literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura I»
Santi Onaindia

Etor, 1972

 

1.— Beñat Etxepare

(...1545...)

 

LEHEN-IDAZLE?— Bai, gure bertsolari, esakun zahar, XIV ta XV'garren gizaldietako anai burruketako kanta ta maite eresiak aldebat utzita ere, ta Erdi-Aroko euskal poesia, aozkoa diot, aberats eta loratsu nabarmendu arren, Etxepare degu euskal idazle aurrenena.

        Ezta arritzekoa, beraz, euskaldunon lehen idazleari buruz zerbait jakin nai izatea. Ta askotxo dira ortan saiatuak, len eta orain; euskalarien artean gutxi ditugu, onela edo arela, ari ukuturik egin gabeak. Aren aditzari ta gramatikari buruz, batez ere, zenbait zeaztasun adierazi dizkigute auek beintzat: Fr. Michel, Jaurgain, Huarte, Stempf, Urkixo, Schuchardt, Ernst Lewy, R. Lafon, Gil Reicher, L. Mimelena, L. Akesolo, Berriotxoa Anaiak eta abar. Nainondik so eginda, jakingarri zaigu, izan ere, orain lareun urteko idazle jator ura.

 

BIZITZA.— Etxepare'n biziaz zer gutxi dakigu, zoritxarrez. Eta dakigun apurra ere, bere poesi-liburutik erakarri dezakeguna besterik ez degu, ots, bere liburu «Linguae Vasconum primitiae» (1545) argitaratu zanean erle, itxuraz, Eiheralarre'ko erretore zala, ta nun-edo-nun baitegiratua egona zala. Lenbiziko zeaztasuna liburuaren azaletik dakigu, ta bigarrena, liburu ortan datorren «Mossen Bernat Etxepare'ren kantuya» deritzan olerkitik. Deus ez dakigu besterik, seguru beintzat; ez nun ta noiz jaio zan, ez noiz ta nun il zan, ez nortzuk zitun guraso, ez eta nun osatu zitun bere eliz-ikaskizunak.

        Ark eta onek dioenetik, ala ere, eskubete zeaztasun bildu genezake. Bee-Naparruko seigarren merindadean jaiotzen da. Noiz? 1493'an? Nun? Ditekena da, Eiheralarre, Donibane Garatzi'tik iru kilometrora dagoen erritxoa, aren sorterri izatea: inguru ontako izkerea darabil bere poesi-liburuan.

        Edesti pizkat: Inguru ontatik igaro oi ziran, Ibañeta'tik zear Konpostela'ra zijoazten erromesak. 1516'an Etxepare Donibane-Garatzi'ko moltsoan dago, erri au gudariz esitu zutenean ain zuten, eta gezur-salakuntza ostean, giltzapean jarri zuten; 1518'an, ageri danez, Eiheralarre'ko erretore bezela, aurretik, Pedro Mendikoaga'ren ondoren, Donibane-Garatziko apaiz-buru, bikario izan zalarik. Nork izendatu zuen? 1520'an il zan Bertrand Lahet'ek, bear bada. 1545'an, oraindio bizi zala nunbait, bere liburu «Linguae Vasconum primitiae» argitaratua izan zan.

        Iru eratan idatzia dager aren deitura: Etxepare, Detxepare ta Etxapare. Abizen au, aurki, Donibane Garatzi inguruko aundikien jauregi-etxeetatik zetorkiona zan, onen izeneko etxeak gaur ere Sarraskete, Beorlegi, Zabaltze, Ostabaret, Ibarrola, Armendaritz eta Baigorri'n aurkitzen ditugu-ta. Eliz-gizonak ere ez dira urri Etxepare deiturakoak.

        Beñat Etxepare, gure idazle trebea, zintzoa izan zitzaigun gizaseme bezela, ta benetako arima-zaia izan zanik ere ezin dezakegu zalantzan jarri: orrelakoa agertzen bait zaigu bere olerki-lanetan. Iñoizka esan danez, berrogei ta bat urte zitula egin zan apaiz, aurretik mundutar amets askok ustel irten ziolako. Ba liteke. Olako zerbait ere agertzen zaigu bere olerkietan.

 

ESPETXEAN.— Amaseigarren mende lenengoetan ba-zan aztala-mazkeri ta arrabotsik Naparroan, Bearne ta inguruetan; eta, azkenez, lendik beren lurraren jabe ziranak iñoren orpopean lotu ziran. 1512'an, Espaiña'ko errege Fernando Katolikua, Albako dukeari esker, Napar erreiñuakin jabetu zan; baita ondoren, Bearne ta Foix'ko konderrian erabat nausi zan Joanes Albret I'goa, Naparrutik eta Baxenaparrutik uxatu ere. Andik lau urtetara, alare, Joanes II'garrenak —onen aita illa bait zan— Donibane Garatzi inguratu ta Baxenabarra osoa beregandu zuen berriki. Mugaldeko istillu latzak ostera ere; ta, atzenez, osorik erori zan Naparroa espaiñarren mende; Karlos V'garrenak, baiña, mendiz andiko erri-goraberak zeatz eramatea etzitzaiola errez izango ta, Foix'ko etxearen esku utzi zuen Baxenabarra. Garai artan ezarriak ditugu gaur ere zutik dauden Auñamendi-mugak.

        Urte latzak, egiaz, aiek bertakoentzat. Izango zan barne-garraztasunik. Ez gutxi gero eliz-gizonen artean ere: oso gaitz zaigu, ba, olakoetan alderdikeritik iges egitea. Etxepare ordun Donibane-Garatziko bikario zan, eta Eihelarreko erretore. Zer gerta zan? Batzuk uste dutenez, Espaiña'ko erregearen alde agertu zan, edo beiñik-bein olakotzat salatu zuten. Eta Joanes agintariak Bearne'ra dei egin zion, «maltzurkeriz», berak dioanez, eta giltzapean jarri zuen poliki asko. Nun? Paube'n? Apaiz salatuak, alere, etzuen errudun ikusten bere burua; ark dio «Erregeri dakidala nik eztizit faltatu».

        Kezka bat zuen espetxean zegoelarik: izterbegiena, edo-ta iñoren oker-utsak nai gaiztoz biltzen diardutenen aurkakoa. Gizonki azaltzen du, etsaien mende jausitakoan, zer gertatu oi dan ere. Bere espetxe-kantuaren seigarren ahapaldian taiu ontan negartzen zaigu:

 

                Ni, gaixoa, etsaiari nihaur jin niz eskura,

                ene untsa eginak ere orai oro gaitz dira.

                Haren menian ezpanengo, nik nukeien zuzena;

                mirakulu banagi ere, orai ene ogena.

 

        Eta atxillo dago. Goi-pentsamentuz da alaitzen, barneratuaz: on egiñez eta gaitza eramanez bear dugu salbatu. Gogapen bizi ta zerutarrez gaiñezka dagerkigu ahapaldi guztietan. Oiñazez samindua dago, baiña inpernuan daudenak are geigo pairatu bearra dute. Adi:

 

                Mosen Bernat, pentsa ezak, kartzel ori gaitz bada,

                nonbait ere ifernuia are gaitzago dela.

                Heben hik dadukek bana, haiek ez nork konsola.

                Penak heben fin dik sarri, haienak ez sekula.

 

        Azken aurrekoan ere izterbegiak dakazki gogora. Eta an zegizkien ilketak. Ona sei bertsoko au, tristuraz betea:

 

                Iangoikoa, orai dizit egiteko handia:

                hiri honetan eriotzez hiltzen duzu jendia;

                gatibutan hil enadin gizon ogengabia,

                osorik, otoi, ialgiteko Zuk idazu bidia,

                izterbegiak eztakidan gibeletik irria:

                «Ogenduru zuian eta han galdu dik bizia».

 

        Ez dio eriotzak nun egiten zituztenik, Bearne'n edo beste tokiren baten. Orduko kondairaz txit ikasia dan Tocco-Chala'k dioskunez, ala ere, 1511'tik Oloren eta Orthez'en ere erri zaiñak ziralarik, Paube'n aurkitzen zan epaiak eman bear zituen errege-batzordea; ango gazteluan baitzen zituzten aginterri artako gaizkilleak. Urkatzaille hat ere ba-zan bertan, 1519'garrena ezkeroztik. Dana dala, Etxepare gatibu zegon lekuan eriotzak egiten ziran.

        Noiz ondu zuen espetxe-kantu au? Loturik zegoela? Ala dirudi. Ez dezu kaskarra gero, gai ortan edozein elertitan egiñari zorrik ez diona baizik. Giarra oso, piper-aletxuz zipriztindua. Ogetalau ahapaldi ditu guztira: 18 lauko, 3 seiko, bosteko bat eta biko bat; au da: 102 bertso 15 silabako, 8/7.

 

IDAZ-LANA.— Ezagutzen degun lehen idazlea da Etxepare; beronen olerki-txorta auxe degu, beintzat, euskeraz idatzi ta irarkola lenengoz emana. Marpain liburu argitaratzailleak errege-ordezkariai egin zion eskabidetik atera genezakenez, Bordele'n argitaratu zan 1545'an. «Linguae Vasconum primitiae» (euskal leen-zituak) deritzaio; idazpuru sotilla ta arroska, dudarik gabe: latiñez jarri zion egilleak, naiz-ta euskeraz emana izan barre-muiña, oso-osorik. Etxepare'k, gaiñera, ba-zekian ondo ere bere liburua zala, bere olerki argitara emanak zirala, euskal literatura idatziaren lenengo aleak.

        Arantza bat zekarren izate-barne josia. Euskalduna —ondo zekian— trebea zan zeinbat jakintza-gaitan, «letratu» andia; etzan, orraitio, iñortxo ere oraindik saiatu bere izkeraren «faboretan», euskeraz idatzi ta argitara ematen. Ezer idazterakoan erderara jo oi zuen faltatu gabe; erdel-izkuntzaz kultura ta gogo-lantze osoa artu ez-ezik, basa-izkeratzat zeukan euskera; ez omen zuen deusik balio gauzak azaldu ta adierazteko. Egoera ortan zeukan bere euskera zahar maitea, etxekoak ezetsia ta kanpokoak aintzat artu gabea. Onek odoltzen zion biotza, ta, lotsakizun orren miesa urratzearren, or doa kalera bere liburua. Azkarki dio: «Heuskara, ialgi adi kanpora! ».

        Bernard Lehete'ri eskeintzen dio bere poesi-sorta, «erregeren adbokatu bidezko ta nobliari». Olanik itz-aurrean: «Eta orai zuk, jaun noble eta naturazkoak bezala, baituzu estimatzen, goratzen eta ohoratzen heuskara; zuri, neure iaun eta iabia bezala, igorten darauritzut heuskarazko kopla batzu, ene iñorantziaren araura eginak; zeren, iauna, haiek ikusirik eta korrejiturik plazer duzun bezala, irudi bazautzu, inprimi-erazi ditzazun». Jakin dezala munduak euskaldunak ba-dutela beren izkuntza, «berzek bezala», itzez eta idatziz erabilli daitekena.

        Auxe da bere xedea koplak antolatzerakoan. Eta era bitako koplak antolatu zizkigun: ainbat erlijioari buruzkoak, «giren guziak Ienkoari otoitz egitera» bultz-eragitekoak, eta beste ainbat kantatu ta atsegin artuz denbora ematekoak. Au da, Etxepare'k batetik euskera jaso ta gaillendu nai du ta besterik, au erabilliz, Jainkoa otoiztu. Labur: mundu onetan gizonari, «prosperoki» bizitzen lagundu, mugaz andikoan barru duen zorion-egarria ase dakion.

 

OLERKI-MUIÑA.— Amabost edo amasei kopla ditu guztiz; eta azkenengo irurak, ots, espetxe-kantua ta euskal omenezko biak kendu ezkero, gaiñeko guztiak bi maitasun oso ez-berdin, Jainkozkoa ta gizatiarra, kantatzen dizkigu. Erlijiozko poesiak 595 bertso dituzte, maitezkoak 403; giltzape egon zanekoak 102 bertso, ta Kontrapasak eta Sautrelak 59 bertso. Guztira: 1.159 bertso. Geienak 15 silabadun laukotan egin zituen, zortzigarren silaban ebakia dutela.

        Lenengoetan Jainkoa du kantagai, edo obeki, kristau dotriña azaltzen du, garai artan oitutzen zanez, ahapaldi borobilletan. Jainkoak egiña da gizona, ez izadiak, eta Aren zerbitzuan jardun bearra du, batez ere. Ark eztu morroi nagirik gura. Ona berak ederki:

 

                Ezein iaunek eztu nahi mutil gaixtoa eduki,

                ez pagatu soldatarik zerbitzatu gaberik.

                Iangoikoa ari duzu hala hala gureki:

                gloriarik ez emanen hongi egin gaberik.

 

        Eta kristauak, mutil gaixto bilakatu ez dedin, egunero zer egin bear duen derakusgu: goizean, arratsean, naiz elizan naiz illerrian, nolako otoitzez jokatu bear duen Jainkoarekin, Andra Mariarekin eta santuekin, fedezko egiak eta Jainkoaren lege-aginduak ere gogotan jarriaz.

        Erlijiozko neurtitzotan, askok uste duenez, Iudizio jenerala dugu bikaiñenik. Izan ere, bizi-bizi margozten digu azken-epaia. Bi tokitan daudeke giza-semeak, zeruan edo inpernuan, saridun edo sarigabe.

 

                Erioa manatzen du ezein falta gaberik

                hilak oro dakatzela aitzinera bizirik,

                hantik harat eztukela botererik iagoitik.

                Mundu oro iarriren da bi lekutan hertsirik:

                glorian ezpa ifernuian; ezta eskapatzerik.

 

        Igesbiderik eztun epai latz ostean, zer zori dagokio munduari? Etxepare'k kanta:

 

                Zeruia ezta ebiliren hantik harat iagoitik;

                iguzkia egonen da orienten geldirik,

                ilhargia okzidenten begiz begi iarririk.

                Egun honek iraunen du eben eta iagoitik,

                alabana ez izanen heben gauza bizirik.

 

        Amaian otoitz gartsu bat dakar Andra Mariari egiña, 15 ahapalditan. Bederatzigarrenak onan:

 

                Zuri gomendatzen nuzu hila eta bizia,

                neure gorputz eta arima eta dudan guzia.

                Otoi, behar-orduyetan Zu zakitzat balia,

                eta, otoi, Zuk goberna ene bizi guzia.

 

        Poema errotsua. Bertsoren batzuk ba-dute Dies irae ta Stabat Mater'en antza. Ez usteko alkar-etortzea noski, Etxepare ezpaitzan iñoiz ibilli besteren pentsamentu billa.

 

* * *

 

        Amar dira guztira giza-maitasunari eskeiñitako kantuak 1) Amorosen gaztiguia; 2) Emazten fabore; 3) Ezkonduien koplak; 4) Amoros sekretuki dena; 5) Amorosen partitzia; 6) Amoros jelosia; 7) Potaren galdatzia; 8) Amorez errekeritzia; 9) Amorosen disputa, ta 10) Amore gogorraren despita.

        Abesten duena ezta noski aragira garamazkin lera, irritsa; ezta ondorioz letorkigun samin errea. Bein edo bein, bear bada, bere gaztaroko irakiñaldiak arrotzen ditu. Emazteen alde agertzen zaizu beti, gizonaren maite-su kaskarra zigor-biraz zaparrasturik. Eztu nai iñork aiengatik gaizki esan dezan. Txasta itzazu bertso auek:

 

                Andren gaitz-erraile orok behar luke pentsatu

                bera eta bertze oro nontik ginaden sortu.

                Ama emazte luien ala ez, nahi nuke galdatu;

                amagatik andre oro behar luke goratu.

 

        Irudimen sutsuz eioa dugu Ezkonduen koplak deritzaiona. Moral-esiak urratu naiez dabiltzanen aurkakoa. Amoros sekretuki dena deritzanean, ordea, gaztez biotza artegarazi zion maite-sua dabilkio, antza, aize-motots-bizi. Ona kantatzen digu:

 

                Artizarrak bertzetarik abantaila darama;

                halaber da anderetan ni penatzen nuiena.

                Hanbat da eder eta jentil, hartzaz erho narama.

                Zori honian sortu date haren besoan datzana.

 

        Era ontakoak dira besteak ere, giza-maitakeria ertz orotik so-eginda biziki kantatzen dutenak. Argia ta ikasia ematen du Etxepare'k bere kopla guztietan, maitasunezko poema oetan baitik bat. Dela Jainko-maitasuna, dela giza-maitakeria, egiz adierazten digu beti barnean daraman sentipena, ezertxo ere estaldu gabe. Auxe ez al da egiazko olerkari izatea?

        Atzenez, goian aipaturiko espetxe kantuz gaiñera, Kontrapasa ta Sautrela datoz; dantza parekoak dituzu biok, arin baizen dardaratiak. At, kanpora atera nai du euskera. Garazi'ra! Mundu zabalera!

 

                Bertze jendek uste zuten

                ezin skriba zateien;

                orai dute phorogatu

                enganatu zirela.

                        Heuskara,

                ialgi adi mundura!

 

LIZUNKOI OTE?— Aitor dezagun lehen lerrotik: Etxepare, bere poesi-bilduma osoari ertsiki so ezkero, gizaseme jatorra dugu, egizale porrokatua. Gauza bakoitzari bere izenez deitzen zion, asmamenak moldatu-eder billa etzitzaigun egundo ibilli. Egi soilla esatea, ala ere, gauza bere billoiztasun gorrian aurkeztea etzaigu ederregi. Onek lakaztuta edo, ausart lizunkoitzat jotzen dituzte askok Etxepare'ren maite-poemak. Onen liburu osoari begira P. Lafitte'k onan: «Oro neurtitz egina da. Zati ederrak baditu; bainan —egia egiari zor— apez batek segurik egin behar ez bezalako hetarik ere parrasta bat». Azken itzok gogotan ditula noski, I. Sarasolak, Lafitte'ren kritika moldeari jarraituz, «garaiko literatura osoa arbuiatu beharko lizatekeela» esaten digu.

        Auzi ontan egoki zaizu zer batzuk begi aurrean eukitea. Biotzaren jabe gara gizasemeok, naimen-indarrez Jainkoak berak bait ginduan ornitu. Oroz gaiñ Jainkoa maitatu bear dugu; urko lagunari zor diogu ondoren maite-sua. Baiña ez maitakeria, legezko eztan aragi-lera itsua. Garbia izanik Jainkoa, gizasemeen biotz-griña ere bidezkoa opa du. Etxepare'k bere maite-olerkietan beztu ta azaltzen diguna, alako edo onako amodio lizunkoia duzu; griña ori iñoiz gordinxea azaltzen badigu ere, Jainkoari zor diogun alderdia dakar beti gogora.

 

                Gure artian haur dakusat, itsutarzun handia;

                nola dugun zerbitzatzen hanbat gure etsaia,

                Iangoikoa deskonozi, gure Salbatzalia,

                eta orok ezagutzen dela bidegabia.

 

        Emen Etxepare'ren joka-giltza. Gaiñera bere aldi ta giroko seme dugunik, gu gaurkoak garean bezela, ezin dezakegu uka. Erdi Arako poemagille dugu, naizta berandukor. «Hartan bezala —dio Sarasolak— ikus daiteke euskal idazlearen baitan errenazimenduaren berri ematen zuen elementu espiritualisten eta naturalisten nahaste eta burruka». Fede biziko gizona noski, goiko Aitaz oroitzen dana. Orrek darama inguruko gizasemeak ere, bere anai-arrebak, goi-bizitzara bultz-eragitera. Ez dakigu orduko poeta arrotzen lanik irakurri zuenik, baiña aro artako giza-giroan buru-belarri sartuta bizi zana, bai, alegia. Etxepare lako olerkari baten lana zeatz epaitzeko, beronen aldiko giro, jokabide, gizarte-auzi ta ipi-apa nagusienak beintzat ikasi ta aztertu bearra dugu. Ortega y Gasset'ek dioanez, «gizona ta onen ingurua» ikasi bear, ertilariaren lanaz osorik jabetzeko.

        Naiko nasaiak ziran orduko oiturak. Eta berreun urte lenago Juan Ruiz Hita'ko artzipresteak egin zuenez, jokatu zigun Etxepare'k apika. Eder-sena zuen eragingarri, ez iñolaz ere aragi-sena. «Beti gogoan euki —diosku J. Etxaide'k garai onetaz— Juan Ruiz'i bezala Eiheralarre'ko erretorari ere edertiaren goitzeak eragin ziola batez ere olerkiak lantzean eta sekula ez erakuspide txarrik emateak. Lizunki idatzi ba'zun, aldi artako oitura nasaiak ala agintzen zutelako, edo ta garrantzirik ematen ez zitzaiolako beintzat egin bide zun» (Amasei seme..., 69 orr.). Aldiak aldi, dena bear da-ta, ez al ditugu gaur ere olako gordinkeriak, edo aunditxoagoak, errez xamar, bat ere lotsa gabe jartzen? Ortaz gaiñ, lau-bost besterik ez dira gordin-ixuriz dauden ahapaldiak. Lan osoa begira ezketiño, zer gutxi iñolaz ere. Larregi egotzi diogu, nik uste, gure lehen euskal idazle ausartari. Bestalde, ez ote ditugu ainbat erri-kanta ere urarenak baiño labankorragoak?

 

ETXEPARE'REN OLERKI-ERA.— Neurriari gagozkiola eztu ugaria; au da, berdinxea darabil ia poema guztietan: 8/7. Etena ere, beti berdiña. Euskeraz bizki edo diptongo ez diranak —ia, oa, ue ta abar— olakotzat darabiltza sarri; baita, naiz bizkiak izan, bi itz erdian sinalefa egin ere. Auzoko izkuntzetan bezela jokatu zuen ontan, itxura danez. Noizik bein poto egiñagatik, bukaera edo rima bipilla du; eztu okerrik egiten. Erritar poesian geienik ageri dana 7/6 dalarik ere, batzuk ba-dira Eiheralarre'ko poetak darabillen gisaz egiñak, au da, 8/7 ere: Zubero'n kantatzen duten «Xori kantatzale eijerra», «Agoto», «Xoritua, nurat hua» ta beste batzuk.

        Silabak, R. Lafon'ek dio, beti dira zenbaki bakoitiak; 15, 11, 7. Bertsoak geienetan rimaz daude, banaka batzuk izanik ots-antza bakarrik daramatenak. Amorez errekeritzia, Amorosen disputa ta Kontrapasa izan ezik, beste poema guztiak onelaxe —8/7— egiñok daude, erdian, au da, zortzigarren silabaren ostean, etena, ebakia dutelarik. Lau bertso edo piku dakarzte ahapaldiak, noiz edo bein agertu oi danarren bost edo sei bertsoko ahapaldiren bat. Iñoiz baita poema amaitzen da biko batekin. Amosoren disputa amaika silabadun bertsotan osatua duzu —7/6—, seigarrenaren gibelean etena dutelarik. Amazortzi ahapaldi lau pikoko guztiz.

        Ba liteke erri-kantetatik artua izatea Etxepare'k geien darabillen neurkera. Joanes Etxeberri ziburutarrak ere, naizta lauko txikietan banatuta, neurkera berbera darabil ia beti; baita Harizmendi'k ere. E.S. Dodgson'ek, ordea, XI'garren mendeko gerkar poema Les exploits de Basile Digénis Acritas aztertu ondoren, onen eta Etxepare'k bere neurtitzetan darabilen ritmua ta pikua berdiñak zirala baieztu zigun (Revue de Linguistique et de Philologie Comparée, 1893, 275 orr.). Baiña ez da onen zigurra. Neurkera oni —8/7— «bertso politiku» zeritzen XI'garren mendez gero, edo-ta «quaderna via»; au da: alejandriar ahapaldi bat, lau pikoduna, XIII ta XIV garren gizaldi barruan maiz erabillia. Neurkera au, ala ere, ez dator bat Etxepare'k eskukatu zuenarekin.

 

IRITZIAK.— Fr. Michel'en gardiz, oso txairoak dira Beñat'en koplak; noiz idatziak diran jakin ezkero, ez dute ezer arritzekorik. Rabelais'ek berak ere, Pantagruel liburuetatik bat, Châtillon kardenalari eskeiñi zion iñork ere gaizkitzat artu gabe. Lesbos'go lira —dio oraindik— latindarrentzat durundazi zuen Horazio bezin aintzagarri dugu Etxepare, euskeraz idatzi ta argitaldu zigun liburuagatik. Apaizgaitean bear bada, griego ta latin klasikuak irakurri zitun eta aien zerbait ba-zeraman oraindik bere barnean.

        J. Urkixo'k, ordea, goi-arnas urrikotzat zeuzkan Beñat'en lanok. Onela dio: «Euskeraz lenen idatzi ta argitaratutako liburuaren baliotasuna, izkuntzarekikoa dugu batez ere, ta bibliografikoa». Van Eys'ek bere aldetik: «Etxepare'ren poesirik asko eztira bulkoz ain goiak, ezta gramatika arauz ere» (Introducción al «Linguae V. Primitiae», 14 orr.).

        L. Mitxelena'k: «Etxepare ezta liriku bakana, guk alere ezin uka genezaizkioke poeta artean goi-goi jar-azten duten trebetasun egiazkoak. Naiz erlijio barrutian naiz bestelakoetan, beti adierazi oi du txit jatorki barruan daraman biotz-eragiña, izkera nare, berezko ta bizian... Egizale, errealista duzu batez ere, eder-eredu billa etzebillena. Soila ta zeatza duzu maiteminduen arteko ar-emanekiko margozketa labur bitxia, eta aien agotan jartzen ditun alkar-izketak, dramatikoak eta trufariak dituzu. Bertsoak eztu ura egundo ere lotzen» (HLV, 46 orr.).

        René Lafon'ek: «Idazle txukuna dugu Etxepare, izkerari begiratu ezkero; guztiz txukuna esango nuke nik, ainbat izkuntzatan argitaratutako lenen-liburuekin alkar jo ta berdinkatu ezkero».

        Eta Gil Reicher emaztekiak: «Aren olerkiak, euskerak gutxitan izan ditun lera, lirismu ta berorasunez daude. Nik ez dot uste bitxikeria danik, gure poeta bear bada aundienetarikoa dala esatea. Euskal literatura guztiko lanik yaioena noski».

        Berdin A. Villasante'k: «Iñundikan ere olerkari aundia dugu Etxepare. Bere bertso zahar zakatzez barne-barnean dardarazten du irakurlea. Ark jakin du, bai, nola bere baitan gauzea somatu ta nola gaiñekoai adierazi: gizonak izare-erroan daramazkin arropuzkeria ta zoramena, munduak eta aragiak tai gabe atzipetua nunbait: «eta beti erratuia/ nola ardi itsuia/, mundu hunek, haragiak/ beti enganatuia» (HLV, 55 orr.).

        Era, guenez, J. Etxaide'k: «Etxepare, eragin sendoak igitzen zuten gizon zindo ta martzala genduan, iñolaz ere. Bere olerkiak biotz zabal eta leratsu batek bakarrik darioken sugarrez igurtzirik dagoz. Eiheralarre'ko erretora etzen, noski, gizatankera otz, neurritasun kalkulakor eta itxurati oietakoa; are gutxiago, bere biotzeko sentipenai, nola-naiko zirela, eragozpenik edo estalgarririk jartzen zekiena». Eta darrai: «Mossen Bernat'i euskeraren maitasun utsak eragin zion bere liburua argitaratzea, eta ortarako erlijiñoaz eta maite-bertsoaz baliatu zen... Euskera erabilli zizun elburu, era erlijiñoa ta maitabidea beronen lagungarri. Bere ondorengo apaizik geienak, beraz, euskeraz idatzi ba'zuten ere, erlijiñoa izan zuten lenen elburu eta euskera maiteki erabilliarren, bitarteko, Erlijiño egiak erriari erakusteko. Axular'i berari ere, euskerak baiño erlijiñoak geiago eragin zion, Gero'ren itzaurrean somatu dezakegunez. Mogel'en Peru Abarka dugu noski lege onen urratzaille bakarretakoa» (Amasei seme..., 73 orr.).

        Fr. Michel'ek eta J. Vinson'ek «euskal Rabelais» deitu zioten. Zergatik ote? Frantses idazle biurria Pizkunde garaiko seme dugu, irarkola asmatu zanekoa. Etxepare ere piztaziko zuen inguruko beroak, eta munduari erakutsi nai zion bere izkuntzak ere, «berze lengoajeak bezala», merezi zuela idatzi ta irartzea.

        Bildur gabe esan genezake, beraz, Aitzol'ekin: euskal pizkundeko olerkari dugu Etxepare. Guk, ordea, erdi aizturik euki dugu azken urteotararte. Euskalariak ere, zein etxeko zein kanpoko, etzuten goraipatu euskera arras berriz jantzi zuelako, linguistikak erdi itsututa baizik. Begoz, ba, aurrerantzean merezi duten maillan aren oler-arnasa ta jantzi zaharra.

 

        (Ikus F. Michel, Le Pays Basque, 1857, 440 orr.; R. Lafon, La Langue de Bernard Dechepare, BAP, 1951, 309 orr.; J. Urkixo, RIEV, ,933, 660 orr.; J. Vinson, Bolet. Inst. Amer. de Estudios Vascos, 1955, 100 orr.; Gil Reicher, Le grard poéte basque Bernard Dechepare, «Gure Herria», 1957, 33 orr.; P. Lafitte, «Gure Herria», 1967, 348 orr.; L. Mitxelena, HLV, 45 ta 170 orr.; S. Onaindia, MEOE, 173 orr.; L. Villasante, HLV, 50 orr.; Auñamendi, Literatura, I, 125 orr. eta abar).

 

Bilaketa