19. Arnauld-François de Maytie
«De Maytie direlakoen familia diosku P. Lafitte'k arras aipatua izan da. Bi apezpiku ere atera dira etxe hortatik: Arnaud I (1598-1623) eta Arnaud II (1623-1646). Beraz mende erdi batez eduki dute osaba-ilobek Oloroneko apezpikugoa» (Loretegia, 115 orr.). Arnaud I mauletarra zan etorkiz, Pierre Maitie'ren semea, Zuberoa'n eta Bearne'n protestanteen jazarpen latza egari ondoren, kristautasunaren alde gogotsu jokatu zuenarena noski. Eta Maitie II'garrenaren illoba Arnaud Frantzisko Maitie III'garrena ere, Maule'ko gotzai (1659-1681) izan zan. Arimazai argia dudarik gabe, Matalas'en basati-taldeari eustaga sendoa jarri ziona.
Garai artan Oloroneko apezpiku zan Maitie III'naren aginduz liburuxka bat agertu zan: «Pronus singulis diebus Dominicis clare et distincte immediate post Evangelium populo legendus» (1676). 33 orrialde ditu. Itzaldi ordez edo, erriari irakurtekoa da. Ta au dakar: 1) iganderoko erri-otoitzak (1-27), eta 2) jaietarako, illetak egiteko ta abar eskariak (28-38). Zuberotarrez. Joskera ona. Antoni Abbadie'k egin zuen bigarren argitaraldi bat, titulu onekin: «Les priéres du prône en basque» (Baiona, 1874).
(Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 36).