20. Joanes Otxalde Etxezuri
(1814-1897)
Bordele napartar eta Etxahun zuberotarraren baranoan ez dezagun ahaztu Otxalde bidarraitarra: irurok bait ditugu ospe aundiko bertsogille. Otxalde au, orain mende erdi bezela dalarik, ater gabe bertsolari ari izana dugu erririk erri. Oxobi zanak au jalgi zuen: «Herriko pesta, tobera, eztei, pilota-partida ta gaiñontzeko bilkurarik, etzan berrogei urtean izan, Baigorri'tik Maule'ra, Otxalde bertsolaria gabe». Bearrekoa zan, antza, bidarraitarraren jarduna olango batzarretan.
Bidarrai'n jaio zan 1814-9-28'an; bere gurasoak: Joanes eta Juana. 1832'an, orduan bizi zitzaigun Aiherre erritxoan ezkondu zan Mari Peydouvan'ekin; 26 urtekin zaintzaille kargua artu zuen, eta bere zaintzan ara ta ona ibilli zitzaigun gero ta aziago zijoan sendiarekin: amaika seme-alaba izan zituen. 1866'an utzi zuen zaintza-kargua. Ta arrezkero, bertsolaritzari emana bizi izan zan buru-belarri; Abbadie jaunak eraturiko euskal jaietan ainbat sari jaso zituen bere koblak zirala-ta. Auetan bai: Sarakoan (1868), berriz Sarakoan (1878), Maulekoan (1880), Donibane Garatzikoan (1894), eta abar. Ameriketan ere egon zan, Gualeguay (Argentina)'n. Bidarrai'n bertan il zan 1897-12-13'an, 83 urteko zalarik.
Auek dira Otxalde'ren olerkirik ederrenak eta edatuenak: «Lurreko ene bizia», «Makhila», «Amodioa zer den», «Beskoitzeko pesteten», «Pepa ta Koakin», «Xanxundegiko xakhurra», «Zahar gazten arteko parabola», «Suplebant bat derauku», «Kilo-egilearen kantuak» (Sara'n, 1878'an, sariztatua), «Zaldi zaharra», «Soldado ondoan» (Sara'n, 1868'an, sariztatuta), «Beranteko urrikiak» (Maule'n, 1880'an, sariztatua), «Azparneko elizan 1883-an», «Madalen Larralde» (Donibane-Garatzi'n, 1894'an, sariztatua), «Khantu berriak», «Napoleon», «Garnot presidentaren heriotzea», «Irisarri-ko Toberetako kantuak» (1885-an) eta «Iruñako Ferietan».
Bidarraitar onen kantu asko, alere, galduak dira; liburuetan daudenak zentzunez egiñak dira. Kantu berriak dalakoan, adibidez, Euskalerria goratzen digu ahapaldi biribilletan.
Berrogei mende huntan, Euskal-Herrietan,
Jende bera bizi da ainitz guduketan;
Etsaiak izan dira, bainan alferretan,
Beren ezurrak utzi dituzte lur hautan.
Erkul'en pare ziren kantabre zaharrak,
Bihotzez ezti eta bertutez azkarrak;
Oro izitu dituek zuten indarrak;
Amorrik ez du egin nehoiz menditarrak.
Tankera ontan borobildu zizkigun bertsomordoak. Ari askotariko gaiak erabillirik ere, beti agertzen zaigu irudimen azkardun. Lapurtarrak oi dueenez, gaiñerá, musika gozozko doiñua zeukan bere bertsoak oiukatzeko.
(Ikus Hiriart-Urruty, Eskualdun ona, 904-5-13; Oxobi, «Gure Herria», 1950, 195 orr., eta abar; P. Lafitte, Le Basque et la litterature... 51 orr.; S. Onaindia, MEOE, 506 orr., eta Gure Bertsolariak, 259 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 690 orr.).