literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

27.— Juan Beriain

(...1632...)

 

        Napar idazlea. Ez dakigu zer aundirik berari buruz, eta dakiguntxoa ere argitaratu zuen liburu-aurretik jasotakoa dugu. Lizenziduna zan, eta 1602'tik aitzina eliz-ogipekoa Iruña'tik amazazpi kilometrora dagoen Uterga errixkan, araimazai edo abata.

        Sortzez ere Beriain'goa zan, itxura danez; onako abizendunik aski baita an inguruan, eta ez litzateke arrigarri euskal idazle au angoa izatea. Nun lizenziatu ote zitzaigun? Etzeukan egiaz urrun joan bearrik, sasoi artan Iruña'n bertan erakusten zuten, bada, teolojia ta morala; Iratxe'en ere Ikastetxe nagusia zegoen, eta Oiñati'n.

        Arimazai zala, etzuen arima-zaintza bakarrik bere lepo, beste zeregin eta erri-arloz ere arduratzen zitzaigun. Olandain'go ezeuki ta beartsuei laguntzeko, adibidez, alkarte bat sortu ta antola zuen: «Fundación del Víncula del lugar de Uterga y Olandain». Olandain'go nekazariena zan batez ere.

        Aita Legarda'k dionez, 1632'an agertzen da Uterga'ko elizliburuetan Beriain jaunaren azken-firma; aren eskuak galdua zeukan, orduko ere, lenago zuen kemen kiriotsua. Garai artan egindako Ikustaldian —1632-5-26'an— nagusiak «abatari ta onen laguntzailleari» erabat jarriak dira Berri Ona ta Kristau Ikasbidea euskeraz azaldu dezatelako agindua. Uterga'n etzuten eraman illen libururik 1638'rarte, eta ez dakigu beraz noiz il zan Beriain'go arimazaia, baiña ango eliz-liburuetatik atera ditekenez 1635'tik 1638'ra bitartean il zan.

 

BERE LANAK.— Bi liburu idatzi zitun, euskeraz ta erderaz. Bata: Tratado de cómo se ha de oir Misa, escrito en romance y bascuence (Iruña, 1621). Karlos Labaien'en irarkolan. 124 orrialde. Bestea: Doctrina christiana (Iruña, 1626). Amazazpigarren menderantza, Iruña inguruan, gaur gure Bizkai'ko ta Gipuzkoa'ko erritxu askotan legez, ez ilko bai ilko zegoen euskera. Min ematen zion onek Uterga'ko abatari ta, jakiña, jatorrizko izkuntzan eskolatu nai zitun bere erritarrak, erlijio-gaietan batez ere, arimai ta euskerari mesede aundia egiñaz. Auxe eskatzen zuten, gaiñera, bein eta berriz Iruña'ko gotzai ta nagusiak, Trento'ko Eliz-Batzarrak agindu bezela.

        Goi-napar eraz idatziak daude bi liburuak. Egilleak berak adierazten digunez, auxe bait zan Iruña aldean erabiltzen zan izkera. Eta ele bitan argitaratzen zitun bere liburuak, irakurlea —berak diosku— beste era bateko euskera eginen dan tokikoa balitz, itz ez-berdiñak erderaren bidez argitu al izan ditzan, eta orrela bere errian mintzatzen dan euskerara jo. Euskera jakingarria du, gauza sotil askoz jantzia. Ona zatitxo bat:

        «Gauza ziertoa eze gauza bat eginen badu persona batek ongi bear duela jakin zer gauza den, eta nola bear duen egin, berzela eztuela eginen, edo eginen duela gaizki. Ala bada Meza ongi enzuteko, zeñetan baitirade misterioak ain andiak, bear du jakin zer den, eta nola bear duen enzun, berzela eztu enzunen ongi» (Lenengo ataltxoaren asiera).

        Larramendi'k bere Iztegian (XXXV) aitatzen du, baita Corografía de Guipúzcoa (67 orr.) dalakoan ere.

 

        (Ikus J. Vinson, Essai Bibl. Basque, 13, ta 539 orr.; A. Legarda, BAP, 1958, 17-37 orr.; L. Mitxelena, HLV, 61 orr.; L. Villasante, HLV, 97 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 206 orr.).

 

Bilaketa