literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura II»
Santi Onaindia

Etor, 1973

 

47.— Estebe Lapeire

(1840-1930)

 

        Azkaindarra. Apaiza. Larresoro'n eta Baiona'n osotu zitun bere apaiz-ikaskizunak, 1863'an meza berria emanik; geroztik Uztaritze'ko arimazai, Baiona'n Leon deunaren Ikastetxeko maixu ta 1871'tik aurrera Bidarte'ko erretore izan zitzaigun. Ohorezko kalonje izendatu zuten 1889'an, eta Baiona'tik at dagoen «Camp de Prats» deritzan zaharren gexotegiko kapellau.

        Naiko zahartua, larogetamar urteko lez il zan, eta negargarriro il ere: mai gaiñean zeukan krisellua erori zitzaion, eta jarrita zegon aulkian zirkiñik ere egiteko gauza etzan ezkero, suak artu ta ortatik egiñiko errezaurien miñez itzali zan. Bere eriotz eguna ez dakigu oraindik ziur; baña P. Lafitte'k eskutitz baten onela: «Ez dut jakin ahal ukan noiz zen hil: ene iduriko 1930-ean».

 

BERE EUSKAL LANA.— Lan au argitaratu zigun: Credo edo Sinhesten dut Esplikatua. Zembeit hitzekin lehen zathien erlijioneaz eta fedeaz (Baiona, 1891). 438 orrialde.

        Kredoa azaltzen dizu maixuki, siñeskizunari buruz gai ta gauza jakingarri zenbait opilduaz. Lau zati dauzka liburuak: 1) Erlijioa bear dugu, siñesmenak baitu gizona osotuz bere nortasunean sustraitzen, eta eztu naiko errazoiarekin bakarrik; 2) Jainkoa ba-dala, ta zer dugun; eta munduaren sortzea, lenengo pekatua ta onen ondorenak; 3) Jesukristo, bere bizitza ta gurekiko salbamen-lana; eta 4) egiazko Eliza, ta gizonaren azaga edo azken-egunak.

        Irakur zatitxo bat. «Horrela —dio—, izpiritua Fedeaz argitua; bihotza, othoitzaz eta Elizak emaiten dauzkigun sakramenduez sustatua eta hazkartua fidantziarekin sartu gare mundu huntako gudu handian. Beldurrik gabe eta kuraiarekin hartu dugu askotan hain dorphea den biziaren karga, bere eginbide guziekin. Fede kontsolagarriak, gure bihotzen altxagarri zer nahi den gertakarietan, irakusten dauku zerua; zerua, bethiereko gure pausua eta zoriona.

        »Bi hitzez erraiteko; Fedea da gure argia eta gure ona. Segurantza osoarelrin erakusten dauku nondik beldu garen eta norat gohazin: Jainkoaz eginak gare, eta haren ganat behar dugu joan. Hortan da gure bizitzearen legea, hortan gure egintzen erregela. Nolakoa izanen baita zure bizia, dauku erakusten Fedeak, araberakoa aurkituko duzu Jainkoa, bizitze huntarik ilkiren zarenean; saristatzaile on eta aberatsa zerbitzari onarentzat; juye justu eta garratza, gaizki egilearentzat» (Kredo edo Sinhesten dut Esplikatua, 22 orr.).

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 657 eta II, 635 orr.; L. Villasante, HLV, 187 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 684 orr.).

 

Bilaketa