1. Estebe Materre
Aita frantziskotarra, Akitania'ko lekaide probintziko semea. Jatorriz etzan euskalduna, berberak bere liburuxka Dotrina christiana deritzanaren itzaurrean aitortzen digunez: lotsaz bezela ari dala dio, euskal lurreko seme ez izanik, euskeraz idazteko ausarta izan baitu.
Sara'n ikasi zuen euskera darabil, ots, laburdiera. Eliz-izlari zan nunbait, eta egiteko ortan zebillela ongi oartu zan alderdi aietako euskaldunen alfabetatze premiñaz, eta bere liburua bitarteko dutela ango euskaldunak ikasi al izan dute euskeraz nola irakurri ta nola idatzi.
Materre'k, euskaldun berri dugula ere, maixu bezela jokatu zuen. Eta ba-du onek, ezin dezakegu uka, gaur izen ori daramaten batzuen antza. Dena berriztu bear! Aurretik idazlerik izan ezpalitz bezela. Axular'ek bere Gero'ri eman zion itzaurrean dionez, idazkerari buruz ba-zan nastea garai artan ere; batak xedea, besteak gedea; batak ixilik, besteak igilik idatzi oi zuten. Materre'k bigarren eratan idazten zuen, lenagoko tankera saiets utzita. Zer duzu au? Iñork erakutsitako bideari lotu naieza, noski.
Ez dakigu nundik etorri zan euskal errira. Baiña euskeraz ziurrenik ikasi zuen 1611'garren urtean Ziburu'n jasotako prantziskotar komentuan bizi zalarik, Ziburu'n bertan, Donibane-Lohitzune'n, edo Sara'n, orduan emengo erretore zan P. Axular'ekin. Idazle ospetsu onek, izan ere, eragin bizia zuen, dudarik gabe, Lapurdi aldeko apaiz eta prailleengan, eta etzaigu batere arrigarri euskaldun berri au ere aren gerizpean babestu ta aren esan-erantzunez euskeraren jabe egiña izatea.
Auzi onetzaz ona zer dion berak irakurleari zuzenduriko itzetan: «Gaiñerakoan badakit Euskal-Herrian ainhitz moldez minzatzen direla, eta nori bere herriko Euskara zaizala hoberenik eta ederrenik; eta handik gogora emaiten deraut ene eskiribatzeko molde haur etzaiela guztiei ongi idurituko; baiña nahi dut jakin dezaten halakoek nik hitzkuntza hunetan dakidana Saran ikasia dudala eta hango Euskara ongi erabiltzen badut ez naizela gaitz erraiteko, eta ez arbuiatzeko, zeren ez paitakit nik hangoa baizen. Ordea ea Sarako Euskara denz Euskal-herriko hoberena eta garbiena, ez naiz ni hartan sartzen, bat-bederak emanen du bere iduririk. Eta Sarako Euskara hunetzaz kontent eztenak eskiriba beza bertze Euskara hobeago batez eta hobekiago, ez naiz ni hargatik bekaiztuko, eta ez inbidios izanen».
BERE EUSKAL LANA. Dotrina christiana deritzana 1617'an argitaratu zuen Bordele'n, Petri de la Court'en irarkolan. Orduan Roela'ko komentuko nagusi zan A. Materre.
Liburuxka au etzan nolanaikoa, bost argitaraldi euki zituen beintzat. Bigarrenak titulu au darama: «Dotrina christiana. Bigarren impresionean debocinozco othoitz eta oracino batçuez berreturik, Aita Esteve Materre San Franciscoren Ordenaco Fraideac hirur partetan eguina» (Bordele, 1623, Jakues Millanges'enean). Irugarrena Agen'en egin zan, Joan Gayaurenean. Laugarrena Baiona'n, 1693'garrenean, eraskin eta geigarri batzuekin; Duronea apaizarenak ziran auek, eta liburuaren idazpuru osoak onan zioan: «Bouqueta lore divinoena, bereciac eta Duronea apeçac T.P.S.V. Aita Materren liburuari emendatuac, iduquicen dituelaric Asthe guztico egunetaco Officicioac, ungui confessatceco eta errebitceco molde eder batequin, bethiereco kalendarioarequin»; Baiona'ko Piarres da liburu-egillea; 1704'an egin zan bostgarrena, Baiona'n au ere, Maffre baitan, gaur Madrid'eko Laterri Liburutegian aurkitzen dana.
Iru zati ditu liburuak. Debozinozko otoitzak dakazki lenen, eta azken irarkaldian aurretikoak zekarzkiten utsak oro kendu zituzten Baiona'ko Jaun Ipizpikuaren manuz. Bi zatitan banatzen du dotrina; lenengoan kristauak zer jakin bear duen dakarkigu, azalpen barik, eta bigarrenean gai bera azaldurik, galdegiñez eta jardetsiz.
Ziburu'ko edo itxasaldeko mariñelai zuzendu zien nunbait bere lana. Ta onela dio liburuaren atarian jarri dituen otoitzez: «Anhitz baita Euskalherrian irakurtzen dakienik, baina ez Euskara baizen bertze hizkuntzarik aditzen, halatan egin ditut halakoentzat Euskaraz debizonozko otoitz eta orazino batzuk; goizetan, arratsetan eta bertze anhitz denboratan eta okasionetan egin eta erran ahal ditez geihenak, zeinetzaz egiten baitut hirugarren partea. Guztiak dohazi borondate on batez eginak; egizu begitarte eta errezibi zazu nik zureak balira errezibi nitzan nahi zendukeien bezala». Ta onela dakazki ekaitz aldian egin bear dituzten eskariak, igandeko bezperak, zazpi penitentzi-eresiak, lau ebangelariek dakartenez Kristo'ren Nekaldia, San Roke'ri izurrite aldian laguntasuna eskatzeko otoitzak eta abar.
Irudimenari egoak pixkat askaturik, onela dakuse batzuk Materre. Axular'en ikasle da, orduko beste euskaltzale batzuekin. Saran ango aritz-tantai baten ostopean exeritzen dira Axular eta bere lagunak, apaiz eta prailleak noski; euskal kezkak eraginda denak. Antxe esan eta entzun, alkar izketa xamurrean, asmo bikaiñak ere artu dituzte euskera ikasi ta jasoteko, erriari ere beren itzaldietan gorputzez eta arimaz nola bizi euskera gozoan erakusteko. Dana dala, garai artakoak ditugu Axular, Ziburu'ko Etxeberri, Argaiñaratz, Harizmendi, Haramburou ta Materre. Seirok idazle bikain. Saiaketa ortan, nork bidea urratuko? Materre'k. Ausartena berau zan, iñolaz ere. Axular eta Guilantenak eman zuten eliz-baimena.
Ez darabil euskera txarra. Ta Larramendi'k biziro txalotzen du euskaldun berri aren lana, «euskera ederrean» idatzita dagoela esanik. «Katixima eder bat» dio P. Lafitte'k ere.
Aita Materre'k ba-du beste liburu bat ere, prantsesez idatzia: L'horloge spirituelle (Paris, 1606). Beronen liburu biok euskerazkoa ta prantsesezkoa Wadding'ek bere Scriptores ordinis minorum (Erroma, 1650) liburuan aipatzen ditu.
(Ikus P. Lafitte, Eskualdunen Loretegia, 21 orr.; L. Villasante, HLV, 69 orr.; R. Bozas-Urrutia, BAP, 1968, 191 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 159 orr.; J. Vinson, Essai Bibl. Basque, a II ta II alea, 521 ta 533 orrietan).