literaturaren zubitegia

975 idazle / 4.659 idazlan
7.228 esteka / 5.604 kritika / 1.828 aipamen / 5.230 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Silvain Pouvreau

«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

13.— Silvain Pouvreau

(...1640...)

 

        Bourges (Berry) izan zuen sorterri apez jakintsu onek. Etxe apaleko semea izan arren, J. Duvergier de Hauranne —Saint-Cyran— ospetsuaren zerbitzari izan zan lenengoz, eta gero luzaro aren idazkari egona, «jakitate haundikoa». Ugazabaren etxean euskeraz zekitelako, berak ere poliki ikasi zuen; eta ez euskeraz soil-soil, latin, gaztelera ta ebreo, ere bai. Idazten esku ederrekoa genuen eta, Saint-Cyran'ek berari aldatuazi oi zizkion Eliz-gurasoen zati aundiak.

        Nausiaren teoloji-ustekizunak, alere, etzioten akats esatekorik urratu idazkari mutillari, eta eliz-karrera ikasten joan zitzaigun Paris'ko Unibersidadera. An osotu zuen apaiz-karrera, baita orduko gizon ospetsuekin ar-emanean sartu ere: Paul'go Bizente doneakin, Fouquet gotzaiarekin eta, P. Lafitte'k dionez, Bossuet izen aundikoarekin.

        Fouquet Baiona'ko gotzai zalarik, emengo eliz barrutira etorri zan, 1640'tik 1644'ra Bidarte'ko erretore egonik. Baiña Oltze (1644-1681), Iholdi'ko semea, Baiona'ko gotzai izendatu zutenean, Silvain, Bidarte'ko arima artzaintza utzi ta bere jatorrizko eliz-barrutira, Paris'era, biurtu zan, antza danez. Argatik ere laket zitzaion noizik-beinka Euskalerrira itzultzea. Adiskide miñak zituen emen, Oihenart baitik bat. Paris'en il zan, ez dakigu ziur, baiña 1670 edo 1680'rantza.

 

BERE EUSKAL LANAK.— Euskeraz iru liburu agertazi zitun:

        1) Guiristinoaren Dotrina (Paris, 1656). Richelieu kardinal jaunak, Lucon bere eliz-barrutirako egin zuen Kristau Irakaskintza —Instruction du Chretien (Poitiers, 1621)— zan euskerara itzulita. Argitaratzeko baimenak Fr. Dominicus de Bidegaray, Petrus de Hirigoitz eta Baiona'ko gotzai Jean d'Olce'k damazkiote. Liburua, berriz, kardinal ospetsuaren illoba Richelieu mariskalari eskeintzen dio.

        2) San Frances de Sales Genevako Ipizpicuaren PHILOTHEA eta Chapeletaren Andre dana Mariaren ohoretan deuocionerequin erraiteco Antcea (Paris, 1664). Ginebra'ko santu

jakintsuaren Introduction à la vie dévote (Lyon, 1608) dugu euskeraz emana. Salestarra 1622'garren urtean il zan, eta 1661'an zoriondun eta 1665'an santu egiña izan zan; gertakari onen biran osotu zuen Pouvreau'k bere itzulpena; sarrerako kartan, liburua eskeiñiaz, orduko Aita Santu Alejandro VII'garrena eskertzen du, euskaldun erria ta euskaldun semeen fedea ere goi-goi jartzen duelarik.

        3) Gudu Espirituala, il Padre don Lorenzo Scupoli Chierico regolare Teatinoc italienez eguina (Paris, 1665). Berein aldiz argitara ekarri izan dan Combattimento spirituale (Venezia, 1589) da euskeraz jarria. Liburu au, ederki azaldua, garai artan Baiona'ko jaurlari zan Antonio Gramont dukeari eskeiñita dago. Iru liburu auek Bourges'ko goterkian bizi zala argitaldu zizkigun. Beste lan batzuk ere atera zitun argitara. Zeintzuk?

        Beste iru esku-idatzi ere ba-dira Pouvreau'renak Paris'ko Laterri-liburutegian, kelta-euskaldun deritza-n arasan. Iztegi bat —Dictionnaire basque-français—, argitara gabe oraindik; Leizarraga, Oihenart, Axular eta beste batzuk maiz aipatzen ditu onen orrialdeetan. Bigarren, gramatika bat —Grammaire—, oarrez, toki-izenez eta itzaldiz apainduta; J. Vinson'ek agertazi zigun au Revue de Linguistique (XIV, 1881, 109 orr.) dalakoan, eta geroago banaka beste zati batzuk. Eta azkenez, Imitazione bat —Imitation—, Kempis euskeraz. Pouvreau'k berak Alejandro VII'garrenari Philothea opetsiaz adierazten digunez.

        Nolako euskera ote zuen euskaldun berri onek? Haraneder'ek berriz euskeraratu zitun Philothea ta Gudu Espirituala, esango dugun bezela, ia mende bat geroago. Au dio Pouvreau'ri buruz: «Egia da bada, Diozesa huntako Jaun Apezpiku zen batekin Pariseko partetarik Baionarat etorri izan zen jaun apez batek, eskaldunei zerbitzu errendatu nahiz, eskara ahal zakien bezala ikasirik, Liburu hau eta bertze zenbait ere eskararat itzuli izan zituela, eta Parisen inprima arazi. Ordean eskara gaitz batean itzuliak direnaz landa, hekien exenplario guti herri huntarat etorri izanez edo bertzela, gutiak dire orai Liburu hek dituztenak, eta hañitzak izan nahi luketenak» (Philothea, 1749, III). Berdin dio Combat spirituel (Tolosa, 1750, 5'gn. orr.) dalakoan ere. Aita Zabalak, ordea, bere Noticia de las obras vascongadas (1856, I, 3 zenbk.) Haraneder'en idazkera aitatuaz dio: «es de poco mérito su lenguaje». Nolako gauzak!

        Esanak esan, Silvain'en euskera ezta ain kaxkarra, urbildik so-egin ezkero. Euskaldun berri zan, eta alere euskera jatorra darabil geienik, aditzari naiz gramatikari begiratuaz batez ere. P. Lafitte'k, arrotzaren zenbait lerro erakusbidetzat eskeiñiaz, onela dio: «Lerro auek erakutsiko dute Pouvreau'ren eskuara etzela Haraneder'ek zion bezain gutiestekoa».

 

        (Ikus D'Aranatz, Curiosités du Pays Basque, I, 232 orr.; J. Vinson, «Gure Herria», 1921, 167 orr.; P. Lafitte, Loretegia, Baiona, 1931, 43 orr.; S. Onaindia, MEOE, 216 orr.; L. Mitxelena, HLV, 70 orr.; L. Villasante, HLV, 83-86 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 181 orr.).

 

Bilaketa