29. Mongongo Dassança
Baxenabarrakoa. Kimi-gaietan aitua. P. Lafitte'k onela: «Gaztanbide, Donibane-Ziburuko haren adiskide jakintsun batek eman zion baimenaz badakigu, 1692'ko udan agertu zitekela chimista onaren liburuñoa» (Loretegia, 60 orr.). Bertan azaltzen ditu abere ta patarien gaixorik berezienak, ardiarenak baitik bat, baita oien sendatzeko osabiderik asko ere.
Ona, idia xarmaduraz joa dagoelarik, zer egin bear dan, nola erakusten digun: «Idia edo behia xarmatua denean ezagutuko duzue idia-ren trublezia handia, eta guziz bere akzioneak egin nahi tubenean, non orduan laburzki argaltzen eta mehatzen baita, hetikatua balitz bezala. Hargatik du nezessario prunki erremedioak egitea: hartarakotz ezagutu duzuenean idia xarmatua dela, emozue lehen-bait-lehen ur huntarik sudurrean, zeina eginen bai duzue ahur bat sofre, eta gero, trenpa ur epelean hogoi eta laur orenez; irazi duzuenean, balia zaitezte hortaz, goizetan eta arratsaldetan, sudurretan barna emaiteko hori, egin bezain sarri; preparatuko diozue erremedio miragarri hortaz, zeinak kenduko baititu xarmak eta ozatura guziak».
Baxenabarreraz idatzia dago liburua, naiz-ta noizean bein lapurtarrez ere esaera batzuk or-emenka erein. Ez du izkera txarra, P. Lafitte'k «ahal bezalakoa... ez hanbatekoa» duela esanagatik. Gaiak, berriz, ezpain-ertzean irriparra ernerazteko mudura edo, azaltzen dizkigu geien bat. Daranatz'ek bigarrenez atera zigun RIEV aldizkarian, V alea, 585-600 orrietan.
(Ikus J.B. Daranatz, Curiosités du Pays Basque, Baiona, 1927; P. Lafitte, Eskualdunen Loretegia, 60 orr.; L. Mitxelena, HLV, 78 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 205 orr.).