literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

5.— Bartolome Olaetxea

(...1763...)

 

        Mungia'tik bertan, mendi galdorrean dago Laukariz. Erritxo ontan arimazai zegoelarik jai ta domeketan jendeari Olaetxea'k azaltzen ziona dugu euskal literatura zelaian naikoa ospe duen dotriña bat. M. Zarate'k: «1775-garren urtean lenengoz argitaratu zanik ona, amalau aldiz gitxienez argitaratu dan liburua, gure erriak gizaldiz gizaldi, oraintsurarte, irakurri dauan eliz-liburu entzutetsua» (Bizkai'ko euskal idazleak, 35 orr.).

        Liburuaren titulua: Cristauben Dotrinia (Bilbao, 1763). 184 orrialde lez daramazki. Olaetxea'k berak, oraindik Laukariz'ko erretore zala argitara ekarri zuen, geroztik ere sarritan, Gazteiz'en eta Tolosa'n, azaldua. 1787'an Tolosa'n, Frantzisko de la Lama'ren etxean egin zanak 226 orrialdetik gora dauzka, eta 1855'an egin zana Liberio Olano'k obetu ta geitua izan zan. Nik eskuetan daukadana zortzigarren argitalpena duzu (Bilbao, 1846), 334 orrialdekoa.

        Idazti begiko onek dotrina izena daramagatik, ba-ditu beste gai batzuk ere: Eguneango kristau jardunak, meza entzuteko gogarteak, Garizuma zertako dan, Kristoren Nekaldia, Gurutz bidea, errosarioaren ezkutapenak gogartez orniduta —bertsotan noski—, ondo iltzen laguntzeko era luzea, meza erasotzeko modua, ta abar.

        Liburu au A. Kardaberatz'en idatzietatik jasoa dala dio A. Zabala'k. Baiña esan onek, ez dut uste, funtsezko sustrairik duenik. Beste liburu bat bai bada, «Aingura», Esku-liburu ospetsua, eguneroko jardun, azterketa, aitortza, jaunartze, meza santu, bezpera ta kalbario ta olakoakin orniduta, «geien bat Aita Kardaberaz'ek animen onerako ipiñiak» dioana. Onako batek, 1914'an Tolosa'ko F. Mugerza ta Semeen moldiztegian irarri zanak 423 orrialde dauzka. Baiña bi liburuok —Olaetxea'rena ta Kardaberaz'ena— buruz buru lerrokatu ezkeroz, auxe dakusagu: iru-lau otoitz berdin samarrez landa, oso bestelakoak dirala biak.

        Azterketak sakonki egitea egoki litzakigu sarri. Zoritxarrez, kritika lana dagigunean ere, iñoren agoz mintzatu oi gera ez gutxitan. P. Lafitte'k, bere Loretegian ager-azi zuen Olaetxea'ren zatiño bat, ondoan au erantsiz: «Haren eskuara ez da segur hanbatekoa». A. Zabala'ren esanera makurtuaz dio au naski, eta ondoren beste guztiak, Laukariz'ko arimazaiaren dotrina irakurri gabe, berdintsu bota dute. Liburu au, Gipuzkoan beste edozeiñena bezain erabillia izan da Bizkaian.

 

EUSKERA ONA.— Gozo ta eder idazten du geienik; garbi ere bai, ordukoen antzera erderakada barik. Siñispidez irakur zazu pusketa-izpi au; mezaren balioa nola goresten duen:

        «Meza emoten dan artean dagoz zeruak zabalik: dabiltz joan ta etorri geure eskariakaz Aingeruak. Baia, zer diñot? Jangoikoa bera jatorku mezara: zerutar guztien laguntzaan jasten da Jesukristo, barriro aragitu ta iltera legez, diño San Agustinek. Orregaiti bada, ondo entzunak izan doaz gure eskabideak: parkatu joakuz pekatu arinak: eransten jakuz Jesukristoren irabazi andi neurribakoak, eta emon joakez ondo dantzuenai gorputzerako eta arimarako ondasun ugari ezin obeak. —Ai bada! Balekije fededunak, zer dan mezea, eta zeinbat irabazten dan meza bakartxu bat entzuteagaz! Eguna bagarik egongo litekez Elexatetan mez-emollearen begira: aztu egingo lekijoe barausten: eta gox-guztia emongo leuke Elexan, urten bere bagarik» (Kristinauben Dotrina, 176 orr.).

 

* * *

 

        Olerkari ere al genduan Laukariz'ko apaiza? Bere dotriñan beintzat, ainbat neurtitz eta bertso sartu zituan. Liburuaren sarrera-sarreran Abisuba zortziko, txikiz, 7/6, egiñiko ahapaldiak dakazki. Lenena:

 

                Goixian esnatuta

                aurrenengo lana

                biotza jasotia

                zeure Jaunagana.

 

        Gurutz-bideko egonaldi bakoitzean lau puntuko, 6/5, amalau ahapaldi jartzen ditu, ta amaieran, Agustin Basterretxea'ren Jesukristo gure Jaunaren Pasiñoa, bere 60 estrofakin. Errosarioaren amabost misterioak ere zortziko nagusitan, 5/5, 5/3, egiñak; danok ederki landuta. Bereak ote ditu? Ditekena da.

Oar: Bartolome Olaetxea'ren dotrina au, nik eskuetan daukadana, Bilbao'n (1846) argitaratuta dago, Delmas eta Semien sillutegian. «Orain zortzigarrenez —diño— imprimidua ta añadiduba bear dan legez». Azkenean, berriz, 331'garren orrialdean irarkola artan saltzen ziran liburuen izen-zerrenda bat; ementxe dator au ere: «Cristinau doctrinea bere esplicaciño laburragaz, itaune ta eranzueracaz aita Asteteren liburuchutic aterea bizcaitar barrucuentzat». Delmas'ek Correo kalean, 16'gnean, zeuzkan bere irarkola ta liburutegia.

        Norena ote dugu dotriña au? Gaspar Astete (1537-1601) jesulaguna zanak Doctrina cristiana deritzan Kristau Ikasbidea idatzi zuen, oso entzute aundikoa, 1599'an lenbizikoz argitan jarritakoa, ta arrezkero gaztelaniaz 600 ateralditik gora ikusi dituna. Euskalerrian ere ongi bai ongi artua izan zan, kontaezin alak euskeraz jarri baitute igarotako iru mendeetan.

 

        (Ikus F. Michel, Le Pays Basque, 498 orr.; J. Vinsson, Essai Bibl. Basque, 115; J. Urkixo, RIEV, XV, 21 orr.; L. Villasante, HLV, 119 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 254 orr.).

 

Bilaketa