literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

3.— Pierre Urte

(1664-...)

 

        Donibane Lohitzune'koa, emen baitzan sortu 1664-1-2'an, antza danez. Ziur ez dan arren, urte auxe da J. Vinson'ek argitara eman zitun artxibu-arakatzetik ateraten dan ziurrena. Bere gurasoak: Jean Urte ta Maria Kamino, donibanetarrak. Lau edo bost Pierre Urte dira garai artan itxastar erri dotore ontan agertzen zaizkigunak. Baiña auxe dugu, noski, gure euskal idazlea.

        Bere len-ikasteak Donibane'n edo egingo zitun. Geroxeago, orduan lurralde aietan, Baiona'n, Maule'n eta beste, izen aundia zuten kaputxiñoen jantzia artu zigun. Garai artan, ba-dakigu, indarra artuak zeuden protestanteak Prantzi osoan, baita Lapurdi'n, Baxenabarra'n eta Zuberoa'n ere, eta onako batean Urte aita kaputxiñoa, katoliku siñistea ta bere praille-jantzia erantzirik, protestante bilakatu zan. Zeinbat urteren buruan Inglaterra'ra aldaturik, an bizi ta il zan. Ez dakigu aren eriotz urterik. 1706'an, Londres'en bizi zan oraindik, bere etxekoakin.

        An ezkondu zan urrean, eta bi aldiz ezkondu ere. Lenengo emazteakin eta seme batekin bizi zalarik, ango Laguntza Batzorde batek, 1717'ko bagillaren 21'an ospatu zuen batzarrean, Urte jaunari ere 6 librarekin laguntzea erabaki zuen; baiña beiñolako buruñurdun izanak, bigarrenez ezkondu ta lenengo emazteagandiko semeakin iges egin zuelako, kendu egin zioten aurretik zeukan diru-laguntasuna.

 

BERE LANAK.— Barne-kezka artean ere euskal arloari lotua ibillia dugu. Iru liburu bederen —bere bizitzan argitaratu gabeak— utzi zizkigun, eta emendik atera genezakenez, xede zabaleko gizasemea zan, alegia. Liburu oetatik bi, egillea il eta urte askotxo geroago, atera zituzten argitara.

        1) Biblia Saindua. Izen aundia au duenagatik, Testamentu Zaharreko zati batzuk baiña ez dira. Etorkia osorik eta Ilkitzea'ren 22 kapitulu. Or-an ibilli ondoren, esku-idatziak Shirburn Castle'ko liburutegira jo zuen; John Rhys jaunak eta L.L. Bonaparte printzipeak idatzi zuten onetzaz, 1884'ko iraillaren 13'gneko ta azaroaren 8'gneko zenbakietan, Academy dalako aldizkarian, eta andik amar urtera Anecdota Oxoniensia deritzanekoan (Londres, 1894) argitaratu zuten osorik. 163 orrialde. Sarrera, oar batzuk, Etorkia, Ilkitzea'tik 92 ataltxo, euskal aditzkerak, euskerara itzuli diran Biblia oso edo zatien zerrenda, ta abar. Donibane Lohitzune'ko euskeraz dago.

        2) Grammaire Cantabrique Basque, W. Webster eta Ll. Thomas jaunak arrgitaratua. Bagnéres-de-Bigorre'ko Bulletin de la Societé Ramond dalakoan (1895, 199-230 orr.) dator bere berria. 568 orrialde ditu. Euskal gramatika da prantsesez egiña. Gai ugaria du ta jardunketak eurrez. M. Larramendi'rena baiño lenago osotua, noski; «onena baiño aberatsagoa», diño L. Mitxelena'k.

        3) Dictionarium latino-cantabricum. Eztu oraindio argirik ikusi al izan. Au ere Inglaterra'n dago berekiko liburutegi batean, baiña ba-dute baita Donostia'ko Euskal Filoloji Mintegian aren aldaki bat, mikrofilmez egiña. Erdi-egiñik daukagu damuz; lan zeatzegia burutu nairik edo, lenengo iru izki edo letrak baiño etzizkigun Urte'k utzi.

        Idazteuna itzultzean darabillen euskera lau jatorra dugu. Ona zatitxo bat, adierazgarri: «Jainkoak, beraz, kreatu zuen gizona bere imajinara, Jainkoaren imajinara kreatu izan zuen: harra eta emea kreatu zituen. Eta bedinkatu zituen Jainkoak eta erran zioten, berret eta hauñitz egin zaitezte, eta bete zazue lurra, eta azpira zazue, eta erregiña zazue itsasoko arraiñen gañean, eta zeruetako hegaztiñen gañean, eta lurraren gañean higitzen diran bestia guzien gañean» (Etorkia, 27-28 ataltxoak).

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, I, 23 orr. ta II, 526, 661 ta 809 orr.; L. Mitxelena, HLV, 87 orr.; L. Villasante, HLV, 107 orr.; H. Valentin Berriotxoa, BAP, 1964, 1-2, 172 orr.; Auñamendi, Literatura, 1, 214 orr.).

 

Bilaketa