7. Martin Maister, «M.M.»
(...1757...)
Zuberotarra. Ez dakigu nun eta noiz jaio zanik. Ligi, Maule'tik emeretzi kilometrora dagoen erritxoa duzu: emengo erretora izan zan Maister.
Onexena dugu, itxura danez, zuberotarrez aurrenik egindako Kempis; au da: Jesu-Kristen Imitacionia (Paube, 1757). G. Dugue eta J. Desbaratz beitan moldeko leteretan ezarria. 331 orrialde; osorik. Olorone'ko gotzai Frantzisko de Revol jaunari eskiñia dago, euskeraz ta latiñez; baimena, berriz, M. Jauregizahar, Maule'ko arimazai ta Bikario Jeneralak ematen dio, 1756-2-4'an. 1838'an egin zuten beste argitalpen bat, berdin-berdiña.
Eskeintza, esan bezala, bi eletan dago: latiñez eta euskeraz. M. Maister'ek bertan darabillen latiña lar goia iruditzen zaio J. Vinson'i. Baiña euskeraz ere ez dugu nor-nai. P. Lafitte'k onan: «Ziberotar gaztek on lukete, hari jarraikitzea. Tartas baino aipagarriago zaiku, bai goxoz, bai jakitatez, bai hitzkuntzaz. Vinson-ek haren latin gurbila goretsi baitu, guk haren eskuara maiteago» (Loretegia, 101 orr.).
Txasta ezazu aren sarrera edo Irakurzaliari deritzanetik zati au. «Har ezazü arren har dio, ene irakurzale maitia, boztari handireki, zük orotan gainti zure sortzepenezko lenguajia baizik eztakizüna, librü zure zihuaren egin izan dela üdüritüren zaitün haur. Hunen irakurtiareki batian agertüren zaitzü, lehen gorderik egoiten zeitzün eskaskeriak eta makulak, hetarik sendotzeko moiana edireiten düzülarik. Heben orai drano zihaurtzaz ustekeria düzü, hetariko soltantxaren jinkuari galtatzeko. Heben ikasiren düzü, Jinkuaganik baizik ezin egürükiten düzüla, zure flakezia gaizkiala hañ erortoki denaren azkargarri eta sendogarri moian hun denik batere. Librü hunen eskolek zure ezpiritiaei segürantza oso bat emanen dizie, hobiago dela Jinkuaren begien aitzineko gizon bekatuz estalirik lizan bat ere, bena umilitatiaren handitarzünez begiak zelialat goititzera ezin bentüratzen den bat, eziez süperbius bere hunki egin hanitxez pakü lizatian bat; zeren bere büriak apal dadüzkaner Jinkuak hüllandanik so egiten beitü, gora dadüzkaner aldiz ez hürründanik baizik».
(Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 85; P. Lafitte, Loretegia, 101 orr.; L. Villasante, HLV, 111 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 219 orr.).