literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

9.— Paskual Bernardino Biguria ta Ozta

(1871-1932)

 

        Aita kaputxinoa, Elizondo'ko Frantzisko, Baztan ibar eder artako uri apaiñean bait zan munduratu 1871-5-20'an. Iruña'ko apaiztegian osotu zituen ikasketa guztiak, 1894-12-22'an, an bertan mezakoturik. Jarraian Ultzama ordoki edo lautadan datzan Lizaso erritxoko erretore izendatu zuten; an sei bat urte egiñik, kaputxiñoetan sartu zan, 1902-5-27'an iru botoen eskeintza txikia egiñaz.

        Kaputxino zalarik, laster asi zan erriz erri itzaldiak egiten eta mixioak ematen. Predikalari bezela oso ona izan zan, bere bizitza guztian atertu barik ara ta ona ibillirik; jendeari txit atsegin egiten zitzaion bere agotiko itza. Etorri ugarikoa zan, euskera errez ta garbian.

        Ondarrabi, Irun'en naiz Donosti'n, egon zan toki guztietan Irugarren ordenakoen Zuzendari izan zitzaigun, euskera ederrean elizkizun atsegingarriak egiñaz. Orrelaxe bere bizitzako egunetan. Ala ere, laster, oraindik zaarra etzala, eraman zuen Jaunak: bein Donosti'ko kaputxinoen eliza berriztatzen eta goratzen ari zirala, bera ere gora begira zegoelarik, orra-or, uste gabean, goi-goitik beeraiño erori ta andik egun bat edo, besteren buruan, Elizako guztiak artuta, zerura egatu zan 1932-7-4'an, 61 urteko zala. Eriotz orduan, euskeraz bakarrik egitea nai zuen.

 

        BERE IDAZTIAK.— Ainbat idatzi zuen, edozein euskaldunentzat, izkera garbi, errez ta ixuri aundikoan. Ona argitaratu zizkigun lan batzuk:

        1) Kristaua bere pont-elizan (Tolosa, 1910). 567 orrialde. Lopez'tar Eusebioren etxean; urrengo urtean ere (1911), Lopez'enean, bigarren argitaraldia egin zan, orrialde berdiñakin. Pont-eliza parrokia duzu. Ta titulu azpian, au dio liburu onek: «Iruña'ko Lorenzo Doitsu-ko arim-artzai argi Zelayeta-ko Marzelo jaunak bere eliztarrentzat egin eta Elizondo-tar Prantrisko Aita kaputxinoak euskeratutako eliz-liburuba». Berton dator kristauak bear duen guztia, oneraspen, geienetako bederatziurren eta beste gai asko, baita elizan abestu bear diran soiñu-eresiak ere. Erderazkoaren izena: «El cristiano en su Parroquia». Zelaieta onek ba-ditu erderazko beste zer batzuk ere (A. Pérez Goiena, Ensayo de Bibl. nav., 733 orr.).

        2) Lore usaidun mamitsuak (Tolosa, 1922). Gipuzko-Argitaldaria. 265 orrialde. Irakurgai goxoak. «Zeruko Argia»-k onela goratu zuen: «Euskeraz gaur arte argitaratu dan libururik atsegiñenetakoa da auxe. Atsegiña, euskera erraza ta oso erraza dakarrelako alde batera, ta bestera berriz dakarren irakurgai guztia, bizitasunez bete-betea dalako. Esana egokia, esakera erritarra ta erakusten duen guztia, euskal usaiduna. Ez duzu itz berri ez-ezagunik arrapatuko, ezta ere erderazkorik. Sail bata bukatu orduko, bestearen gogoa sortzen du, len irakurritakoak uzten duan atsegiñak, agoan eta biotzean dirautela» (1922-6'an, 95 orr.).

        3) Eliz kantak (Iruña, 1926). Gai askotako eliz-abesti sorta polita.

        4) Loretegi berria (Iruña, 1932), Aita kaputxinoen etxean. 406 orrialde. «Txiki»-ren marrazkiakin. R.M. Azkue'k, egiten dion itzaurrean, au dasa: «Izkera erraza eta garbia darabil. Gutxitan ikusten dana, ezta egia, irakurle? Erdalitzik ezta agiri, bear bearrekoren bat izan ezik. Euskera garbi ta txukunean idatzia dago, eta gainera ulerterrezean. Loretegi berri oni usain ederra dario. Izanak eztu izena gezurtatzen. Gai asko darabiltzki, yakingarri eta onurakorrak geienak, eta bakoitza ederki azaldu ondoren, amaitzat, irakaspen egoki bat ateratzen du... Norbaitek esan dezake: loretegi oni usain onik darion eztakit, baina itzaurlariak liburu egilea goratu nai duela ageri du beintzat. Olakorik balitz, ona zer erantzungo nioken. Akats bat edo beste, nun ezta arkitzen? Gizonen egintza guztietan. Beraz emen ere bat edo bestetxo izan bear, baina ainbeste egokitasun eta edertasun artean akats txiki oriek ezkutatuak gelditzen dira».

        Zergatik derizkio liburu oni «Loretegi berria»? «Lore usaidun mamitsuak»-en antza duelako. Ez dituzu berdiñak, baina lenengoan dakarzkin irakurgaiak ba-daude berri ontan ere; luzaturik datoz, ala ere, ba-ditu berri-berriak ez gutxi, ta ipuiñak eta iruzkiñak. Beraz, argitaraldi berriztu ta geitua duzu. Guztiz arretaz egiñiko lanak dira. Ona «Txarrak bai? Onak geyago...» deritzaionetik zatimo bat. Ikus nola edesten duen antziñako gure erlijio senaren ezaugarri eder bat.

        «Elizakoak eraman bear diranean —idazten du— gauz eder-bikañak ikusten dira. Ura begirapena! Bai arreta aundia! Elizakoak daramazkian apaiza topoz-topo arkitzen badute, beiar, astoa, txerriak, dakazkiten abereak gelditu erazi, baztartu, badaezpadan eutsi, ta bereala belaunikatzen dira. Ori guztia giza-semeak txapela erantzi-ta, emakumeak berriz sudur-zapiaz, edo bestela, burua estalirikan.

        »Soro, larre, baratz, etxe baztarretan daudenak oartu ditezen, eliz-mutillak txilintxa jotzen du, ta etxekoandre edo etxekoalaba bereala kutxara joango dira, Kandelera egunean bedeinkatu erazi zuten kandela leiora aterako dute, piztuta. Al dutenak, dijoan etxeraño lagunduko diote, al badute argiaz, gañerakoan argirik gabe; ta ezin joan diranak, belaunikaturik otoitzen bat egongo dute gaxo dagoanaren alde, ta lanean geldituko dira.

        »Eriaren etxera iristean, giz-emakume batzuek sotoan egongo dira, guztiak argi bana eskuan dutela, ta ango garbitasun eta begirapena ere ikusgarriak dira. Alde batera sagardo-upela, auts eta armearma sareak kendu berriak; bestera ganbelak, belarrez beteak; biyen tartean lurra, garbi garbia. Abere guztiak zerbait jaten, Jaungoikoa etxean dagoan bitartean marruak eta kurrinkak egin ez ditzaten. Etxeko atean egon oi dan zakurra, aundia ta ikaragarria, mutil mardul-indartsu batek dauka, lepotik elduta, okuillu baztarrean, saunkarik egin ez dezan.

        »Gora igo ta, oe batean eria, maindira ta buruko zorroak garbi txukunak dituala. Ondoan mai bat, eliz-mai zapi zuri batez estalita, bear diran guztiak gañean dauzkala, guztia apain eta ondo. Zorionez, Jaungoikoari dagokiona ondo ikasia daukate, ta aldi oietan barrengo sinismen eta asmo onak oso erraz agertzen dira. Zergatik au miñez daudenean? Osasun garaiean eliz-guztak zintzo ta ondo egiten dituztelako; ta urruti bizi badira ere, Meza, Aitorpen eta Jaun'artzerako alde-alde bizi diranak bañon obeto moldatzen diralako. Au, bai, egi ederra!

        »Orain galdetzen det: Akatsak edo oitura onak? Agur-sailla (Errosarioa) basetxetan bañon obeto non? Eta gañerako oitura onak? Baserritar guztiak abetan irautea Jaungoikoari nai dakiola! Oitura oiek galtzen badituzte (galtzen baditugu), guztia galduta dago» (Loretegi berria, 365 orr.).

 

        IRITZIAK.— 1922'an, «Lore usaidun mamitsuak» agertu zanean, Argia'k, Donosti'ko euskal asterokoak, onela goraldu zuen: «Ze usai gozo, atseginkor ta asegarria, lore oiek ematen dutena! Ta ze irakurgai eztitsu, xamur ta mamitsuak! Dakarren euskera ere egokiagoa ezin izan ditekena da: argi ta garbi idatzia».

        Azkue'k itzaurrean : «Izen politagorik, zein? Baina izana ezta atzera gelditzen. Azala edo estalkia eztakit nolakoa yarriko dion; mamiña, barrena, ederra du beintzat».

        Yakintza aldizkariak: «Darabillen euskera errez, naro, jator ta edozein euskaldunentzat ulergarria duzu. Gozo atsegiña batez ere, egillearen asmoa umetxoentzat irakurgai interesgarri bat egitea zan eta. Ipuiñak, izkirimiriak, kontakizun eztiak, luma zoragarriz adierazota» (1933, 158 orr.).

 

        (Ikus Zeruko Argia, 1922, 7, 95 orr.; Yakintza, 1933, 157 orr.; L. Villasante, HLV, 397 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 454 orr.).

 

Bilaketa