49. Jean Pierre Arbelbide
(1841-1905)
Arbelbide jaunak utzi zizkigun liburuetatik bi aipatu ondoren, au erantsi zuen Orixe'k: «Bi liburu oriek mami utsa dire, bururen buru irakurri arteraino betarik eta egonik emaiten ez dutenak» (Euskal Esnalea, 1927, 207 orr.). Beraz, ez duzu edozein, esan oi danez, Arbelbide kalonjea.
Zaro'n (BN) jaio zan, 1841'garren urtean. 26 urteko zala, 1867'an apaiztu zan. J.B. Garat jaunak irasita, Baiona'ko eliz-barrutiak Azparren'en zeukan Mixio-etxeko nagusi izan zan. Eragin aundia izan zuen Beloke'ko beneditar lekaretxea jasotzerakoan. Azparne'ko Misio-etxea ordena-alkarte biurtu nai izan zuen, ortarako Erroma'ra ta Ego-Amerika'ra ostera batzuk egiñik; baiña asmo eder oiek otsean moztu zizkion Baiona'ko gotzaiak. Azkenez, Baiona'ko kalonje egin zuten, eta andimerik ainbat itzaldi ta gogo-jardun eder zuzendu zitun, naiz lekaide-lekaimeai naiz osterantzekoai. Iruña'ko katedralak ere entzun zituen aren itzaldi gartsuak.
1905'an, 64 urteko zala, itzali zan Baiona'n bertan.
BERE EUSKAL LANAK. Prosa bikaiñez idazten zuen Arbelbide'k; baita iñoiz opildu zitun neurtitz bero batzuk ere. Bere liburu beiñenak:
1) Bokazionea edo Jainkoaren Deia (Lille, 1887). 387 orrialde. Apaiz eta prailleak, Jainkoak emanda duten dei bereziatzaz duzu, bost zatitan bananduta: deia zer dan, erlijio-bi zitzaren obari ta goitasunak noraiñokoak diran, bakar-bizitza, komentuak munduari dakarkien mesede ikaragarria, ta abar, ederki adierazten digu.
2) Erlisionea. Eskual Herriari dohazkon egiarik beharrenak. Heren Ordreko chehetasunekin eta Meza-bezperen othoitzekin (Lille, 1890, 1892). 479 orrialde. Ale ederra. Estebe Lapeire'k egin zuenez, zati ta zaitñoetan banandu zuen onek ere: 1) Bearrezkoa dugu erlijioa; 2) Jesukristoren jainkotasuna, Eliza ta onen ezaugarriak; 3) Aita Santua, onen eskubideak eta uts-ezintasuna; 4) Erlijioak dakarzkigun obariak; 5) Siñismena ta siñisterik eza; eta 6) San Frantzisko'ren Irugarren Ordena, munduko gaitzak uxatu ta garai artako bear-izanai arpegi emateko bide egoki bezela.
3) Heren Ordrea (Lille, 1890). Goragoko liburuxka, xehetasun geiagorekin.
4) Igandea edo Jaunaren Eguna (Lille, 1895). 222 orrialde. Igandeak eta jai-egunak, nola santuki eman erakusten digu. Liburu onen itzaurrea guztiz garrantzi aundikoa duzu. Lenen euskaltzale amorratua agertzen zaigu: erriak, bear-bearrez, bere izkuntza zaindu ta iraun-azi bear du gure euskera baita ingurutik datozkion oitura txar eta iritzi ustelak uxatzeko duen tresnarik yaukalena; euskaldunak eztu bere baserria utzi bear ez Ameriketara ez beste iñora, joateko.
Euskal idazkerari buruz ere ementxe ariltzen ditu bere uste ta ideiak, nola itz-egin eta idatzi bear dan ederki azalduaz. Garbizale bizi aitortzen zaigu; aurretiko idazleak arrotz-itz geiegi sartzen zituzten beren lanetan, eta premiña gabe sarri. Txit errez eta argi idazten zigun. Ona «Bi etxeko-jaun Aita Misionestez mintzo» deritzan lantxotik arturiko zati au:
«Eskual-Herrian eta aphirilaren azken egunetan. Igande goiz eder batekin, lehenbiziko Mezara zihoazin bi Etxeko-Jaun. Oilariza zen, argihastea; iguzkia ez zen oraino ageri, eta bidearen bazterretan loreak, belharrak, oihanak, xoriak, Jinkoaren eskuko gauza bizi horiek guziak, lotarik bezela iratzartzen ari ziren, goizeko argiari irriz eta bozkarioz.
»Etxeko-Jaun horietarik gehiena, hiruretan hogoi urthetako gizon lerden erne bat, koplaria zen. Ikhusten zuena bai zerbait ederrik edo hunkigarririk, haren burua phindarka abiatuko zen; eta nola egastinak beren ohantzetik, berdin neurthitzak hegaldaka airatuko ziren haren ezpainetarik.
»Horra non beraz oilariza eder horrek oro xoraturik ezartzen duen gure gizona; koplak gaindizka bururat heldu zaizkio, eta nola Eskual-Herrian neurthizlari guziak kantari baitire, abiatzen da kanta errepiketan, dioelarik:
Aspaldi mendietan
urthu ba elhurra,
eta errepietan
beztitu da lurra;
orai dire betetzen
bazterrak loreez,
orai dire estaltzen
arbolak hostoez.
Hasi dire dostatzen
bildotsak phentzetan,
bai-ta ere agertzen
inharak airetan.
Oi errexinoleta,
laster ager hadi,
goizetan hire kanta
adiaraz bedi... »
IRITZIAK. Liburuak idatzi ta argitara eman ezezik, beste idazle batzuen Euskal liburuai itzaurre ta aitzin-solasak jarri ere egin zigun, eta taiuz jarri ere. Orixe'k onela: «Arbelbide'ren aintzin-solasak ere ongi burutatuak eta mintzo ederrean esanak dire. Irakur bedi batez ere A. Yoannategi'ren Sainduen Bizitzeen bigarren liburuari eman zion aitzin-solasa: Erabiltzez eta erriz baino areago zekien euskera liburuetako ikastez, eta ala ba-ditu utsegintxo batzuk aditza edo verbo'an... Euskalki edo dialektoak zerbait naasten dituela, egia; baino barkakizun da orregatik» (Euskal Esnalea, 1927, 207).
P. Lafitte jaunak au: «Erlisionea, Igandea, Bokazionea eta Heren Ordrea argitara ditu; eta lan auetan au daurkigu: irakatsi sakona, erlijioa argi ta zeatz azalduta, idazkera lerdena, iztegi aberatsa, bere sorterriko sorburu klasikoetara (idazle zahar, kanta, esaera, atsotitz) iritzi naia; eusko abertzaletasuna, beti jarioka. Lan auotan ba'liteke, an eta emen, zerbait pixkat billatua, pixkat biribillegia aurkitzea; baiña lanok sarritan Axular beraren Gero'ko araztasuna atzera uzten dute» (Le Basque et la Litt... 65 orr.).
Eta A. Villasante'k: «Igandea'ri jarri zion itzaurrean argi adierazi zitun Arbelbide'k euskeratzaz zeuzkan ideiak, eta nola itzegin eta idatzi bear zan agerian ipiñi ere bai. Idazle zaharrai, itz arrotzik asko bat bere premiña gabe erabiltzen zituztela, arpegira botatzen die; ta bere izkera osotik errez atera dezakegu garbizale beroa dugula. Eta dugu, dudarik gabe. Bere liburuak, izkera txit garbitua ta autatua salatzen digute». (HLV, 189 orr.; eta onez gaiñera ikusi J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 645, 648, 677 eta II, 587, 641 ta abar; G. Garriga, «Bol. Amer. E.V.», 1852, 122 orr.; I. Omaetxebarria, «Euskera», 187 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 110 orr.).