24. Jose Gontzalo Zulaika Arregi, «Aita Donostia»
(1886-1956)
«Aita Donosti». Merezi du onek ere gure literaturan toki egoki bat. Musika barrutian izanik ere, euskal eresi zaar, folklore, etnoloji ta olakoetan guztiz aitua izan zitzaigun, gai oieri buruz ainbat lan bikain buruturik. Bego, beraz, emen kaputxino jakintsu ta langille purrukatu onen gomuta bereizia.
BIZITZ-UBEAK. Donostia'n munduratu zan 1886-1-10'an. Amar urtedun zala, 1896'an, Lekarotz'era joan zan batxiller ikasteak egitera; ikasketok amaitu zituenean, 1902-3-19'an Lekarotz'en bertan jantzi zuen kaputxiñoen soiñekoa, urrengo urtean iru botoen eskeintza egiñik. Filosofia eta Teolojia ere bertan, Lekarotz'eko komentuan ikasi zituen; 1908-12-19'an Iruña'n mezako egin zan. Ikasle zan bitartean, latin eta ikasten zebiltzan mutillen irakasle ere izan zan. Apaiztu ta gero ere, irakaskintzari ta musikari emana, Lekarotz'en eman zuen Aita Donosti'k bere bizitza guztia.
Umetatik zekarren musikarako doai berezia, ta orra, 1908'an, 22 urte besterik etzituela leen meza eman zuenean, bere lenengo musikak irarriak agertu ziran. Musikalari oso ezaguna ta mundu osoan goretsia; Lekarotz'eko ixiltasuna sarri eten bear izaten zuen, Madrid'en, Paris'en, Barzelona'n, Toulouse'n, Baiona'n, Buenos Aires'en nun ez? itzaldiak eta kontziertuak emateko.
Maite zuen Euskalerria ta beroren erri-musika. Uri ta baserriz aspertu gabe ibillirikan, zenbat kanta ta bertso zaar bildu zizkigun, iltzear zeudenak! Goxotasunezko arretaz bildu ta jaso ere! Azkue ta Dorosti izan ditugu gizaldi ontan gure eresi zaarren biltzaillerik gaiñ-gaiñekoenak.
Ezin-konta ala itzaldi egin zigun Euskalerrian eta Euskalerritik kanpo; eten barik idatzi zigun or-emengo aldizkarietan, eta naiz itzez naiz idatziz beti zerabillen euskel gaia, musika ta folklore. Alderdi leun goxoa dugu au ere aren giza-irudian: itzaldi ta idazlanetan olako barre ezti kutsu, ezpiritu-min bizi-bizia agiri zaio, munduko jakintsu ta artisten artean on aundia egin zuena. Origatik edo, «apostolu artista» zeritzaioen. Euskal arima bipil ta eder baten jabe zan: Donostia'n jaioa izanik, eta umezarotik berrogei ta amar urtetaraiño Lekarotz'eko Ikastetxean bizi, ederki mintzatu oi zan euskeraz, eta idatzi.
1936'garreneko guda gaizto aldian erbestera joan bearra izan zuen. Etzan, baiña, iñoiz ere biotz-erori agertu; Frantzia'n zegoelarik ere, lan eta lan ari izan zitzaigun, «Gure Herria» aldizkaritik dakusgunez. Berdin, ondoren Barzelona'n egin zuen egotaldian ere beti langille nekegaitz, musika idatzi ta itzaldiak eman.
Ainitz batzalditan parte artu zigun. Eta ainbat alkartetan sartua zegoen: «Real Academia de Bellas Artes de San Femando»-koa zan, Euskaltzaindikoa, «Eusko-Ikaskuntza»-ko «Música y Danzas» saillekoa, «Instituto Español de Musicología» sortu zuen, «The Hispanic Society of America»-ko bazkide, «Sociedad de Musicología de Francia»-koa ere berdintsu.
1956-8-30'an, gaueko amaikak eta laurdenetan, fraideak inguruan zituelarik, Donosti'ko kaputxinoen komentuko gela apal batean il zan. Baiña berak nai izan zuen bezela, Lekarotz'eko frailleen iltegiak zaintzen ditu aren il-ondokoak.
ERES-LANAK. Asko idatzi zuen Aita Donosti'k Torrellas, Labor, Blume, Grave ta Larousse'n eres-iztegietan, eta «Euskalerriaren Alde», RIEV, «Zeruko Argia», «Gure Herria», «Lecároz», «Yakintza» ta BAP gure arteko aldizkarietan. Ona aren eres-lanik aipatuenak:
1) De Música Popular Vasca (Bilbao, 1918). 1916'an Bilbao'ko «Filarmónica» aretoan emandako itzaldiak dira. Ementxe eman zuen bere bizitzako azkena ere, 1956-3-3'an.
2) Euskel Eres-Sorta. Cancionero Vasco (Madrid, 1922). 393 zenbakizko euskal folklore musika. Euskalerriko lau Aldundiak 1912'an eratu zuten eres-batzaldian aurkeztua.
3) IX Egu-berri Abestiyak (Madrid, 1916). Bederatzi Gabon kanta, doiñu berdiñean, organuak lagunduta.
4) Eleiz-Abesti-Sorta (Paris, 1925). 41 kanta.
5) Euskal Eleiz Kantikak (1952). Ogei abesti, lendik ere «Zeruko Argia»-n argitara emandakoak.
6) Eguerri (Beloke, 1951). Beloke'ko Aita Beneditinuen «Ezkila»-k argitalduta.
7) Oyar Otsak (Donostia, 1927, 1930 ta 1959). Erri abestiak. Iru ingarrazti argitara ditu Donosti'ko Erbiti etxeak: I, abots berdiñetan; II, abots nastuetan; III, abots nastuetan.
8) «Gure Herria», mugaz andiko elebitsuko aldizkari elertizkoak, 1921'an sortuak, Aita Donosti'ren erri-kanta mordoska argitarau zuen.
9) «Zeruko Argia»-k ere berdin, lenengo saillean 1919-1936, ta bigarrenean 1954'tik aurrera.
10) XL Eleiz-Euskal-Abestiak (Paris, 1924). Berrogei abesti, organuarekin lagunduta, len-danik «Zeruko Argia»-n azalduak.
Aita buruñurdun jakintsu onen lan ederra galdu ez dedintzat, Aita Riezu ari da Lekarotz'en aren musika ugari, idazlan jakingarri, mintzaldi goxo ta erri-jakintzari buruzko ikaskizun eta araketak oro, au da, aren lan guztien bilduma osatua biribildu ta argitara ematen. Dagoneko aren musika sailletik aterarik ditu: 1) Navidad (1960); 2) Pascua (1965); 3) Jesucristo (1966); 4) Marial (1966); 5) Santoral, argitaratu gabe; 6) Lili eder bat (1962); 7) Goizean goiz (1968); 8) Itxasoetan (1969); 9) Larre gorrian (1971); 10) Piano (1972); 11) Organo (1975); 12) De Cámara, argitaratu gabe. XII izango dira guztiz aren eres-lanak osorik ateratzekoak.
(Ikus Aita Jorge Riezu, Vida, obras y semblanza espiritual del P. José Antonio de Donostia, Capuchino (Iruña, 1956); G. Maxika, Los titanes de la cultura vasca, Auñamendi Bilduma, 21'garrena, 117 orr.; Iratzeder, Gure Herria, 1960, 353 orr.; H. Gavel, Gure Herria, 1960, 372 orr.; L. Dassance, Gure Herria, 1960, 375 orr.; Lagarralde, Gure Herria, 1960, 330 orr.; N. Labéguerie, Gure Herria, 1960, 384 orr.; G. Eppherre, Gure Herria, 1960, 321 orr.; Egan, 1956, 2, epailla-jorrailla; J. San Martin, Escritores euskéricos, 175 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 347 orr.).