2. Jose Antonio Mikelestorena
(1710-1785)
Lesakarra jaiotzez. Sortu zan egunean, 1710-11-7'an, bataiatua izan zan. Bere gurasoak: aita Etxalar'ekoa sortzez eta ama Josefa Endara, Lesaka'koa alabaz. Beiñola Hueska'n gotzai izan zan Zaraiandia jaunaren senitartekoa nunbait, au ere Zaraiandia ta Endara baitzan. 1734'an apaiz egin zan, Irun'en kapellau egonik luzaro samar. Gero, Lesaka'n bertan arimazai. Berton il zan 1785-10-27'an, eta erriko eliza nagusian eortzi zuten.
EUSKAL IDAZLE. Liburu polit bat utzi zigun: Cerura nai duenac ar dezaquean vide erraza (Iruña, 1751); Jeronimo Antxuela'ren etxean; geroago ere iru aldiz beintzat, 1751, 1754 ta abar, ager-azia. 104 orrialde.
Dakarrena: 1) Goizeko ta gabeko, eguneango ta illeroko otoitzak; 2) aitortza ta Jaunartzea; 3) meza entzuteko era; 4) gurutz-bidea; 5) Jesus-en Biotzari bederatzi-urrena.
Gaur guztiz bakana, euskalariak bazter utzi ez dutena. J. Vinson'ek, Sorrarain'ek eta Perez Goiena'k aipatzen dute. Larramendi'k ere ba-zuen, irudi danez, aren berri, izlari bezela; ta bere idazkietan Fray Gerundio de Campazas ospetsuarekin berdintzen du.
Aita Intza'k onela: «Dakarren euskera alderdi artan (Lesaka'n) itzegiten danaren antzeko euskalkia da, baño gipuzkoerara jarria dago garai batzuetan» (Euskera, 1921, 30 orr.).
(Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 82; H.V.B., «Euskera», V, 1960, 378 orr. ta BAP, 1965, 247 orr.; N. Kortazar, Cien Autores Vascos, Zarautz, 1966, 49 orr.).