñi zuenetik (Barzelona, 1867).
2) Karmeltar debotoarentzat ikasbidea, kataluniako itzkeratik gaztelaniakora d. J.E. eta A'k aldatu, era Barzelonan tipografia española deitzen dan moldizkiran 1879'ko urtean argitaratu zuenetik (Tolosa, 1883). Berton dator Ama Birjiña Karmengoaren bederatzi-urrena ere.
3) Jesusen Biotz sagraduco debociozco liburuchoa, euskerara itzulia (Tolosa, 1887). 208 orrialde.
4) Kristaua elizan. Eta espaiñeratik euskerara egiñiko itzulpen mordo bat.
Luma erreza du. Donosti'ko «Euskal-Erria»-n era Bilbao'ko «Euskalzale»-n azaltzen ditu, batez ere, bere lanak: ipuiak, olerkiak era itzulpenak; Aparasi Guijarro'ren lan batzuk euskeratu zizkigun. 1882'an jai aundiak ospatu zituzten Oiartzun'en, Aita Mendiburu'ren omenez; bertoko poesi leiaketan Antia'k irabazi zuen len-saria, «Poztu zaitez, Oiartzun» olerkiarekin. Lopez Alen'ek dio beretzat euskal izlaririk bikaiñena izan zala.
Ura alakotsu dario aren lumari izkera garbi zalua. Ona zatitxo bat, biotz asegarri, Jaiot-erria deritzan lantxotik: «Begira, badakust!, begira zeru aiñ garbi, aiñ zoragarri, aiñ lasa eta ederki zabaldu orri. Zeru ori da nere jaioterriko zerua, mantu urdin guzizkoa, argi loretsu batek edertzen duena. Zeiñ ederra zeran, nere erria!, farra gozoa egin zuen Jaungoikoak zure lurra egiteratu zuenean... lorez jantzi zuen, eta aize gozoenai agindu zien lurrinkatu zezatela. Presko era lirain, etzaten zera lorategi gogotsu orretan begirada bildurtia lenbizi bere maiteari zuzentzen dion birjiña eder eta garbiaren eran».
(Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 376, 573, 635 zenbakiak; L. Villasante, HLV, 263 orr.; N. Kortazar, Cien autores vascos, 12 orr.; «Euskalzale», 1898, 7 orr. era abar; K. Etxegarai. «Euskalzale», 1899, 65 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 684 orr.; F. Arozena, Diccionario biográfico vasco, 32 orr.).