literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

23.— Manex Etxamendi

(1873-1960)

 

        Bertsu-ontzaille, ta egundaiñokoa.

 

        GIZONA.— Nolakoa zan? P. Lafitte'k au: «Azken denboretan metra eta hirur-hogoi-ta-hamabortz zentimetra gorako norbait zen, bilo xuria, begiak urdin, begitartea luzaran, larrua argi, sudurra ez handi ez ttipi. Ez zuen indar gaitzekoa iduri. Itxuren arabera buru-lanetako gisako izanen zen esku-lanetako baino, biziak hautua eman balio. Ez zen halere xoko batean muxitzekoa: zinez laborantza eta hazkuntza gogokoak zituen, eta funtsez heieri emana zen, molde berriak estimatzen zituela. Ihiztari ernea zen, ala urtzoka, ala erbika, ala berdin basurden ondotik. Igerikari ona, urpeka bazabilan arraina bezala, arrainketa. Nahiz pilota-jokoa eder zitzaion, ez zen behin ere bera pilotaria izan. Libertimendu gisa musean laket zuen eta, diotenaz, ez beremaleziarik gabe. Salatu daukute «gizon pollita» zela: gogo erne argia, oro zentzu; artetan irriño batekin zirtolaria, gaixtakeriarik gabe; baketiar deliberatua, edozoin nahigabe ixil-ixilla jasaiteko prest, ez nahiz bera zinkurinaz ari izan eta are gutiago nehor ere deusetan bortxatu. Hots, errotik gizona! Fededun suharra, bertzalde: pentsamendua, elea, bertsua aise lerratzen zitzaizkion erlisione-gaietarat. Urratsak ere bai; bere azken hogoi urtetan segurik, erran daukutenez, ez zuena egun guziez kominiatzen bere animaren hazteko?» («Auspoa», Mañex Etxamendi, 109-110, 18 orr.).

        Garazi-Eiheralarre'ko Ezterenzubi'n jaio zan 1873-5-20'an, «Xadainia» laborari-etxean. Ogei bat urte zituela Ameriketara joan zan, Wyoming eskualdera; gero, Nevada'ra artzain, eta andik «bere bertsuetan emanen du bizitze garratz horren berri; oihan-beltz, desertu, hartz-lehoinen orroa, ohoin basa..., ukanen du zer aipa!» 1899'an itzuli zan bere errira, ta 1900-4-26'an ezkondu zan «Marie Ampo deitu herritar batekin». Amar seme-alaba euki zituzten. Ezkondu ondoren ere lau urte (1905-1909) Nevada'n igaro zitun artzain, diru pizkat egitearren.

        Berriz etxeraturik alor-lanetan eman zuen bizia. 1920'tik aurrera, berak eskatuta, giltzain jarri zan elizan. 1929'an, ordea, erriko kontseiluan sar-arazi zuten, eta kontseiluak ondoren auzapez izendatu zuen. «Auzapez zeno —diosku P. Lafitte'k—, gauza pollita ikus zitaken Ezterenzubin: elizan Mañex jaun mera giltzain gisa jaun erretoraren mutil, eta herriko etxean jaun erretora jaun meraren meneko, segretario izanez!» Amar urtez (1934-44) Garazi'ko zindikatean erriko gizon ere izan zan. Bere azken amabost urteak alargun eta gaixo-xamar igaro zizkigun. 1960-4-28'an il zan, «xaharren minbiziak» jota.

 

        BERTSU-ONTZAILLE.— P. Lafitte'k: «Mañex Etxamendi ez da behin ere tipus-tapas ahotik hortzera bertsuka ari izan, gure plazetako bertsulariak bezala. Alde batetik boza ttipia zuen, eta bertzetik ez zen hortako bere buruari fida». Orraitio, naiz-ta astitsu ta gauaz sarri bere bertsuak ondu, pillo ederra utzi zigun. Nevada'n zegoelarik asi omen zan bertsuak ateratzen, eta gaur ezagutzen diran bere zarrenak 1895'an, 21 urteko zala, urte berriz egiñak omen dituzu, ta azkenak 1954'an egiñak.

        Aldizkarietan datoz ark ondutako bertsorik geienak: «Eskualduna», «Euskal-Erria», «Eskualdun Ona», «Gure Herria» eta «Herria»-n aurkitu ditzakezu. Baita beste batzuk ba-dituzu bakar lez «Eskualdun kantaria», «Gure Almanaka», «Errepikan», «Milla euskal olerki eder» ta beste liburu batzuetan.

        Bere lanak sinatzeko izen eta izen-orde auek erabilten zituen Mañex Etchamendy, M.E., Mañex Artzaina, Bortuko Aitatxi.

        Nolako idazkera ote zuen? Oraintxe bi urte (1972) argitara zigun «Auspoa» liburu-bildumak garaztar bertsu-ontzaillearen lanik geiena, ale eder batean, P. Lafitte jaunak prestatua. Aren idazkerari buruz onela dio: «Nahiz errotik garaztarra zen eta bere eskualdero eskuara ezin pollikiago zerabilkan, bertsuetan aise lerratzen zitzaion luma Lapurdiko mintzairerat eta hizkuntzak nahasten zituen. Berdin baliatzen zituen: maitea eta maitea; jin eta etorri; igorri eta bidali; anderer eta anderei; zeie eta zaiote; gare, gira, girade eta gaituzu; eta holako zonbat! Zonbait aldiz kantak manatzen zion bertsua; bertze batzuetan ez dugu arrazoinik ikusten: beharbada uste zuen kostatarra ospatsuagoa zela, baxenabartarra baino? Nork daki?».

        Zer kantatzen zuen? «Jainkoa, sor-lekua, familia, bakea, batasuna, adixkidantza, artzaingoa, laborantza, leialtasuna, nor bere hartan segitzea, biziaren errespetua, urrikalmena, herriaren zerbitzua, ohiduren begiratzea, bertzeak bertze». Gaiok, berriz, funtsezkoak ziralarik ere, «prediku-aireño» bat zuten ia beti. Labur: Mañex'ek ondutako bertsuak sarkor, erne ta eztiak dituzu, atsegiñez entzun naiz irakurtzen diranak.

        Adiskide talde batek Donibane-Garazi'n, 1958'an, jai ederra ospatu zuten bere omenez. Luis Dassance « Eskualzaleen Biltzarre»-ko buruzagiak urrezko medailla bat ipiñi zion paparrean. Medaillak alde batetik Ama Birjiñaren irudia zeukan eta bestetik itz auek: «Mañech Etchamendy Bertsolarien Aitasori. 1958». Sariak ere jaso zituen.

 

        (Ikus J. Ithurriague, Un peuple qui chante, 62 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1.127 orr.; J.M. Satrustegui, BAP, 1962, 3, 251 orr.; P. Lafitte, Mañex Etxamendi, «Auspoa», 109-110; Auñamendi, Literatura, 111, 422 orr.).

 

Bilaketa