7. Aita Joanes Haranburu
(...1635...)
Euskal idazle suar ontaz ere berdintsu esan bear: ez dakigula nun sortua zan, ez nundik nora ibillia. Auxe dakigu doidoi: Etxeberri mirikuak dioskunez, Sara'koa zan jatorriz. Erlijioz fraidea zan; P. Lafitte'k onela: «Kaputxin eskualdun bat zen, predikari gaitza». Baiña J. Vinson'ek aren liburuari buruz ematen dizkigun zeaztasunetatik errez atera dezakegunez, prantsizkotarra genduan.
Otoitz liburu bat osotu ta argitara eman zuen: Debocino escuarra, mirailla eta oracinoteguia. Virginaren debocinoa, marinelena, eta San Francesen heren Ordena, berce anhitz debocinozko othitcequin guiristinoen probetchutan gucia trabaillatua (Bordele, 1635). M. Larramendi'k eta Dabid Wilkins'ek damakigutte onen berria. Berriz ere, nun ez dakigun arren, argitaratua izan zan, 1690'garren urtean. Bosteun orrialdetik gorako ale txikia. Akitania'ko probintzian nagusi zan aita Prantzisko Bonal'ek eta Tarbes'ko gotzaiak eman zioten baimena; eta garai artan Sara'n arimazai zegoen Harizmendi'ren bertso batzuk dakazki sarreran.
Iru atalek osatzen dute liburua, ta itxas-gizonentzat egina dirudi; egun aietan oitura zanez, ordu liburua dugu, au da, eskari ta otoitzak orduz ordu daramazkina. Auetan batzuk jatorrak dira, beste batzuk itzuliak. «Te Deum» eta penitentziko zazpi eresiak euskeraz datoz; baita mariñelentzat kanta batzuk, agurtza ta San Frantziskoren Irugarren Ordenakoentzat eraspenak ere.
Ona, mariñelak, ekaitz zurrunbillotan daudenean, Jainkoari zuzendu bear dioten otoitzaren zatitxo bat: «Jauna, erakutsazu zeure boterea zure nahiaren pare; nahi duzu salba gaitezen, salba gaitzazu; urrikal bekizu gure premia! geldi haizeak, sosega uhinak, argi hedoiak, eder denbora, kalma itsasoa, gal etsaiaren indarra, ken gure bihotzeko tristura, esportza gure espiritua».
(Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 16 a; P. Lafitte, Eskualdunen Loretegia, 28 orr.; L. Villasante, HLV, 72 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 164 orr.).