9. Charles Becas
(1847-1911)
Ainhoa'n sortu zan, 1847-7-26'an, erriko elizari aurrez-aurre datzan Yoniorenea etxean. Gurasoak eta aurretikoak ba-zuten izen ona errian; eta famili ontatik jalgiak ziran, zugatz-ondotik altxuma lez, bi elizgizon: Charles bata, Yoniorenea'ko lensemea, ta Alberto bestea, Azkain, Donibane-Garazi, Ziburu, Esterenzubi ta Ulkarai'n arima-zaintza egiña.
Karlos, Larresoro'n eliz-karrera osotu ta apaiztasuna artu ondoren, Baigorri'ko bikario izentatu zuten, bi urte berton egiñik. Kargu berdiñaz lan dagi, gero, Biarritz'eko Martin deunaren elilizan, zortzi urtetan. 1883'an Ahetze'n daukagu, eta pozik bere poesi baten dioanez:
Gure bizia daila goiti ta behiti,
Enetzat seurik hola gertatu da beti.
Baxinarren bi urte, Miarritzen zortzi,
Nahi nuke Ahetzen hil eta ehortzi.
Etzan emen luzaro egon; Bidarte'n daukagu, bada, andik laster arimazai. Erroak zitun ia egiñak Ahetze'n, eta artzaiñen artzaiñak deadar:
Hots, mugi hadi hortik hordi tzar alhaina
Eta has'zak, Bidarten, laugarren kanpaina!
Ahetze etzuen iñoiz burutik utziko, baiña azkenez bukatua zuen bere arat-onat ibiltea. Kaskoiñen itxas-egalak atzemana, ementxe bizi ta ilko da Bidarte'ko txaunburu. Onela kantatzen digu:
Zahartzerat zaukaten enetzat Bidarte,
Hemen ere apezak badik begitarte!
Biloak zuri, bainan, gogoz beti gazte...
Hola iraunen diat agian hil arte
Bai, ementxe il zan 1911'eko dagonilleko igande batez. Bere gorpuari, ordea, Ainhoa'n eman zioten lurra. Biak lur zoragarri, bai bizitzeko eta bai il ostean atsedena artzeko.
OLERKARI. Euskal-Erriko poeta onenetarikoa dugu Bekas. Onela dio J. Barbier jaunak 1926-2-8'an Baiona'ko Ikastetxe nagusian ainhoatarraren omenez esan zuen itzaldi ederrean. Juvenal maiz irakurri zuela diosku, edo-ta ego-aizeak, euskaldunen sorgiñak zabaldu ta indar-azi zizkiola irudimen-egoak. Dana dala, Ahetze'n zegoelarik (1883) ondu zuen bere lenengo olerki-lana. Alai, ortzargi ta josta-zale dagerkigu geienik. Etorri oparotsuko; «txinpartak atera ditun urgoria» dio J. Barbier'ek.
Sei sailletan banatu ditzakegu K. Bekas'en olerkiak: 1) Bizitzazkoak; 2) irri-eragilleak; 3) jainkotiak; 4) apez-sartzeak; 5) aldakerak, eta 6) isla-erraiñuak. Azter ditzagun banaka.
Lenengo auekin bere bizitza adierazten du bizi ta arrai. Apaiztu ta laster, esan dugunez, Baigorri'ra, Baxenabarre'ko mendi tartean datzan errixka zoragarrira bialdu zuten apaiz-lagun. Onela kantatzen du olerkariak:
Ordenatu ta laster fama zen etorri,
enetzat hautatua zutela Baigorri.
Bihotza altxaturik ene Jainkoari,
Harek nahi lekurat gan nintzan bikari.
Ara joan zan, eta pozik itxura zanez; baiña lendabiziko gaua etzuen ongi eman. Onela dabes:
Lehendabiziko gaua, oi, zer gau dorpea!
begia ezin hetsiz, utzi nuen ohea.
Orhoitzapen goxoez bihotza betea,
gau ilhunari nion emaiten elhea.
Olaxe kantatzen dizkigu Baigorri'n, Ahetze'n, Biarritz'en eta Bidarte'n egin zitun egunak.
Bertso ariña zuen geien bat, Oxobi'k bezela, ta olan ageri zaigu irri-eragilleetan batez ere. Adiskide asko zituen, eta auekin poz-eztitan aurkitu oi zan. Euskaldunok oitutzen dugunez, jan-edate galantak ere antolatzen zituzten; eta au ez-ezik, jan-edanera dei egitea ere bertsoz eratu oi zuen. Ona bein Martin Landerretxe, euskal idazle ezagunari dei egiterakoan, oni igorri zion laukoa:
Gure ezkila ederrak ez du ikasi latin;
halere ederko jotzen du talantan, tilintin.
Egun, ene partez dautzu, erraiten: «Hola Martin!
ez ahantz larunbatean aurkitzea gurekin».
Eta gero, ederki jan eta edatean, edontziak alkarri eskeinka, eta ertzak ikutuz, onela darrai:
Nork bada erran dezake, balitz ere barbera:
«Arno onetik ez edan, trixtatzen dik sobera!
Ez, ez, hunek, omen dauzka, suhurren arabera,
zaharrak beti gazte ta bihotzak alegera!»
Apaiza zan, eta apaiz ona, bere egitekoa zegokionez betetzen zekina. Aren musa elizkoia izan bear, alabearrez. Neurtitz jainkotitan badu bat Axulai mendi gaiñetik Lapurdi zaintzen duen Ainhoa'ko Amari egiñiko 20 koplako olerkia. Au dio:
Kapera maite,
erran dezaket
zure ikustea
zaitala laket!
Eta euskaldun fededunak Ainhoa'ko Amari berari egiñak ditu orrelaxe eskari kartsuak. Enparauak ere poz berdiñez ikusi nai ditu ta dei dagie gazte ta zaar guztiai, guraso jainkotiar, ume, beilari, arotz eta mariñelai: denak nai ditu Amaren magalpe goxoan bilduta.
Bidarte'n bada beste kapera bat, «Uronea» deritzaiona; oni ere eskeintzen dizkio kopla batzuk. Lourdes'ko Ama eztu aantzi, ta «Ama, eskualdunak egun zure oinetan daude» ta abar, Gabe ondoko mirarigille aundiari arnas biziko bertsoak eskeiñi zizkion.
Nekazariak goratzeko egiñak ez dituzu kaskarrak, ezta Flement eta K. Bordes jaunak eskatuta, 1901'an ondu ta geroztik Donibane-Lohitzun'eko elizan sarri kantatu oi dan abesti txairo au ere:
Munduan ez da soseurik,
ez eta bake osorik,
etsai gaitzenak garhaiturik
zeruratzen da bakarrik!
Halere, ez izan beldurrik!
Boz batek dio zerutik:
«Ezin gal daiteke nihondik
Maria maite duenik!»
Aurkari izateak ba-ditu bere alderdi onak: danari burua makurtuaz, baietz esatea, ez da egoki. Aurkari porrokatua genuen Unamuno bilbotarra: uste bitxi, paradoxa ta gezur-antzez betea iruditzen zaizkigu sarri aren idatzi zorrotzak. Baña mamian, aurka egin naia, ezta besterik, ortik sortuaz gauza atsegingarri asko. K. Bekas ere gisa ortakoa zan, eta ainbat gauza interesgarri utzi zizkigun. Adiskideen arteko batzar bat, adibidez, oiñarri arturik makiñatxo bat kopla eder osotu zitun. Fortabat jauna, esate baterako, Arrangoitz'etik Sara'ra aldatua izan zan, eta Bekas'ek onela kantatzen:
Apezpikuaren manuz etorri da Sararat
Denek maite, estimatzen dugun Murde Fortabat.
Hunen orde jinen ziren, bai noski, eta zenbat!...
Batto behar eta nola hatzeman holako bat?
Baita abesten ditu ango lagunak egin zizkien ikustaldiak ere.
Nahiz itsaso hegia urrun dagon Saratik,
Fortabat ikusi gabe ez naiz egonen hatik!
Hunen ganat helduko naiz traba guzien gatik,
Behar badut ere salto egin Larrun puntatik!
Ez ditu gutxi taiu ontan ondutako koplak, goxo ta sarkor noski.
Aldakerak variétés ere ba-ditu, urlia ta sandiaren goratzarrez egiñak. Urrengo aapaldi onek, oso-osoan margozten du Bekas'en izakera: ez du bere bertsoz iñor zaurituko, ez saminduko; bai, ordea, irri ona ezpan-ertzean loretu.
Beltza duk ankrea, bainan nihor ez du zikintzen;
Ene lumak du xixtatzen, ez du nihor larrutzen.
Ahul... salda, biperminak hori ez badu ontzen;
Ez-deus kopla, hirri ona ez badu merke saltzen.
Onelaxe, larruko gabe, xixtatzen ditu Ainhoa'ko erretore jauna; Giron bidartarra; Aiherre'ko Julen Hegi, «pottoloa»; Mixel Dibildox, Alduden eta Iriburu'n erretore izana; bere anai Albert Bekas, Urkurai'ko etxaundurua, eta Larrondo jauna.
Isla-erraiñuak silouettes, orduko apaiz ospetsuai eskeiñitako irudi txiki biziak dira. Era ontan goratzen ditu Donibane-Lohitzune'ko Elizage erretor nausia, Biriatu'ko Imatz, Haristoi, Dolhagarai, Leon, Duclos, Lille, Hiriart-Makola, Diharasarri, Juantxuto, Etxeberri, Marzelin Oihenart, Murde Rostand, Paris'etik Kanbo'ra etorria, Arbelbide kalonjea, Larre Gaston eta besteak. Hazpandarrak ziran Lizarraga anaiak, bata Getari'n erretore egona. Ona koplariak diona:
Hazparneko seme dire Lizarrage anaiak;
Ez hala hulako, bainan biak kalonje gaiak.
Galtzak ere behar tuzte aintzin-gibel nasaiak...
Alabainan, barrikaren araberan uztaiak!
Ona, azkenik, Hiriart-Urruti kazetari izen aundikoari egiña.
Murde Hiriart-Urruti, huna azken pertsua,
Bai ongi izerditurik, zuretzat moldatua:
Axularrekin baituzu jakitate bertsua,
Mintzaira erdi-kaskoinak zagozka nardatua.
Aomen larrikoak izan dituzu, baita, Martin Koxe napartarra ta Santsin lapurtarra. Lenbizikoa, bein (1896), Larresoro'ko ikasle zarrak eraturiko batzar batean, Abbadie jaunaren aurrean abestua izan zan; eta bigarrena, Santsin, Bekas'en lanik oberena nunbait. Igande illuntze batez, Santsin, etxerakoan, erdi ordi itxuraz, txakur batek izututa bear bada, zelaira jausi ta gixajoa nekez etxeratu zan. Auxe duzu aski gai Bekas'en jit irrikoiak poliki euskal bertsoz moldatua. Olerki-lan au, 1897-8-15'tik 22'ra Donibane-Lohitzun'en ospatu ziran euskal jaietan saritua ta La Tradition au Pays Basque'k (Paris, 1899) argitara ekarria duzu. Irakur lenengo aapaldia:
Igande ilhuntze batez,
etxea alde zohala,
erroz gora erori zen
Santsin, zabal zabala.
Izarrak nihon ez ditu
ikusi han bezala.
Ilhargia ferekatuz
gan zen gan berehala.
Onelaxe 9 aapaldiraiño. «Bizitasun aundiz emana dago dio J. Barbier'ek, ondo egiña, ederki bukatua; origatik da niretzat K. Bekas'en lanik ederrena». «Manex Artzaina» ta abar ere orren maillakoak dira.
Labur: «Bertsulari», «koplari» ta «ditxo1ari» genuen Bekas: bertsolari goxo, koplari samur ta ditxolari zorrotz. Aren neurtitzak, naiz goiarnaskoak naiz lur-gaiez onduak, beti dituzu bigun, eder. Bego J. Barbier'ek dioskun au ere: «Aren satira, egillea bera bezin maitagarriak, nik soil-soilki diot, beti dutela estalki bikain nabarigarria. Nabartua du izkera ere, irudi oso berezkoz gaiñezka; aberatsa du baita azken bukatzea, rima, doiñutasunez eta ots-izen alai, sonatsu ta poz-emaillez beterik».
Ainbat olerki eman zizkigun «Gure Herria»-n (1921-24). Harrazpi ta Harrixabal izen-goitiz ere izenpetzen zitun bere lanak.
(Ikus J. Barbier, Gure Herria, 1926, VI, 279, 321, 418, 472 orr., ta Auñamendi Bilduma, 53, 105 orr.; Gabriel Lertxundi, Kantikak, 1948, 402 ta 404 orr.; S. Onaindia, MEOE, 1088 orr.; Martin Elso, Gure Herria, 1966, 84 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 168 orr.; Jon Bilbao, Eusko-Bibliographia, I, 528 orr.).