1. Jose Inazio Gerriko
(1740-1824)
Segura'n jaioa, 1740-1-4'an. Bere aita, Markos Gerriko, Segura'ko semea zan, eta ama, Anastasia Enatarriaga, Mutiloa'koa. Aitaren aurretikoak ere mutiloarrak ziran, itxura danez.
Bere jaioterrian ikasi zitun latiña, literatura ta enparau gizatiar gaiak, eta ondoren, amairu-amalau urteko zala Madrid'era aldaturik, bere osaba Jose Enatarriaga, Oñati'ko kondearen artxibu-zaiaren etxean jarraitu zuen ikasten. An gaiñera, Ataun'go seme Felipe Altolagirre'ren laguntzaz batez ere, filosofi ta teoloji ikasketak burutu zizkigun. Eta 1762'an apaiztu ta Mutiloa'ko elizan benefiziadu zan Telleria il zanean, berau jabetu zan legez ta bidez ark utzitako eliz-aulkiaz. Eta arrezkero guztian, bertan eman zuen Gerriko'k bere bizitza osoa; erri aundiagoetara aldatzeko egokierak izan arren, antxe zegoen ondo bere asaben errian, Elizondo deritzaion etxean: ementxe itzali zan 84 urtetan, 1824-2-23'an.
BERE LIBURUA. Lan bat utzi zigun: Cristau Doctriña Guztiaren Esplicacioaren Sayaquera. Liburua etzan bere bizitzan argitaratu, 34 urte geroago baiño. Latza bene-benetan egillearentzat. Ez al zuen Gerriko'k alegiñik ipiñi ortarako? Bai, ta ez gutxi. Au dio A. Arrue'k: «Dirua bear eta nork aurreratu ezin iñon aurkitu; baimena bein da berriz eskatu ta, beti itxaropen onak, baiña beñere eltzen ez; dirua ta baimena erdi-eskuratutakoan, berriz, lan guzia erderara aldatzeko agindua... Betiko kontuak! Orrela jarraitu zituan Don Jose Inazio gizarajoak bere azken-urteak».
Atzenez ere, 1858'an argitara ziran Tolosa'n Saiakera oiek. Milla orrialdetik gora ditu liburuak, lau aletan bananduta. 1805'rantza idatzia dugu. Kristau-Ikasbidearen azalpen zabala da, Testamentu Zarreko ta Berriko edestiaren pasarte ta txatal askorekin ornitua. Galde-erantzunetan dago, azaltzen duen egia erriak obeki ulertu dezan, naiz-ta erantzunak sarri luze xamarrak izan.
Goierri'ko gipuzkera darabil, eta trebeki erabilli ere, esaera ederrez, itz egokiz eta adizkera apaiñez oretua. Ba-ditu mordoillokeriak ere, gaur egunean dugun ao-xuriak errez eraman ezin ditunak noski. Alare, oker-makur guztion gaiñez euskal arnasak dardar dagi seguratar idazle bipillaren liburuan. Irakur zatitxo au:
«Saulen soberbiak ezin sufritu izan zuen berari baño alabanza andiagoak Dabidi ematea: eta ala arrezkero Dabid bere eskuz iltzeko, eta ori ezin zuenean, ill eragiteko ezin esan al baño alegin andiagoak egin zituan: baña Jaungoikoak Dabid gorde zuen: eta ouek Saul iltzeko era ona askotan izan bazuen ere eta bera Israelgo Errege izateko Samuel Profetak aurrez konsagratu bazuen ere, Sauli iñoiz ere gaitzik egin etzion, eta aren persekuzioa pazienzia eta mansotasun andiarekin sufritu zuen: eta beste exenplo asko utzirik, eta ori bera ikusi zan iñun baño obeto Jesu-Kristo gure Jaunaren kontra Juduen apaiz nagusi eta agintariak beti eduki zuen enbidia eta gorroto guztiz andian: bada ainbesteraño itxutu ziran eta ainbesteraño gogortu ziran, nun Jesukristo Pilatosek berak inozentetzat deklaratu bazuen ere, gurutze batean illik ikusi artean aspertu etziran» (Saiakera, Tolosa, 1858, 2'gn alea, 70 orr.).
Eta beste au: «Zer esan nai du berez danak? Esan nai du, eztala beste gauzarik batere, eta eztala izan iñoiz ere berez danik; Jaungoikoa bakarrik baizik. Eta ala Jaungoikoa bakarrik dala betikoa: berez beti bizi izan dana: iñori ezer ere iñoiz ere zor izan eztiona: eta kontrara, kreatura guziak, ala andiak, nola txikiak, nola bizikorrak, nola bizirik eztuenak: Zerua bera, Aingerua guziak: Eguzkia, Illargia, Izarrak: eta Lurra, eta Itxasoa; gizonak, emakumeak, abere eta egazti mota guziak: arbolak eta landara mota guziak; hitz batean, mundu guzia, eta goien eta bean ikusten diran gauza guziak, etzirala berez, eztuela berezko izaterik: diran guzia, eta duen guzia, besteri (au da, ezerezetik sortu edo egin dituanari) zor diotela: denbora batean ezertxo ere etzirala, eta sortu dituanak, konserbatuko, edo iraupena emango ezpalie, ezer ezera biurtuko liratekeala: eta orra zein diferenzia miragarria dagoan Jaungoikoaren eta kreaturen artean» (Saiakera, 1'goa alea, 47 orr.).
Baita ba-ditu, maiz xamar, zati gatz-ozpinduak. Gure nekazariak nainoiz izan zaizkizu taberna ta tratu-zale; auen azken txarra aipatzen du Gerriko'k bere zatitxo ontan: «Azkenik dio premia egiazko bage merkatutik merkatura eta tratutik tratura eta tabernatik tabernara dabiltzan nekazari pobreak, ezagutu bear due, urtearen kabuan zenbat denpora alperrik galtzen duen; zenbat gastu alper egiten duen; zenbat kalte eren emazte eta umeai egiten dien; zenbat arazeri eta zenbat oker datozkien eren tratoetatik, eta nola komunkiro eren familiak ondatzen dituen; eren buruak galtzen dituen, eta zorigaiztoko paradero eta zarzaro miserable bat izan oi duen, lenago zorrez eta zorriz beterik iltzen ezpadira».
IRITZIAK. Ezberdiñak dira oso idazle onen lanari buruz dauzkagunak. Orixe'k, adibidez, aipatu ere etzuen egin bere euskal literaturaren edesti laburrean; Azkue'k ere, Iztegian aipatu arren noiztenka, Morfologian eztu aitatzen iñoiz ere. Elizalde'k eta Eguzkitza'k, ordea, poliki txalotu zuten aren lana.
Eguzkitza euskaltzaiñak lenagoko dozenerdi euskal idazle onenetarikoen artean jarri zuen Gerriko. Meko batzuen iñoizko salakuntza zala-ta, apezak euskera galdu egin zutelakoa, alegia, au idazten du Eguzkitza'k: «Baña gure aurretiko euskal idazlerik bikañenak, Axular eta Mendiburu, Gerriko ta Agirre, Añibarro ta Mogel apezak ez al ziran? Bai, noski. Eta gure izkuntza zar ontan oien idazkiak baño ederragorik, nork egin du? Guk dakigula, iñork ere ez. Au oroituz, erraten nuan: euskeraren galtzea obena, nola izan daiteke».
A. Arrue'ren aitorra: «Buruz azkarra, jakinduri agirikoa, onbidetsua, etorri aundiko iztuna ta euskaltzale benetakoa, Gerriko Gipuzkoa guzian txit ezaguna ta maitea izandu zan». Eta geroxeago: «Gerriko'ren eta erabat bere gizaldiko eleiz-gizonen euskerazko liburuak ezin lezazke iñork bear bezela ulertu, aldeaurretik jakiñan gaiñean ezpadago gauz batez: alegia, praille ta apaiz aiek geienak beñepein etzituztela euskerazko idazlanak literatura egiteko asmoz antolatu, Kristau-dotriña ta erlijio gaiak erakutsi ta zabaltzearren baizik».
A. Mendiburu'k, bere Otoitz-gaiak idaztean batez ere, euskal idazle egiazko bezela, aurretikoak eurrez erabilli zituzten ainbat esaera oker eta ganora bako saiets utzi zitun. Eta 1904'an Tolosa'n liburu au argitaratu zanean, iritzi-emailleak itzaurrean oiartzuarraren jokabide au txalotzen du, ez aurretik ez gero etzuela iñork olakorik egin gaiñeratuaz, «si se exceptúa al inteligente bascófilo don José Ignacio Guerreco». Gerriko, beraz, Mendiburu'ren pareko beintzat badugu.
«Izkuntzaren maixu bat dogu dio K. Etxenagusia'k: bai aditza erabiltzen, bai itz jatorretan, bai esaera ederretan...».
(Ikus Antonio Arrue, «Egan», 1956, 3-4, 33 orr.; I. Omaetxebarria, «Euskera», 23, orr.; L. Villasante, HLV, 221 orr.; L. Mitxelena, HLV, 110 orr.; K. Etxenagusia, Euskal Idazleen Lorategia, 69 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 290 orr.).