2. Basilio Joannategi
(1837-1921)
Orixe'k: «Au dut euskal idazleetan maiteena. «Eskuara ederrarengatik aipatuak diren liburu batzu» irakurri izan zituen bere orien antolatzeko, ta "herriz herri ibili ere bai (herria) nola mintzo den". Geroz Aita Yoannategi'ren Sainduen Bizitzeak, ederki idatziak izateko bidea badute. 1876'garrenean argitara zituen Ehun bat Sainduen Bizitze, eta jendea geiagoren eske zegokion. Idazkera biguna, ixurbera, argia du. Ondikoz!, aren liburuak ere ez dabiltza edozeinen eskuetan; baino bein eskuetara ezkero, txoratzen du Yoannategi'k» (E. Esnalea, 1927, 207 orr.).
BIZITZ-ERRAIÑUAK. Mugaz andik, izan ere, Frantzia'ko iraulketa ta jazarpenak zirala bide baitik bat, aldikada luzean ixil xamar euki genitun ango euskal idazlariak, bai eliz-gizonak bai eta osterantzekoak. Adema, Joanategi, Hiriart-Urruti ta olako banaka batzuk kendu ezkeroz, urria izan zitzaigun emeretzigarren mendearen azken-aldia.
Isturitz'en jaio zan Joanategi, 1837'an. Eliz-karrera amaitu ostean, 1862'an apaiztu zan; gero, Sara, Altzai ta Uharte-Mixe'ko arimazai izan zan amazortzi urtetan. 1880'an, bost urte aurretik (1875) sort-erazia izan zan Beloke'ko bakartegian gorde zitzaigun; emen, urteak joan urteak etorri, sartu-berrien maixu izan zan, tarteka erriz erri ere izlari ibillirik. 1903'an, Frantzi'ko goraberak zirala-ta, Combes ministruaren erlijio-erasoengatik, Beloke'ko beneditarrak Lazkau'ra etorri ziran igeska. Baita Joanategi Aita ere. Ementxe il zan 1921'an, urtez eta igali umotuz, zugatz eder antzera, bete ta abaildua.
EUSKAL IDAZLE. Naiko idatzi zuen bere bizialdi ez motxean. Ona oek bederik:
1) Ehun bat Sainduen bicitcea (Baiona, 1876). 439 orrialde. Beneditar sartu aurretik, 39 urte zitula, argitara zuen idatzi au.
2) Ceruraco bideric errechena argitaratua (Baiona, 1887). 156 orrialde. Ligorio'ko Alfonso Maria deunak erlijioso bizitzari buruz osatutakoaren itzulpena duzu, egoki ere egoki xuri-berritua.
3) San Benoaten bicitcea (Baiona, 1887). 180 orrialde.
4) Sainduen Bizitzea (Baiona, 1890). 537 orrialde. Garai artan gotzai illaren ordez eliz-barrutia zaintzen zuen Intxauspe kalonjeari eskeiñia duzu. Aurreko liburuetan baiño euskera obea darabillela uste du egilleak, frantses ez dakiten euskaldunen antzera mintzo dala, asko ikasi bait du erriz erri ibilli ta aspertu gabe idatzi zarrak irakurriaz. Ale onek urte barruko lau illetako santuak baiño ez dakazki.
5) Bihotz sacratuaren hilabethaco escu-liburua (Baiona, 1894). 335 orrialde. Bigarrenez ere azaldu zan au, 1912'an.
6) Sainduen Bizitzea, II zatia (Paube, 1900). Bigarren ale au lenengoa baiño medarragoa duzu, ta maiafzeko ta bagilleko santuak artzen ditu bakarrik. Emen geratu zan Urte Kistarra, etzuen geiago argitara eman, osoa idazteko asmoa zuen arren; Frantziako matxiñada txipristiñak bide, bear bada, aren xedeak urraturik gelditu ziran.
7) Fedeco Propagacioneco urtecari edo Fedearen Propagacioneco berriac urtheca ematen dituena (Baiona, 1877'an asita). Bi illabetero agertzen zan, eta Aita Basilio'k osotu zuen urte mordoan.
Euskera bizi-bizia du, argi ta aratz aitzen emanik bere buruxkak eta asmaketak. Ixurbera omen aren izkera, ta orrela duzu; garbia, baiño adi-erreza. Azken aldian batez ere Bizkai aldean asitako euskaltzaletasunak joa zebillen apika, ta orrexegatik idatzi zigun garbi ta ederki. Erririk erri ibilli zitzaigunean gaiñera beti zeraman, dioenez, aldean ingurraztia ta antxe jarri oi zituen erriaren agotik jasotako itz eta esaera bitxiak.
Azkue ta Kirikiño'ri atsegin zitzaien A. Basilio'ren idazkera, ta bein, 1902-9-3'an, Aita Joanategi'ri Urruña'n, ango euskal jaietan, saritu zioten Eskuara lana, bizkaieraz ipiñi ta «Ibaizabal»-en argitaratu zuten (1902, 40 geia, 1 orrialdean). Euskeraren baitan egiñiko lan ederra duzu.
OLERKARI. Askorik ez, baiña arean saiatu zan bertsotan ere. G. Lertxundi Aitaren Kantikak deritzaion kanta-liburuan dator bat, Ogia gorputz esana. Zortzi aapaldi dauzka, gotor biribilduak. Onatx 4, 5 ta 6'garrenak:
Ogia da dena itzali
aldarearen gainetik,
orai ez da hemen ageri
iduri hutsez besterik.
Ezin daite ikus, ez hunki
itxura hutsez jauntzia,
bainan sinets halere zinki
Jesus hor dela guzia.
Zeru goran jarria dago,
berdin hemen aldarean,
gu bere ganat altxatzeko
gutara jausten denean.
Bere idaztietatik atera dezakegunez, arima ezti baten jabe genuen Aita Basilio; noizka bakarrik aurkitzen diran txori kantari goxoa.
IRITZIAK. Orixe'k : «Laphurdi'ko idazleen guna ta mamia berekin du. Euskera garbia, baino adi-erreza. Iketa edo toketa egoki darabil».
P. Lafitte'k: «Basilio Aitak euskera garbia du, baiña apur bat beartua: joskera kilikorra geiegi erabiltzeak batzuetan nastu oi du irakurlea, ta ziur asko auxegatik gogor artua izan da iñoiz aren labur-izan naia. Asko zor dio ari, alere, euskal elertiak» (Le Basque et la Littérature... 59 orr.).
(Ikus J. Vinson, Essai d'une Bibl. Basque, I, a 48o, 631 bis, 633 ta 674 orr., eta II, 630, 660, 744, 80, ta 8o4 zenbakietan; N. Ormaetxea, Euskal Esnalea, 1927, 207 orr.; G. Lertxundi, Kantikak, 1948, 188 orr.; S. Onaindia, MEOE, 458 orr.; L. Villasante, HLV, 193 orr.; P. Lafitte, Le Basque et la Littérature, 59 orr.; I. Omaetxebarria, Euskera, 194 orr.; Auñamendi, Literatura, II, 272 orr.).