literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

16.— Kristobal Harizmendi

(...1660...)

 

        Idazle argi onetzaz ere ez dakigu Sara'ko semea zala ta euskerazko liburu bat opildu zigula baizik. P. Lafitte'k dio: «Sarako jaun bikario eta predikari zen Harizmendi apeza, amazazpigarren mende erditsutan».

        Berri auetatik, ordea, zer geiago ere atera dezakegu; Axular Gero'ri jarri zion itzaurrean onela mintzatzen zaigu: «Egun batez, konpaiñia on batean, eskualdunik baizen etzen lekuan nengoela»... Orduan eman omen zioten liburua egiteko kargua, lenengo keiñuz eta aieruz, eta gero klarki ta agerriz.

        Nortzuk ote ziran konpaiñia au osatzen zutenak? Urte aietan beren liburuak laburdieraz ager-azi zituztenak noski baiño noskiago: Axular bera, Materre, Ziburu'ko Etxeberri, Argaiñaratz, Gillentena, Haranburu, Harizmendi ta abar. Idazle-talde gartsu onek, gaur oi dugunez, batak besteari eskeiñi zion bere begikotasun maitekorra: Argaiñaratz'ek, adibidez, Etxeberri'ri eskeiñi zion bere olerkitxoa, baita K. Harizmendi'k Haranburu prantziskotarrari ere, bai olerkiz bai Debozino Eskuarra deritzanari, bigarrenez argitaratu zanean, egiñiko aitzin-solasez.

 

ZER IDATZI ZUEN.— Liburu bat beintzat idatzi ta argitaratu zuen: Ama Virginaren Officioa (Bordele, 1658), G. de la Court inprimatzaillearen batean. Bigarrenez ere Bordele'n argitaratu zan, 1660'an; eta irugarrenez J. Vinson'ek, titulu onekin «L'Office de la Vierge Marie en basque labourdin» (Chalon-Sur-Saone, 1901). Liburu guztiz onartua.

        Hariztegi'k, eliz-baimena ematen zuela, au zioan: «Nik Ioannis de Hariztegi Ziburuko erretor eta theologian profesorak irakurri dut Ama Virginaren Offizioa Molde Harizmendi Sarako Iaun Bikarioak eta predikariak euskarara bihurtua: eztut ediren gure fede sainduaren kontrako gauzarik, eta bai nihor debozinora mouietzeko doktrina leiala, eta iuiatzen dut merezi duela imprima dadin eta argira eman dadin. Ziburun Martxoaren hamekan 1658».

        Liburua itzulia da, beraz, eta bertsotan egiña, azkenengo azterketak izan ezik. Ezta, orraitio, itzez-itz itzulia, azke samar eta itz-inguruka baizik. Andre Maria'ren Arrendia, Pio V'garrenak berriztatu zuenez, 1595'an irarri zan latiñez, eta 1618'n frantsesez: oetaz balia izan zan noski Harizmendi bere itzulpena antolatzeko. Darabillen izkera ezta osorik lapurtarra, giputz-usaia ere badu, ta ez gutxi; aiek, esaterako, nazione diote, ta saratarrak nazio, giputzen antzera darabilkigu. Azkue'k bere Iztegian aipatzen du onen lana.

        Liburuaren mamia: Oizko titulu ta illen izenen ondoren, Matutinak (35-96) datoz; Laudeak (97-114); Prima (115-124); Terzia (125-132); Sexta (133-139); Nona (140-146); Bezperak (147-166); Konpletak (167-182); Bazkoetan (185-186); Bestez (188-190); Examena (195-198); Intenzinoez (199-201); Kofesa aitzinean (202-204); Errezibi aitzinean (206-208); Errezibi ondoan (209-215); Sakramenduko (226); Bere patroinaz (227228); Aingeruaz (229-230).

        Ba-zekian euskeraz, baita bertsoak jasez aokatzen ere. Ona nola itzultzen digun De profundis dalakoaren bigarren bertsoa:

 

                Idekazu belarria,

                zure bihotzarena:

                aditzekotzat oihua,

                ene othoitzarena.

 

        Bein edo beste ba'liteke gaintxotik ari izatea, baiña argi ta ederki aragituak ditugu aren ahapaldiak. Etxeberri'ri bezela atsegin zaio 8/7 nastea. Offizioa'ri buruz P. Lafitte'k: «Lan maite bezain aiphagarria».

 

        (Ikus Loretegia, 46-47 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 551 orr.; G. Garrigá, Inv. Bibl. Vasca, Bol. A.E.V., 1953, 124 orr.; S. Onaindia, MEOE, 217 orr.; L. Villasante, HLV, 9r orr.; Auñamendi, Literatura, I, 198 orr.).

 

Bilaketa