2. Martin Arzadun
(1675-1741)
Martin Arzadun eta Ubidea Durangokoa zan eta durangarren semea. Amaren aldeko aita-jaunak durangarrak ziran, baiña aitaren aldekoak azpeitiarrak. Uribarri'ko Andra Mari elizan bataiatu zuten 1675-6-15'an, I. Ibañez Zabala ta Madalena Ubideak besoetan arturik.
Ogetasei urteko zala, 1701-6-19'an, Durango uriko Abadeen Alkartean izena eman zuen. Alkarte au, esana dugunez, Uribarri'ko Andra Mari elizan zegoen, 1654'an irasia. Arzadun apaiza «Durango'ko uriko eleixetako benefiziadu ta arima jagolia» izan zitzaigun, berak bere dotriñearen azalean jarri zuenez. Il zanean, Andra Mari elizan eman zioten lurra, 1741-7-23'an.
Bere liburua: Cristinaubaren dotriñearen explicacinua (Gazteiz, 1731). Amazortzi ta emeretzigarren gizaldietan 1731-1905 probetxu aundikoa izan zan dotriña au; Bizkaian Kristau-Ikasbide batasuna egin zan arte, auxe izan zan ikasiena, errikoiena ta zabalduena. Larramendi'k bere Corografia'n aipatzen du, 266'garren orrialdean, zati au jarririk: «Izanik kristinauen señalea kurutze santea, dalako Kristo Kruzifikaduen figurea, zeinetan erredimidu ginduzan bere odol prezio bakoagaz, bear dau jakin egiten señale au, zeñatuten dala ta santigetan dala ondo. Zer da zeñatutea? Egitea iru kurutze eskumako eskuko orkoroagaz, ta urrengo atzagaz ifinirik kurutzez, beste iru atzak geldietan direala artez. Nun egingo diraz iru kurutzeok ta zer berbagaz? Lenengoa bekoki ganerik sur puntara, ta bekokien ezkerreko alderik eskumakora, esaten dala: "Kurutze Santuen señaleagaiti"; bigarrena sur puntarik okotzera, ta aoen ezkerreko alderik eskumakora, esaten dala: "geure arerioetarik libradu gagizuz"; ta irugarrena okotzerik bularrera, ta ezkerreko sorbaldarik eskumakora, esaten dala: "geure Jauna ta Jaungoikoa". Zer da santigetea? Egitea kurutze bat eskumako eskuko bost atzakaz, ifinten direala artez. Nun eingo da kurutze au ta ze berbagaz? Bekokirik bularrera, ta ezkerreko sorbaldarik eskumakora, esaten dala bekokien, "Aitien"; bularrean, "ta Semien" ta "Espiritu Santuen izenean"».
Sarri ere sarri argitarazia izan da. N. Kortazar'ek amasei argitaraldiraiño kontatzen dizkigu: 1731, Bartolome Riesgo y Montero'k, Gazteiz; 1758, Matias Rada'k, Iruña; 1815, Apraiz'ek, Bilbao; 1830, J.A. Jaurgei'k, Bilbao; 1841, Adolfo Ponte'k, Bilbao; 1855, Bilbao; 1856, A. Depont'ek, Bilbao; 1858; 1861, Julian Pastor'ek, Valladolid; 1869, J. Pastor'ek, Valladolid; 1873, J. Pastor'ek, semeak, Valladolid; 1890, J. Elizalde'k, Bilbao; 1895, Florentino Elosu'k, Durango; 1900, Roberto Soloaga'k, Durango; eta 1905, F. Elosu'k, Durango.
Bere egunetan, eta gerora ere, izan zuen ba garrantzia Arzadun'en dotriña onek. Nikolas Etxezarreta Santiago Ordenako zaldunari eskeiñita dago. Ta F. Michel'ek bere Le Pays Basque dalakoan aipatzen du.
(Ikus J. Urkixo, RIEV, 1907, 82 ta 416 orr.; N. Kortazar, Cien Autores Vascos, 69 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 217 orr.).