2. Jean Robin
(1738-1821)
Euskal aranean aspertu gabe lan egiña dugu apez argi au, beronen bizitz-zeaztasun askorik ez daukagun arren. Donibane Lohitzune'n jaio ta illa. Muiñez maite du euskera, ta noiznai agertzen digu zaletasun bizia, naiz paper zahar-amiotuetatik aldaki (kopia) ederrak egiñaz, naiz orduko berriketarien aurkako bertso jaikiak moldetuaz. Beronenak bezela esku-idatzi asko dazauguz gaur ere: batzuk berak asmatu edo-ta itzuliak, beste batzuk aldaki soillak. Ona batzuk:
1) Birjinia edo Donzeil Kristaba lenpizte siziliarra, gorago aipatu duguna. Lapurdiko euskalgiz dago, ta itz berriz zanpatua. Lau aleko lan guztiz luzea. Gaur Uztaritze'ko Seminarioan daukagu.
2) Dassance apezak ba-zuen bere liburutegian esku-idatzi luze bat, bi zati zituna: Lenengoa, «Lehenbizico liburua. Arima penitent baten sentimenduac, Erregue prophetaren berrogei eta hamargarren psalmoaren gaiñean», eta bigarrena, «Bigarren liburua. Jaincoaren ganat itcultcen den arima baten sentimenduac Erregue prophetaren ehun eta bigarren psalmoaren gaiñean». Fr. Michel'ek uste duenez, Robin apezarena da eskuidatzi au ere.
Era berean gaiñontzeko beste batzuk Robin'enak diralakoa du Fr. Michel'ek.
Bertsogintzan, azkenez, ez zitzaigun urria: eliz-kantuak ezezik, irrikoiak ere zorrotz bezain perkatx eio zizkigun, garra ta ozpiña ahapaldietan iraurri ta edazturik. «Zer egin zare?» deritzana, amabi ahapaldikoa, beste batzuen artean, orduko emakumeen jantzi parregarrien kontra egiña duzu. Neskatxak beti izan zaizkigu berdin xamarrak eta garai artan ere edozelan jantzirik joan oi ziran elizara ere. Adi amaikagarrenean dioana:
Tenplu sainduan aingeruen baltsan
Ikusiko da aparaillu hortan;
Jainkoaz, munduaz,
Lurraz, ifernuaz,
Guziez da burlatzen,
Kopeta du ezen
Gora altxatzen.
Ederki daragio bertsoaren gurpillari.
(Ikus Fr. Michel, Le Pays Basque, 478 orr.; P. Lafitte, Eskualdunen Loretegia, 126 orr.; S. Onaindia, MEOE, 443 orr.; L. Mitxelena, HLV, 115 orr.; L. Villasante, HLV, 113 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 287 orr.).