literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

10.— Frantzisko Inazio Lardizabal

(1806-1855)

 

        Euskera susterrez ikasteko iturriak omen ditugu: erria ta euskal idazle onak. Euskera soilla darabillen erriak, izan ere, izkuntza garbia ta jatorra duke bere ezpaiñetan. Ba-dira bigarrenez aintziñako autore zaharrak ere, erriaren aotik ikasita, edo artuta, ur gardena damaigutenak. Oietakoa dugu Lardizabal. Zaldibi'n sortu zan 1806-7-5'an; eta Santa Fe elizan bataiatu zuten urrengo egunean. Lenengo eskola-ikasiak jaioterrian bertan artu zituen; eta gero, oraindik gazte, apaiz izateko griña barnean somaturik, Lazkau'ko karmeldarretara jo zuen. Emen ezagutu ote zuen Prai Bartolome? Onek ere gaur Aita beneditarrak daukaten etxean egin zitun bere ikas-jardunak, eta ditekena dugu biak alkar an ezagutu ta euskal gaietaz alkar berotu al izatea. Euskeran beintzat ba-dute biok alkarren antza. Noizarte egon zan bertan? Ez dakigu. Itxura danez, Burgos aldean osatu zitun bere eliz-ikasketak, azkenez Madrid'en amaiturik. Apaizgoa artu ondoren, Zaldibi'n daukagu arimazai ta benefiziadu. Aiurri leun ta gozokoa genduan, edozeiñi on egiteko beti gertu zegoena; neurrizko ta otzan. 1855'garren urtean Gipuzkoa zear zabaldu zan izurriteak jota zeudenai laguntzen zebillela, bera ere kutsutu ta 1855-8-20'an itzali zitzaigun. Utsune sentigarria laga zuen euskal arloan.

 

EUSKAL LANAK.— Bi liburu utzi zizkigun: kondaira bata ta gramatika bestea; biak ederrak.

        1) Testamentu Zarreco eta Berrico Condaira (Tolosa, 1855). Gorosabel liburu-egillearen etxean. 548 orrialde.

        Edesti deuna da, Itun bietatik aterata; munduaren asieratik Elizaren len-oiñarriak sendotu arteraiñokoa. Aspertu gabe irakurri du gure erriak: ni txikitxo nintzala, igande arrastietan batez ere, sendiko guztiok sukaldean edo zugaztipean bildu ta aitak irakurtzen zigun zati bat, eta nere aita il-agiñik zegoela, beronek eskatuta nik irakurri nizkion Itun zarreko erkabaen egite arrigarriak eta eriotzak. Liburu bikaiña ziñez, euskera «eder, garbi ta ugariz» eta goxoz idatzitakoa. Orixegatik edo, bein eta berriz argia ikusi izan du; Bilbao'n azkenengoz (1957), baiña Testamentu Berrikoak bakarrik.

        Aurretik ere baziran euskal literaturan olako liburuak. Lardizabal'ek, ordea, kondairaren itzaurrean bertan aitortzen digu zerk eraginda osotu zuen berea. «Itzkuntza guzietan —dio— dituzte beren liburuak, erakusten diezteenak, Jaungoikoak egin dituela, Eskritura Santak dion gauza miragarriak; eta zuek ere, nere erritar maiteak, mesede au merezi zenduten, zeron begiakin guzia argiro zekusaten. Egia da, aita Frai Juan Antonio Ubillos-ek Apaiz Fleuri-ren esku-liburutxo bat, zenbat gertakari dakarzkiena, eman zizuela, euskarara ederki itzulia; baña nai litzakean baño laburragoa da. Franzia-ko Apaiz Larregui-k ere, orain irurogeita amar urte diralarik, argitaratu zuen, Testamentu zarreko eta berriko Historia-ren izenarekin liburu luzeago bat, munduaren asieratik, Jesu-Kristo gure Jauna zerura igo zan arterañoko berriak zerbait zearoago eta zabalkiago ematen dituena; baña liburu onek ere, batetik Labort-euskaran ipiñia, bestetik zuen artean txit urrria eta bakana dalako, dezuten utsunea ez du, nai bezala, betetzen. Nik, bada, nere ez-jakiñari gogor egiñik, artu nuen, Gipuzkoa'ko nere euskaran berri bat ipintzeko eta argitaratzeko asmoa» (Itz-aurrea, 1 orr.).

        Eta, zalantzik gabe, liburu ederra atera zan bere eskuetatik; bere erriarentzat noski. Idazkera berezia du, ariña ta biguiña; gauzak diran bezela adierazten daki. Iñoiz ere ez du esaera motelik. Poliki ta txukun dio esan bear duena. Ta erriak, jakiña, begi-samur ta txaloka jaso zion beretzat egindako lana. Aitortu dugunez, euskal liburu gutxik izan du onek aiña irakurle. Naiko ez al dugu au idazle baten balioa neurtzeko?

        2) Gramática Vascongada (Donostia, 1856). Egillea ilda urrengo urtean argitara azaldu zana.

        Gorosabel'ek dioanez, 1855'an, Ernani'ko Batzar Nagusiak, gramatika onen balioa ikusirik, erabaki au artu omen zuen Probintziak bere kontura argitara ekarri zezala Lardizabal'en gramatika, eta liburu au errietan zabaltzerakoan, Aldundia bera arduratu zedilla lenengo erakustaldiko maixu bakoitzari ale bana ematen, euskeraren irakastea edatuago egin zedin (Noticias, I alea, 398 orr.) Ramon Gereka'k jarri zion aurre-solasa.

        Izaitez eta egitez Gipuzkoako Aldundiak argitarazi zuen bere pentzutan zaldibitarraren gramatika. Aldundi beronek aginduta osotu zuen gaiñera Lardizabal'ek, berau bait zan, Azkue'k dioskunez, garai artako gramatikalaririk «aundiena». Lana egiterakoan, ziurrik asko, begi aurrean eduki zitun aurretikoen gramatikak ere: Larramendi, Astarloa, Mogel, Mendiburu, Ubillos, Kardaberatz, Agirre, Zabala, ta abar. Auen utsuneak betetzeko edo, moldatu zuen Lardizabal'ek berea.

 

NOLAKO EUSKERA DUEN.— Azkue zanak maite zuen Lardizabal; goi-goi jartzen du onen lana. Kondaira aztertzean, beti idatzi oi du «lan eder au», «lan bikain onek» eta olakoak. Erriagandik jaso zizkigun itz eta esaera asko, egoki ta xarmantak. Guztiz zala zan, alemanen pareko; ta itzkuntza idazten zuen, guk gaur izkuntza esaten duguna.

        Badu erderakadarik, baiña oso gutxi. Ederto darabil aditza; erriak gaur irabiatzen ez ditun batzuk ere —dakus, berraikit, zirauan, niarduen eta olakoak— berak sintetiku eran darabilzki. Etzitzaigun itz berri edo neolojismu zale, banaka batzuk Larramendi'gandik artuak ditun arren. Sortzez goierritar zala ere, ba-ditu Bizkai ta Napar-usaiñezko zeinbat adizki eta esakun ere: ezta arrigarria bizkaitar-napartar kutsu ori. «Gogora dezagun —dio F. Mendizabal'ek— bere gramatikan giputz, bizkai ta naparrerak daukatela toki, ta ez geiegi arrituko kutsu orrek. Gañera, Lardizabal'ek jaio ta bizi, apaizgaitaroa ez gañetikoa, Zaldibi'n egin zituan. Zaldibi'ko euskerak, berriz, ba-du tankera pixka bat bai naparrerarekin, onen muga ondoan dagoelako, eta nik ez dakit zergatik baña bizkaierarekin ere ba-du beste antz pixka bat» (Euskera, 1956, 186 orr).

        Mugaz bestaldekoakin ere ba-du zer-ikusia. Benaparroatiko esakera gutxi batzuk ere aurkitzen dtugu bere idaztietan. Au ere ezta arritzekoa, bere Kondaira biribiltzerakoan, aurrerago Larregi'k prantsesetik itzulitakoa begipean euki omen zuen eta. Azkue zanak oni buruz: «Zaldibiko erretoreak Basusarrikoaren lana artu zuen berearen ointzat; bainan aren izkuntza ta onena eztira berdiñak. Frantzes-kutsu aundia du arenak, onena askozaz txukuntxoago, garbixeago da».

 

IRITZIAK.— Orixe'k: «Testamentu zarreko ta berriko Kondaira, nork eztu ezagutzen?, nork eztu irakurri bein baino geiagotan? Bibliaren laburpen polita egin zigun euskera eder, garbi, ugari askian. Gipuzkoa'n noizbait ere maiz irakurtzen zan. Orain eztakit ainbeste. Gramatika-lanetan ere jakintsua, zen» (E. Esnalea, 1927, 231 orr.).

        L. Mitxelena'k: «Agertu ezkero ederki zabaldu zan Gipuzkoa'n barrena Kondaira au, beste edozein euskal-liburu baiño geiago bear bada. Eta, ongi merezi zuen orren zabaldua egotea. Ez gaiagatik bakarrik, baita izkuntzagatik ere. Lardizabal eztugu bide berriak irekitzen dituzten orietakoa, bai ordea iztun ederra eta ugaria, ugaririk bada. Ikaskizun ugari arki ditzakegu liburu onen orrietan, eta arkituko ditugu, iñoren begiko lastoaren billa ezpagabiltza. Nik beintzat orrelakorik asko topatu dut liburua zabaldu dudan guztietan».

        Aita I. Omaetxebarria'k: «Euskal idazle legezko ta argia dugu Lardizabal, izkera nabarrekoa. Ezta egundo ere gogortu, ez griña-oldartsu. Esale jator bat dugu, esan txukun eta ederrez gauzak adierazten dakiana. Etxegarai'k onetaz esan zuen: "idaztankeraren ez-aldeko osotasuna deitu genezakiona duela beregan, utsune guztitik poliki iges egitetik datorkiona, alegia". Baiña gaitasun ezezkor soil-soil au baiño zerbait geiago arkitzen dala, uste dugu Lardizabal'en liburu ederrean. Errian erabat liburu gutxi izan dira au bezain irakurriak, eta onek zerbait esan nai du bere alderako».

        K. Etxenagusia'k: «Euskera sakon daki: iztun ederra ta ugaria; bere lanak ondo landuak dira, argiak, txukunak (bear bada zertxobait otzak eta motelak)».

 

        (Ikus R.M. Azkue, «Euskera», 1928, 337 orr.; F. Mendizabal, «Euskera», 1956, 183 orr.; A. Irigoien, Testamentu berriko Kondaira, Bilbao, 1957, itzaurrean; I. Omaetxebarria, Euskera, 245 orr.; L. Mitxelena, «Egan», 1957, 233 orr. eta HLV, 111 orr.; L. Villasante, HLV, 255 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleen Lorategia, 131 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 607 orr.).

 

Bilaketa