literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z
«Euskal literatura III»
Santi Onaindia

Etor, 1974

 

38.— Baleriano Mokoroa Soto

(1871-1941)

 

        Tolosarra zalarik ere, Bilbao'n eta Donostia'n lan egin zuen urte mordoan. Zintzoa egiazki bere langintzan. Izatez seta onekoa; mazal agertu oi zan izketan, euskera errez, bigun bizian beti.

 

        BIZI-ZEAZTASUNAK.— Tolosa'n munduratu zan 1871-4-14'an. Justo Mari Mokoroa, gure gaurko euskal idazle bipilaren aita; eta, ez dago zertan esanik, gaztetatik zion griña beroa euskerari, Tolosa'ko Mokoroa'tar guztiak bezela. «Etzan estudiotako gizona —diosku Justomari'k—, bere eskola-lagunen artean lenengo maillan agertu bazan ere. Bizi-bearrak iñori barkatzen ez, eta gure aitak buru-belarri saiatu bearra izan zuan bereai mundu ontan aurrerapide on bana emateko».

        Mutilletatik asi zan teatruan lan egiten; 1895'an, esaterako, Ramos Azkarate'k Tolosa'ko iñauterietan bere Ijituen kontratuba eta ezkontza deitu antzerkia agertu zuenean, antxe genduan Baleriano ere antzezlari bezela. Azkue zanak Euskalzale irasi zuenean, bere ondora dei egin zion, eta antxe, Bilbao'n, gogotsu lanari emanda bizi izan zan agerkaria itzali arteño. Gerorantza, ala ere, etzuen beta aundirik izan idazteko. Tolosa'n il zan, 1941-4-16'an.

        Kristau bero bezin euskaltzale gartsua azaldu zan beti ta nun-nai. Ura il zanean, bere seme-alabak au jarri zuten oroikizunean: «Zerura noa esanez utzi gaituzu, ordua iritxi zaizunean. Burutua zenduan zere eginkizun lurrekoa, eta lasa zeunden aspaldidanik, deiaren zai. Or joan zatzazkigu begietatik, zere bizitza ederraren saria jasotzera. Ain gogo barrendik maite izan dezun Yainko Aundia, bera izango dezu Azkengabeko Sari. Aoa beteko kristau jator, fede sendokoa, otoitz-gille asper-eziña, edozeiñi on eiteko noiznai prest ziñana; zenbat ikaspide eder eman ote diezu, ezagutu zaituzten guziai, zere denboran! Zenbat anima arki ote da, zuri eskarrak, zeruan! Zure bizitz-eriotzen erraiñuak argi egiñik, zere pausoen ondotik jarrai gakizkizula munduan maite izan zaitugunok, Zeruan berriz ikusi arte!» Garai artako beste euskal idazle askogatik ere, orobat esan dezakegu.

 

        EUSKERAZKO LANAK.— «Euskalzale» aldizkariaren orrialdeetan B. Mokoroa'ren zenbait idatzi agertzen dira, ipuiak, irakurgaiak, ele-meleak, olerkiak eta lan itzal aundikoak. 1898-1899'an, batez ere, guztiz langille dabilkigu euskera arloan. Geroztik berdin, naiz-ta ainbesterik ez, idatzi zuen or-emen, teatru-lanak bereziki. Ona garaienak:

        1) Damuba... garaiz (Tolosa, 1897). 37 orrialde. 1897'ko uztaillean, 3'tik 7'ra, euskal jaiak ospatu ziran Oiartzun'en; ba-ziran indar-neurtzeak ere idazleentzat, musikalarientzat eta bertsolarientzat, Donostia'ko Euskal-itz jostaldien Batzarreak Aldundiaren gurariz eta babesez jarrita. Egitarauak, 6'garren puntuan, onela zion: «Eun pezetako sari bat eta bitezarra, jostairuditar moldaerik onena, itz-neurtu edo larrietan eta Gipuzkoako euskal izkeran egiten duenari, gaia izan litekela ala negargarri nola pozgarri motakoa». B. Mokoroa'k jaso zuen sari au. 1909-12-21'an antzeztu zan lenengo aldiz Donostia'ko teatru printzipalean. Eta bere seme Justomari'k au: «Garai artan, etzan orain bezelako gauzarik bialtzen sari-billa! Ori ere aitortu bear degu... Ordun ezagutzera eman zuan bere izena Gipuzkoan; eta ori dala bide dei egin zion Azkuek ere bere ondora».

        2) Aitortu egin bear!, edo Guraso baten estuasunak! (Ibaizabal, 1902). Komeri polita. Ekintza bakarra du, ta amairu irudi. J.M. Mokoroa'k: «"Damuba garaiz"-en eta "Aitortu egin bear" izeneko bigarren teatru lanean ikusten da garbi, zer tajuzko gizona zan, zentzuz, biotzez eta gogo-giroz: burutik beatzetarañoko kristau-euskaldun jatorra. Gizarteko joan-etorrietan, ezagutu zuten guztiak ao batez esango lizuteke nik baño obetoago, gure aitaren ondoan etzaia arpegi goibelik iñon-asko ikusiko: ain zan iztun egokia, esale argi ta atsegiña, goieneko naiz beeneko maillakoekin noiz-nola jarduteko doai bereziduna» (Eskutitz batean).

        Ederki moldatzen ditu gaiak. Eta «Euskalzale»-n bakarrik, «Euskal-Erria»-n eta «Ibaizabal»-en argitara zitunak aitatu ez arren ere, 1898'garren urtean 36 lan ditu berak, eta 1899'garrenean, beste 30 bai beintzat. Bizi-bearrak nola muskiltzen ditun sarri gaitasunik bikaiñenak.

 

        KOPLARI— Itz-neurtuz ere idatzi al zigun? Bai, ta ez gutxi. Aitaturiko aldizkarietan dauzkazu mordoka. Jario aundiko euskera du kopletan ere. Sakon eta giarrak dituzu aren oldozkunak, ideiak; esan nai duena garden esaten dizu, iguiñik gabe ulertzeko gisan. Gorputz-bizia eman zion ama ederki goresten du, eta sendikoak eta erritarrak; eta euskal oitura zarrak. Irakur Oitura zarrak piztu deitzen duenetik iru ahapaldiok:

 

                Euskal-izkuntza maitea,

                daukagu zauriz betea,

                seme doillorrak nai dutelako

                Ama lurpean sartzea.

 

                Ama laztana, Ama biguña,

                Ama erru gabekoa

                Zure bularra edandakoak

                kendu naiean lepoa...

 

                Entzun utsak erdibi lezake

                biotz arrizkoa

 

                Nola ez irten erraietatik

                naigabezko deadarra,

                nabaiturikan Ama gaxoai

                begi-barrendik negarra?

 

        Ez, etzuen bere euskera ixekaz eta farraz betea nai. Esnatzeko danok —dio— ta begiak zabaldu, aintzin-oitura garbiak xuxpertu ta zabal-aziz. Otxandio'ko Arrese-Beitia aundiaren antzera, eztu nai «euskera gabe» bizi.

 

        (Ikus Euskal-Erria, 1897, 375 orr.; S. Onaindia, MEOE, 791 orr.: A.M. Labaien, Teatro Euskaro, II, 174 orr.; Auñamendi, Literatura, III, 232 orr.).

 

Bilaketa