51. Biktor Kapanaga Elortza
(1925-....)
Ultzegintzan eta olerkigintzan (Arrese-Beitia) durundu aundikoa dan Otxandio'n jaio zan Kapanaga, 1925-10-15'an. Industri-maisua da. Bere kasa osatu zizkigun ikasketak, leenengo bere errian eta gero Eibar'en. Emen ezagutu nuen nik, 1955'an, Umandi (Andoni Urrestarazu)'ren gramatikaz, beronek eta beste eibartar jator batzuk argiratatu zuten gramatikaz, euskera ikasten.
Andik urte batzuetara bere erriratuz, emen ari izan zan gogotsu, erritarren bizimodua errezago egin naiean, Kooperatibak antolatu eta etxe-mordoak jasorik. Erriak naikoa zor dio Kapanaga'ri, gaur ain txukun eta aurreratua aurkitzen dalako. Gaur, Otxandio'k, aspaldietako baserri-bizitzari uko egin bage, etxe-industria ta salerosketa erabat utzi bage, ainbat era dauzka bizibidea erosoago eraman aal izateko. Eta ortan ezin dezakegu uka Kapanaga'k aspertu gabeko lana osatu zuela.
EUSKAL IDAZLE. J. Zaitegi'k Guatemala'n ateraten zuen «Euzko-Gogoa»-n asi zan idazten, 1953'an. Gero, «Zeruko Argia»n, «Karmel»-en, «Txistulari»-n, «Jakin»-en, eta «Anaitasuna»-n beintzat idazkide ikusi dugu. «Edonor», «Zaltzai», «Kabi», izenordeak erabilli ditu. Kazetaritza izan da bere lanik geienen arloa. Liburu bat argitaratu digu: Euskera erro eta gara (Bilbo, 1978, 215 orr., «Printzen» irarkolan). Bitxia da ikerlan au, egilleak berak dioskunez, «hesparru laiñotsua», gai jakingarri askoz edertua. Berau irakurriz edozeiñi ere irudimena arro-azten zaio igarri gabe, eta euskeraganako apeta sortu, erro ta gara funtsez ikasteko gogo bizia jalgi-eraziz. Zentzunez eta sakonki buruturiko lana, ezpairik gabe. Ba'liteke berton datozten zer bitxi batzuk egi-antxe besterik ez izatea, baiña or dugu lan eroapentsu ori.
Euskerari buruzko iker-lanean orduak eta orduak xautu dizkigu otxandioar euskaltzaleak, erro-billa ain zuzen. «Ez da sortu dio berak gaurdaño, hizkeren arteko lotureen erroak azaldu eta adierazi lituken arauzko ikerbide egoki bat; ez eta, hizkera bakotxak bere barrenean daroan izkututasuna argitaratuko duenik ere. Horrek ez du esan nahi, erro eta izkutukizun hoiek betirako azaleziñak diranik, iñoiz guztirako izkutuan izan behar dutenik». Eta ontan ari da Kapanaga; ez da, ikusten duzunez, edozelango lana, garrantzi aundikoa baizik.
Gaiok apika ez ditu zientzi-maillatik aztertzen, baiña bere jakinmiñez arakatu bai, ikusi ta ulertu, gauzak euskeraz izki, itz, erro-mami, azal gara ta besteak azaldu ta adierazi. Oraiñarte iñork saratu ez duen soro-arlotik ibillia dugu Kapanaga, eta itsu-itsuan eta ikuspegi estuz ez gero, zabal eta indartuz baizik.
Lan bitxia, irakurri ta gogoan iraultzea merezi duena. Euskal kritikalariak eta komunikabideak ez diote oraindik bear lukean gora-otsa eman liburu oni.
(Ikus, San Martin, Escritores euskéricos, 60 orr.; S. Onaindia, Euskal Literatura, IV, 386 orr.).