1. Erramun Intzagarai Bastanarena
(1878-1947)
A. Zugasti apaiz idazleak onela margotzen du donostiar langille au: «D. Ramon zer zan, nolakoa zan? Gizona zan: atsegiña, argia, apala, gizartekoa. Ba-dakizute: gizonak, batzuek gizonak izan oi dira, ta beste batzuek gixonak. Don Ramon gizona zan, itzaren betekoa, eta gizona, beste zera oiekin guztiakin ornitua. Eta apaiza zan, apaiz ona. Gizona, itzaren betekoa, oñarri zuala, apaiza ere ona, jatorra, zintzo, itzaren betekoa. Ortaz gaiñera, langille purrukatua» (Euskera, 1971, XVI, 91 orrialde).
Donostia'n lurreratu zan Intzagarai, 1878-11-21'an. Gazteiz'en ikasi zituen apaiz-karrerako gaiak oro, Jakintza ta Urtziztia batez ere. 1902'garren urteko bostgarren astean artu zituen ordena txikiak, eta 1903-12-26'an Burgos'ko Gongotzai zan Gregorio Maria Agirre'ren esku-ezartez apaiztu zan. Ondoren Altza'n kapellau ta egon zan, baiña bere bizitzako urterik geienak Donosti'ko alderdi zarrean, San Bizente elizako apaizburu urgazle eman zituen. «Goizean bere San Bizenteko dio Zugasti'k lanak zintzoro egin, eta gero lanari ekiten zion, buru belarri. Bere etxean lenenik, eta gero, Etxe ontako (Diputazioko) liburutegian, batipat. Orain irakurle asko biltzen da liburutegi ontan; orduan bi izan oi ziran, noski, ia egunero liburutegi ortara joaten ziranak: D. Julio de Urkijo ta D. Ramon Intzagarai. Biak, bakoitza bere lanera: liburu bat artu, ta papera ta lapitza, ta... irakurri ta idatzi» (Loc. cit., 91 orr.).
Gizaseme xalo, ikasi ta aitua prantses, gerkera ta doitxera ere ba-zekizkien, euskal izkerari gunak atera zizkion itz-urren, joskera, esaera, aditz-joko, gramatika-puntu ta olakoetan batez ere. Izketan zorrotza, ta ortz-artean beti irripar alaia. Eder zitzaion Donosti'ko alderdi zarra, ta ango izkera, esan zar eta gaiñerakoak, al zuen ala, jaso oi zizkigun: lore-ziririk lore-ziri gai-billa egaztu oi dan erle eragiña zirudian. Edesti-griña ere ba-zekarren barnean bolbol, eta denboraz Donosti bere sorterriak merezi zuen lakoxe kondaira, eliz aldetik beintzat, osatuko zigun. Bai, ba-zekien Erramun'ek eskuetako atzak nun zeuzkan.
Euskaltzain osoa izan zan, 1919-9-21'an aukeratua. Elkargo ontan aski lan egin zuen: 1926'an B. Etxegaraik Euskaltzaindian sarrera itzaldia egin zuenean, Intzagarai'k erantzun zion (Euskera, 1926, 124-135).
Donostia'n il zan, 1947-11-29'an.
EUSKAL LANA. Idazle onen lan osoak bilduz, aillagiñako idatzi mardula osotuko genduke. Oparotsu benetan Intzagarai, ipuin, olerki, kondaira puska ta antzekoetan batez ere. Idazle leun, goxo, ariña. Euskeraz irakasten ere alegindu zitzaigun, Donostia'ko «Circulo Integrista»-n berariz. Politikan izango zuen noski bere aburumena, baiña iñoiz ark naiz onek zirikatu arren, etzuen egundo idatziz ez itzez barnean zeukanik azaleratzen: Donosti-zarra, beiñola ainbat burruka ta liskar ikusia bezain ixilla zenun.
A. Zugasti'k: «Intzagarai, apaiz jaunak, euskera-alde egin zituan lanen berri osoki eman nai duanak, nai ta ez, Argia aitatu-bearra dauka: 1921 urtetik 1936 urteraño ain lan bikaña egin zuan Argia asterokoa» (Loc. cit., 94 orr.). Urte ortan Argia sortu zutenak, auek izan ziran: Anbrosio Zatarain, Bitor Garitaonandia, Gregorio Muxika, Jesus Karrera ta Erramun Intzagarai. Argia-n agertu zan lenengo lana, Agur! zeritzana, Intzagarai'k idatzi zuen; baita gerora ere, Astea zeritzan len atala beti idatzi oi zuen berak, eusko umore onez pipertuta idatzi ere. «Elurmendi» ta «Donosti» erabilli oi zizkigun izenordez.
Liburu auek argitaratu zituen:
1) Kulubix (Euskal-Erria, 1911). Irakurgai bizi-bizia, arrantzale girokoa.
2) Antzeki Zarra (Euskal-Erria, 1911). Irakurgai donostiarra, ixtori-kutsukoa.
3) Ipuyak (Donostia, 1922). 104 orrialde. Euskeratuak izan arren, oso politak dituzu ipuiok, euskera goxo-goxoan idatziak.
4) Kontxesi ta Petratxo (Donosti, 1918). Neskatillentzat alkar-izkera. Donostia'ko Koro deritzan Andre Mariaren Ikastetxean sariak eman ziran egunean (1918), lendabizikoz emaniko antzerkia. «Euskal-Erria»-n (1918), bigarren sei-illabetekoan dator.
5) Etxegarai'tar Bonifazio euskalzain berri jaunaren itzaldiari... erantzumena (Euskera, 1926, VII, 124 orr.).
6) Muñagorrin Kantak (RIEV, 1933, XXIV, 412 orr.).
7) Historia eclesiástica de San Sebastián. Introducción e índices por Fausto Arocena (Donostia, 1951). XVIII-518 orrialde. Gipuzkoa'ko Aldundiak argitaratuta.
Aldizkari auetan idatzi zuen, itz-lauz ta bertsoz: «Euskalzale», «Euskal-Erria», «Euskal Esnalea», «Argia», «RIEV», «Yakintza» ta abar.
OLERKARI. Idazle bezela naiko txalo beregandua dugu Intzagarai. Euskal sustraietan ikasi zuen zerabillen izkera, ta orrelaxe utsitu zigun, errotik xurgaturiko euskera goxo margoztuan, bere barrua. Ikasle zala asi zan idazten: Bilbao'ko «Euskatzale»-n (1899) argitara zituen: «Txoriak», «Gurutzearen mesedeak», «Enarak», ta «Uxo zerutar bat», Aramaio'ko euskal jaietan sariztatua azken au.
Aitor dugunez, aski idatzi zuen. Neurtitzetan batez ere. Idazle bizi-bizia dugu. Ona aapaldi au «Donosti-atalak» deritzanetik artuta:
O Pixepel!...
Kayeko kale medar, itzal,
kopet-goibel!...
Ikus litezke or ugari
kolayo zarrak, leyoari
erantsi-eta, itzetik zintzili,
zintzurki latzaren txastari.
Begietatik sartzen digu nolako itxura duen kai aldeko kale orrek, itxas-ertzetako uririk geienetan bezela. Gaur ba ote dugu olerkariok ainbesteko zorroztasunik? Ez ditzagun, beraz, gutxietsi lenagoko koplakariak. Toki ta garai, askotan irakurriko dituzte noski, agerian eraka, donostiar jakintsu onen asmo-lanak.
Aro artako sariketa askotan izan zan garaille. 1901'an, esaterako, Azpeiti'ko euskal jaietan Lore-jokuetarako 32 lan artu ziran: len-saria R. Intzagarai'ren «Umezurtzaren negarrak» eraman zuen. 1903'an Segura'koetan, berdin, bere «Ama Birjiña Guadalupe-koari» sariztatua; 1906'an Donosti'koetan, 1908'an Eibar'en, 1909'an Ernani'n, 1910'an Azkoiti'n, 1914'an Ondarrabi'n berdintsu, sariak jaso zizkigun.
Euskal baratzeko zirkin eta zeregiñik beroenetan, an zegoen R. Intzagarai: RIEV aldizkaria (1907-1936) sortu zanean, ARGIA sortu zanean bezelaxe, an zegoen bera, beti laguntzaille zintzo. Euskaltzaindiko lanetan, ez dugu zertan jardun edo akiorik egin.
(Ikus Esku-egundiya, 36 orr.; F. Arozena, Introducción a la «Historia eclesiástica de San Sebastián», 1951; Yakintza, 1933, 419 orr.; A. Anabitarte, Euskera, 1953, 40 orr.; S. Onaindia, MEOE, 778 orr.; Gabin Garriga, Bol. Amer. E.V., 1962, 144 orr.; A.M. Labaien, Teatro Euskaro, 1965, II, 164 ta 169 orr.; Kardaberaz Aitari omenaldia, 1971, 130 orr.; J. San Martin, Escritores euskéricos, 101 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 284 orr.; Jon Bilbao, Eusko Bibliographia, IV, 387 orr.).