literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

5.— Jose Kruz Etxeberria

(1773-1853)

 

        Oiartzuarra. Eta Aita prantziskotarra, Zarautz'eko komentuan A. Añibarro ta A. Zabala'rekin mixiolari ibillia. Ez dakigu nun osotu zitun eliz karrerako ikasikizunak, baiña ango mixiolarien zerrendan idoro dezakegu onen izena ere 1801'tik aurrera. Izlari aspergaitz Gipuzkoa'n eta Nafarroa'n.

        Gorago ere aitortu dugunez, une latzak ziran aiek, prantsesen gerratea zala-ta. Napoleon'ek bere kasa jarritako agintaria ontzat artzeko gibela bear zan; prailleak, ordea, nundik oratu etzutenean, froga askotan aztertu ta zirikatu nai izaten zituzten. Aita Etxeberria'ri, bein, Josef Bonaparte sasi-erregea erriak ontzat artu zezala pulpitutik esateko agindu zioten. Etzun esanik bete nai izan, eta or erabilli zuten espetxerik espetxe, Donosti'tik Prantzira, beste lekaide asko lez. Ekaitza ibitu zan atzenez, eta A. Jose Krutz bere komentura biurtu zan.

        Aize-erauntsia, orraitio, errez sortzen; ez gero itxaso zakarrean bakarrik, gizarte alorrean ere bai sarri askotan. Prailleak, 1839'an, berriz egotzi zituzten beren etxeetatik; eta alderrai ibilli zitzaizkigun urte mordoxkan. A. Jose Krutz Urnieta'n il zan 1853'an.

 

IDAZLANAK.— Egun aietan erriz erri ibilli oi ziran mixiolariak, sermoe paper pillo aundiak zeuzkaten, geienez idatzi ta buruz ikasirik esaten bait-zituzten bere itzaldiak. Praille komentuetan, gaur ere, olako eliz berbaldi meta ikaragarriak dauzkagu. Aita Etxeberria'k, dudarik gabe, izango zitun bereak. Baiña oietaz gaiñ beste bost liburu idatzi ta, lau beintzat, bera bizi zalarik argitara eman zitun.

        1) Devociozco vicitzeraco sarrera San Francisco Salesec aterea, eta Aita Prai Jose Cruz Echeverriac... euscaraz ipini duena (Tolosa, 1821). Sales'tar Frantzisko deunaren liburu ospetsu au askok euskeraz jarri dute: adibidez, Silvain Pouvreau'k eta Haraneder'ek lenago, ta Aita Pio Etxeberria karmeldarrak geure egunetan. A. Jose Krutz'en itzulpena sei-zazpi bider gutxienez argitaldua izan da; 1885'an Tolosa'n, Mugerza'ren etxean egin zanari Azpeitia'ko Murgiondo apaizak gain-begiratu bat eman zion; azkenengoz 1901'an argitaldu zan, orrazketa batzuk eginda.

        2) Bici bedi Jesus sacramentatua: Bici bedi ia izan bedi guziec gandic amatua. Cristau doctrina euscaraz (Tolosa, 1822).

        3) Ongui bicitzeco ta ongui iltzeco laguntza (Tolosa, 1824). Lau-bost bider argitara emana; 1860'an azkenengoz. Eraspen-liburua; kristauaren azken-orduak dirala-ta batez ere, gogoeta ederrak dakazki; eta gaixo ta eri daudenai ondo iltzen laguntzeko erak.

        4) Misioco ta Misio ondoreco cantac (Tolosa, 1845).

        5) Jesusen Imitacioco edo berari jarraitcen eracusten duen liburuba (Tolosa, 1829); Lama'ren etxean. Gipuzkeraz auxe duzu Kristo'ren Antz-Bidea'ren lenengo itzulpen osoa. Berriz ere 1881'an argitaratu zan.

        6) Azkenez, erderaz beste bat utzi zigun, oraindik argitara atera gabe: Nuevo Socorro para Párrocos y Confesores jóvenes en lo concerniente a su ministerio. Ber-berak itzaurrean aitortzen digunez, karlista gerratean bere oiko mixioetara irteneziñik zegoen uda batean, liburu au moldatzen eman zuen aldia.

        Nolako idazlea ote dugu A. Etxeberria? Zarautz'eko komentuan zegoelarik euskaltzale garaiakin bizitu zala ere, etzun Aita Jose Krutz'ek olako zer aundirik aiengandik ikasi. Berezko euskeraz jarduna dugu bere liburuetan, bai itzetan bai joskeran, mordoillo samarra noski. A. Zabala'ri etzitzaion eder, gorago aitzen eman dugunez, anai mixiolari onen izkera. Izan ere, txukun idatzi ez arren etzion ardurarik, bere artzai-erakutsiak egoki ta ulerterrez eliztarrai adierazten saiatu ezkero.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 190 a, 194, 211, 316 ta II'garren alean 593 ta 597 orr.; L. Mitxelena, HLV, 110 orr.; L. Villasante, HLV, 243 orr.; Bitaño, Vida Vasca, 1964, 103 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 604 orr.).

 

Bilaketa