literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

11.— Andre Baratziart

(1738-1826)

 

        Euskal idazle askorena gertatu zaio oni ere: ez-izenez aritu noski, apaltasunagatik edo-ta iñork ez ezagutzearren, eta gero or gelditu oi dira gure lanak iñork ez igartzeko gisara kukutuak.

        Segurantza osoz ez dakigu nun eta noiz jaio zan. F. Michel'ek 1742'an jaio zala dio, J.B. Daranatz'ek 1743'an, P. Lafitte'k 1738'an, eta J. Vinson'ek Haltsu'n, 1746-4-11'an. Hariztoy'k, ordea, Espaiña'n sortua dugula diosku. Baratziart'en gurasoak Larresorokoak ziran, baiña aita teillagiñan maixua zanez, Espaiña'ra aldatu ziran aldikada baterako edo, eta emen jaio zan gure Ander. Nun, ordea? Daranatz'ek eta Lafitte'k Duvanno'n —Kalagurriko eliz-barrutian— jaio zala diote. Aita Arana'k XVIII'garren mendeko idazle dagi Baratziart, eta oni buruz berri au damakigu: «Ander Baratziart jauna, euskal arabarra ta Larresoro'ko apaiz-ikasle». Argirik? Daranatz'en Duvanno izan liteke, gaizki irakurrita, naiz Luiando, naiz Durana, biok Araba barruan, eta biok orduan Kalagurriko eliz-barrutikoak. Naparruko Obanos eta Bizkaiko Durango ere iñoiz aipatu dira Baratziart'en sorleku bezela; baiña ez Durango'n ez Obanos'en paper zahar artean ez da aren aztarrenik.

        Ander gazteño zala, berriz Larresoro'ratu ziran gurasoak, eta ementxe ikasi zuen gazteak eliz-karrera, 1767-6-13'an apaizturik. Argia zan eta bertoko Ikastetxean maixu egin zuen zati batean; eta gero, Granada'ko dukeak, bere nagusi Dagerre ospetsuaren baiezkoaz, bere aurrak azi ta ezteko berarekin eraman zuen. Eginbide ori bukatu zuenean, Uztaritze'ko erretore izandatu zuten, eta, 1785'an, Baiona'ko gotzai zan Villevieille jaunak bere eliz-barrutiko idazkaritzat artu zuen. Frantziako matxiñadan, gotzaiak eta idazkariak, Espaiña'ra iges egin zuten. Zeinbat urteren buruan, gotzai zaharra il zanean, Uztaritze'ko arimazai egin zuten Baratziart: ementxe il zan 1826-11-9'an.

        Liburu bat eratu zuen. Berea ote dugu? Ez jakin. Argitaratu, bai, berak egin zigun. Onan deritza: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea, ceinetan causitcen bai dire egunaren Guiristinoqui iragateco moldea, meça sainduco, hagoniaco eta communioneco othoitcac, igandeco bezperac, ilhabetearen egun gucietaco meditacionea eta contcientciaren examina (Baiona, 1784); Fauvet-Duhart, erregeren liburu-egille eta saltzaillea baitan. 274 orrialde. «Hamabortz ager-aldi izan ditu liburu balios horrek —dio P. Lafitte'k—. Jendek Meditazione ttipiak eman diote izena, Duhalden liburu ospatsua Meditazione handiak (1809) deitzen dutelarik». Baiona'n, Avignon'en eta Olorone'n argitaratu zan, urrenez urren.

        Baratziart'ek, agi danez, esku-idatzi bat arkitu zuen, «Meditacione cerurat heltceco baitez-padacoac» zeritzaiona; 592 orrialde zitun. Idatzi au 310 orrialdera laburturik, argitara eman zuen. Erriak arrera ona egin zionik ezin daiteke ukatu. Laburdieraz dago, Miarritz, Bidart, Ziburu ta Donibaneko kostarrak duten jario ta eskarrez: trinko, xamur, arin. Daranatz'en ustez izkerari duintasun berezia ezartzen dien ll, ñ ta olakoak osoan moztutzen ditu, arnasa ta kemen biurria dakarkien asperen-letrak sarturik.

 

        (Ikus F. Michel, Le Pays Basque, 512 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 125, ta II, 588 ta 673 orr.; J. Urkixo, RIEV, II, 313 orr.; Daranatz, Curiosités du Pays Basque, II, 244 orr.; P. Lafitte; Loretegia, 112 orr.; L. Mitxelena, HLV, 86 orr.; L. Villasante, HLV, 110 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 293 orr.).

 

Bilaketa